www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

15. KAPITULUA

 

Gutizia ditazken gauzetan
nola ibil eta mintza.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, gauza guzietan hunela mintza zite: Jauna, zuk atsegin duzuna egin bedi. Jauna, holako gauza zuretzat ospe bada, zure izenean egin bedi. Holako gauza on duketala iduri bazaitzu, Jauna, egizu gauza hortaz balia nadin zure ospearentzat. Bainan nere arimak kalte eta galbide dukela ikusten baduzu, khen ezadazu haren gutizia.

        Ez dira ezen gutizia guziak Izpiritu Sainduaren ganikakoak, gizonak on eta zuzen kausiturik ere. Gaitz ere da jakitea xuxen, holako gauzaren gutiziatzerat nork zituen hertsatzen: aingeru onak ala gaixtoak, ala zuhauren gogoak berak. Asko, aingeru onak zerabiltzala iduri hastean-eta, enganaturik gelditu dira azkenean.

 

        2. Edozoin gauza gutiziatzearekin beraz, bethi Jainkoaren beldurrarekin eta umilki duzu gutiziatu behar hura eta galdatu; guziz, nere nahi sainduaren menerat aphaldurik, oro nere gain uzten ditutzula, diozularik: Zuk dakizu, Jauna, zer dutan hobe, egin bedi zuk nahi bezala. Emadazu nahi duzuna, nahi duzun izarian eta zuhauk nahi duzun tenorean. Egizu nitaz iduri zaitzuna, zer ere baitzaitzu on eta haren arabera, bethi zure ospe handienarentzat. Nahi duzun tokian ezar nezazu eta zernahitako har zerbitzaritzat. Zure eskuko niz, nahi duzun alderat itzul nezazu eta firurika. Horra non zure muthil nizan orotako; ez dut nahi neretzat bizi, bainan zuretzat bakharrik: agian behar bezala eta osoki!

 

        3. Jainkoaren nahiari daudenen OTHOITZA.

        O Jesus, guziz amultsua, emadazu othoi zure grazia, nerekin izan dadin, nerekin lanean ar eta nerekin egon bururaino. Egizu gutizia dezatan bethi eta onhar, zuk gehienik nahi duzuna eta atseginenik zaitzuna.

        Zure nahia izan dadila nerea, eta nere nahia zureari jarrai bekio, haren ganik baztertu gabe deusetan. Zuk nahiak eta ez nahiak bat egin bezate nik nahiekin eta ez nahiekin; eta zer nahi baituzu eta ez nahi, nik ez dezatala ni baitan bertze zerbaiten nahi ukaiteko edo ez nahi ukaiteko ahalik.

        Egizu munduko zer guzier hil nadin, bai eta laidoak eta esker tzarrak maita ditzatan. Egizu nahikari dituzketan guziak baino gorago daikitan zure baitako gozoa, eta nere bihotzak bere bakea zu baitan baizik ez dezan bilha.

        Zu zira bihotzaren egiazko bakea, zu haren pausa-leku bakharra; zutarik landa ez da atsegabe eta griñarik baizen. Bake hortan, erran nahi baitut zu baitan, Ontasun oso eta bakharra, o nere Jainkoa, ditut hartuko nere deskantsua eta nere loa. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa