www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

11. KAPITULUA

 

Jesusen kurutzea gutik dutela maite.

 

        1. Zeruaren maitatzeko, lagun hanitz badu Jesusek, kurutzearen bizkarreratzeko, kontsolamenduak hanitzek dituzte nahi; atsegabeak, gutik. Harekin mahainean jartzeko, hanitz bada; harekin barur egiteko, guti. Guziek nahi dute harekin bozkariatu; harentzat jasan, nehor gutik.

        Hanitzak badarraizko ogi-hausteraino; gutiak, haren odolezko nigarretan ezpainen bustitzeraino. Haren mirakuluak hanitzek dituzte goresten; haren kurutzea gutik hartzen. Hanitzek Jesus maite dute, nahigaberik gertatzen ez zaioteno. Hanitzek Jesus goresten dute eta benedikatzen, haren ganik atsegin zerbait biltzen duteno. Bainan Jesus gordetzen bazaiote eta den gutien bat uzten baditu, edo erranguratzen dira edo sobera lotsatzen.

 

        2. Jesusentzat duenak Jesus maite, ez bere atseginaren gatik, Jesus benedikatzen du bere nahigabe eta herstura guzietan, atsegin handienetan bezala. Eta atseginik ez balaukio nehoiz igorri ere nahi, halere bethi gorets lezake eta eskerrak bethi bihurtu nahi litzozke.

 

        3. O zoin den indartsua Jesusen alderako amodio garbia, gure buruaren amodioarekin nahasia ez bada. Haren kontsolamenduen ondotik dabiltzanak, ez othe dira oro sariketariak deitu behar? Beren onari eta mainari gogoa josirik daukatenek, beren burua Jesus baino maiteago dutela ez othe dute ageri? Non nor kausi, Jainkoarentzat urririk ari nahi lukeena?

 

        4. Bakan gertatzen da jende bat aski khartsua, orotaz osoki gabeturik egoiteko. Non nor kausi, aberastasunari bihotzez ez datxikona eta kreatura guzier osoki uko eginik dagona? Urrun, lurraren zedarrietaraino behar du joan batek holakoaren aurkitzeko.

        Dituen guziak emanik ere gizonak, hori ez da deus; penitentzia handi bat eginik ere, hori deus guti da oraino; munduko jakitate guzien jabe izanikan ere, Jainkoa ganik urrun dago; bertute handienak eta khartsutasun beroena bereturik ere, hanitz eskas du oraino; gauza bat du eskas, bainan beretzat beharren beharrena. Zer bada? Guzier uko egin ondoan, bere buruari uko egitea, bere baitarik osoki atheratzea, eta bere buruaren amodiotik osoki buluztea.

 

        5. Bere jakinean egiteko zituen guziak egin ondoan, errotik sinets beza deusik ez duela egin oraino; iduriz handi dena, ez beza handitzat har, bainan aithor zinez zerbitzari alfer bat dela, Jesusek dionaren arabera: Manatu guziak egin-eta ere, errazue: zerbitzari alfer batzu gira. Orduan ditake gizona gogoz egiazki pobre eta guzietarik buluzia; orduan dezake profetarekin erran: Bakharrik niz munduan eta gabezia gorrian.

        Bere buruari eta bertze guzier uko egiten dakienak, bai eta bethi azken mailean egoiten, nehor ez du bera baino aberatsagorik hak, nehor ahaldunagorik, nehor libroagorik.

 

aurrekoa hurrengoa