www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

13. KAPITULUA

 

Tentazioneari gogor egiteaz.

 

        1. Mundu huntan gireno, atsegaberik eta gudurik gabe ezin gitazke izan. Hortakotz zion Job gizon sainduak: gizonaren bizia bururen buru da gudu.

        Beraz nork bere guduer buruz erne behar luke izan eta atzarririk othoitz egin, nondik lot aurki ez diezon debruak, debrua nehoiz ez baitago lo, bainan itzulika baitabil nor ausik. Nehor ez da hain saindu non ez duen noiztenka gudu; osoki tentazionerik gabe ezin gitazke.

 

        2. Guduak badira bizkitartean, gizonari maiz on handia dakartenak, nahi bezain akitgarriak eta dorpeak izanikan ere, gizona aphaltzen dutelakotz, garbitzen, trebatzen.

        Hanitz atsegabe eta gudu izanik daude saindu guziak eta bertutean aitzinatzeko baliatu zaizkote. Tentazioneak ezin jasan dituztenak aldiz, madarikatu izan dira eta galdu. Ordena hain saindurik ez da, ez toki hain gorderik, non ez den gudurik eta nahigaberik.

 

        3. Bizi deno, gizonik ez da osoki tentazionerik gabe, tentazioneak baduelakotz gu baitan hazkurri, jaidura tzarrez baikira sortzetik orhatuak. Gudu bat edo nahigabe bat itzal, bertze bat dathor; bethi badukegu zer jasan, gure lehenbiziko dohatsutasuna galdua dugunaz geroztik.

        Askok beren baitako gerlari ihes egitea bilhatzen dute, barnago baizik ez baitira han sartzen. Tentazionea ezin dezakegu garait ihes eginez bakharrik; jasankor izanez eta egiazki umil, gitazke etsai guzier nagusi.

 

        4. Erroak utzirik, gaizkiari axaletik baizik aztaparka lotzen ez dena, bertutean guti aitzinatuko da. Tentazioneak lasterrago bihurturen zaizko berriz eta gogorkiago dute joko.

        Khexatuz eta gogorki ihardukiz baino errexkiago, tentazioneak urrunduko ditutzu jasankor izanez eta, Jainkoaren laguntzarekin batean, iraunkor. Tentazionetan galda kontseilu maizago; tentazionetan denaren alderat ez izan muthiri, izaitekotz kontseilu emozu, zuhauri emaitea nahi zinuken bezala.

 

        5. Tentazione gaixto guzien ithurburua, bihotzaren ahulezia eta Jainkoaren alderateko fidantza ttipia: uhinek lemarik gabeko itsas-untzia harat eta hunat derabilaten bezala, tentazioneek berdin baiterabilate gizon ahul bere xedetan ez dagona.

        Suak frogatzen burdina; gizon zuzena tentazioneak. Gure ahala zonbatekoa baikaude maiz; tentazioneak dauku erakusten haren bethea. Atzar egoiteko dugu bizkitartean, guziz tentazionea jazartzerakoan: etsaia errexkiago garaituko dugu, arimaren barnerat sartzerat ez utziz, eta athea jo orduko hak, athean berean oldartzen bagitzaizkio.

        Hortakotz dio norbaitek: iharduk gaitzari, erroak egin aitzin; beranduz, sendagailu guziak debalde. Badathorkigu lehenik gogoeta bat, laster gu baitan itxura bat hartzen duena; gero itxura hortan nahaspilatzen zaiku bihotza; azkenekotz dathorkigu higidura tzarra, eta baimena. Etsai maltzurra hola sartzen da baratxe baratxe, hastetik ez gitzaizkolakotz bihurtzen. Nor-bera zonbat ere baita oldartzerat uzkurrago, hanbatez da egunetik egunerat ahulago; etsaia aldiz azkarrago.

 

        6. Batzuek zuzen-biderat itzuli berrian dituzte tentazione bortitzenak; bertze batzuek aldiz zuzenbidean gogortu direlarik. Bertze zonbaitek kasik bizi guzia guduka deramate; bakhar batzuer arinki zaizkote tentazioneak jazartzen; hoik oro Jainko guziz zuhur eta zuzenak nola duen nahi: Jainkoak bat-bederaren heinari eta merezimenduer baitiote behatzen, denak bere hautetsien onetan egi ten dituela.

 

        7. Ez dugu zeren etsi tentazionea jitearekin; izaitekotz, Jainkoa behar dugu are khartsukiago othoiztu, herstura guzietan gure laguntzerat jauts dadin. Jondoni Paulok diona: probetxurekin jalgiko gitu hortik, garaitzeko ahala emanik. Tentazione eta nahigabe guzietan beraz, Jainkoaren eskupean aphal dezagun burua, bihotzez umilak baititu Jaunak goratuko eta salbatuko.

 

        8. Tentazione eta nahigabeetan du gizonak ikusten nondik zertaratua den: hoitan da merezimendua handitzen eta bertutea hobeki agertzen. On eta khartsu izaitea ez da gaitz, nekerik gabe bizi denean; bainan, atsegabea jitearekin, bere burua umilki jasaiten duena, bertutean aitzinatzeari badagoke.

        Batzuek tentazione handienak garaitzen dituzte, egun orotako ttipietan behaztopatzen direnak; tentazione ttipietan hain ahul izaiteak umiliaturik, handietan beren indarrer sekula ez ditezen fida.

 

aurrekoa hurrengoa