www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN KAPITULUA

 

Jarrai Jesus Jaunari eta munduko

ezdeuskeria guziak erdeina.

 

        1. Jarraikitzen zaitana ez dabil ilhunbetan, dio Jaunak. Hitz hoitaz, Jesus Jaunak bere biziari eta bizi-moldeari jarraikitzerat deiezen gitu, bihotza egiazki argi eta itsumendu guzietarik garbi nahi badugu. Jesus Jaunaren bizia bekigu beraz gure gogoaren alhabide lehena.

        Jesusen erakaspena sainduen erakaspen guzier nagusi da; eta bere gogoa Jesusen arakoa lukeenak, hazkurri gorde bat aurki lezoke.

        Bainan gertatzen ohi dena: frangok, Ebanjelioa maiz entzuna gatik, haren obratzeko su gutixko dute, Jesusekilakoak ez direlakotz.

        Jesusen erranak osoki aditu nahi dituenak eta barnea hetaz goxatu, bere bizia harenaren arabera moldatu behar du lehiatuki.

 

        2. Trinitate Sainduko gauza gordeenez jakintsu bezala mintzatzetik zer dukezu, baldin umiltasun eskasez Trinitate Sainduari hastio bazaizko? Zinez, ez dute ez solas ederrek saindutzen eta zuzentzen gizona; bertuteari darraiona du bakharrik Jainkoak maite.

        Bekatuen urrikia nahiago dut bihotzean, jakintsuek hartaz zer dioten jakin baino.

Liburu Saindu guziak eta zuhur hitzak oro bazinazki ere gogoz, zer onbide zinuke, Jainkoaren amodiorik eta graziarik ez bazinu? Ezdeuskerien ezdeuskeriak eta oro ezdeuskeriak, Jainkoaren maitatzeaz, bakharrik Jainkoaren zerbitzatzeaz bertze guziak. Zuhurtziarik handiena, mundua oinkaturik zeruaren bilhatzea.

 

        3. Ezdeuskeria beraz, ontasun iragankorren bilhatzea eta hetan nork bere esperantzaren jartzea.

        Ezdeuskeria oraino, ohoren ondotik ibiltzea eta bizi-molde ospatsuetarat heltzea.

        Ezdeuskeria, gorputzaren nahikerier jarraikitzea eta geroxago hain garrazki gaztigatuak behar diren gauzen gutiziatzea.

        Ezdeuskeria, bizi luze baten agiantzea, eta bizitze on batez guti axolatzea.

        Ezdeuskeria, oraiko biziari xoilki gogo emaitea eta gerokoaz ez orhoitzea.

        Ezdeuskeria, hain laster iraganak direnen maitatzea eta bethiereko zorionaren arthazki ez bilhatzea.

 

        4. Erran huntaz orhoit zite ardura: begiak ez dira ikusiaz asetzen, ez eta beharriak entzunaz akitzen. Lur huntako zer guzien amodiotik begiratuki urrunt zazu beraz bihotza eta zerukoetarat altxa, gorputzaren irritser darraizkotenek kontzientzia lohitzen baitute eta Jainkoaren grazia galtzen.

 

aurrekoa hurrengoa