www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. KAPITULUA

 

Aldareko sakramenduaren saindutasunaz.
Apheztasunaren goraz.

 

        1. JESUSEK. Aingeru bat bezain garbi eta Jondoni Joane bezain saindu bazina ere, Gorputz Sainduaren jateko ez zintazke gai, ez eta hunkitzeko bereko. Alabainan Jesusen Gorputzaren kontsekratzeko, hunkitzeko eta hazkurritzat aingeruen ogiaren hartzeko, nahi bezain saindu izanikan ere, gizonak ez duke zuzenik.

        O aphezen kargu espantagarria eta ohore paregabea, aingeruer ez bezalako ahala eman baitiotet! Eliza sainduak bere legeen arabera ordenatu aphezek daukate bakharrik, ezen, mezaren emaiteko eta Jesusen Gorputzaren kontsekratzeko ahala.

        Apheza Jainkoaren lekukoa da egiazki. Jainkoak erran eta manatuaren arabera, Jainko bezala da mintzo. Jainkoa da bizkitartean sakramendu horren obratzale nagusia, nehork ikusi gabe ari dena, oro haren nahi sainduaren azpiko direnaz geroz eta orok hak manatua dutelakotz egiten.

 

        2. Sakramendu guziz eder hortan, Jainko boteretsuak errana behar duzu sinetsi, ez zuhauk uste duzuna edo itxuretarik iduri zaitzuna: beraz ikhara saindu batekin eta jauspenekin behar zira aldare saindurat igan. Beha zure buruari eta ikus zer kargua eman dautzun aphezpikuak, bere eskuak zure gainerat hedatu dituelarik.

        Horra non ziren aphez, mezaren emaiteko eskuarekin: jarrai zite meza sainduaren khartsuki emaiteari, behar den tenorean, eta zure bizia dadila izan itzalik gabea. Zure eginbidea ez da hortakotz arinago; aitzitik, hertsiago dakarrazu uztarria eta bertze jauntzi batean zintazken baino sainduago behar zira. Aphez batek bertute guziez du edertzeko bere arima: bertzeer, bizitze garbi baten erakuspena du emaiteko. Ez da hala hulako jendeak bezala edo bertze arruntak bezala bizi behar, bainan zeruko aingeruak eta lurreko jende sainduenak bezala.

 

        3. Bere eliza-jauntziak soinean Jesusen lekuko, beretzat eta gizon guzientzat umilki eta minki othoitz egiteko da apheza. Aitzinean eta gibelean kurutzearen itxura dakar, Jesusen oinhazeez bethi dagoen orhoit. Aitzinean kurutzea: Jesusen urratser ontsa behaturik, jarraikitzerat khartsuki lehia dakioten. Gibelean kurutzea: bertzeen ganik heldu zaizkon atsegabeen eztiki jasaiteko Jainkoaren gatik. Aitzinean kurutzea: bere bekatuez nigar egiteko; gibelean kurutzea: bertzeak maitez, hauien bekatuez ere nigar egiteko; Jainkoaren eta bekatoreen ararteko Jesusek ezarria dela ez dezan bertzalde ahantz, eta, Jainkoaren urrikalmenezko grazia ardietsi arte, othoitz egitetik nola mezaren emaitetik ez dadien unha.

        Meza saindua emaitearekin aphezak Jainkoa goresten du, aingeruak bozkariatzen eta bera Elizaren gizon agertzen; biziak laguntzen ditu, hilak zoriontzen eta bera ongi guziez da jabetzen.

 

aurrekoa hurrengoa