www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

21. KAPITULUA

 

Jainkoa baitan behar dela egon,
bertze ontasun guzien gainetik.

 

        1. ARIMAK. Nere bihotza, gauza guzien gainetik eta gauza guzietan, goxa zite bethi Jauna baitan, hura bera da ezen Sainduen bethiereko gozoa.

        O Jesus, guziz ezti eta amultsua, egizu zu baitan kausi ditzatan nere ona eta bakea oroz gainetik ohore eta ospe, osagarri eta edertasun guzien gainetik; kargu eta nagusitasun, jakitate eta argi guzien gainetik; antze eta aberastasun, atsegin eta bozkario guzien gainetik; laudorio eta aiphamen, kontsolamendu eta gozotasun guzien gainetik; esperantza eta agintza, merezimendu eta gutizia guzien gainetik; ixur eta eman ditzazketzun emaitza guziengainetik; asma eta har ditzazkegun zorion guzien gainetik; azkenean aingeru eta zeruko oste guzien gainetik; ikus eta ezin ikus ditazken izaite guzien gainetik; hots, zutaz bertze guzien gainetik, o nere Jainkoa.

 

        2. Ezen, nere Jainko Jauna, zu zira guzietarik hoberena; zu xoilki guziz gora, zu xoilki guziz boteretsua; zu xoilki zuhaurentzat aski zirena eta nehoren beharrik ez duzuna; zu xoilki guziz amultsua eta gozoa; zu xoilki guziz aberatsa eta maite gitutzuna; zu xoilki guziz handi eta ospegarria; zu baitan dira ontasun guziak batean eta osoki; zu baitan izan dira ontasun guziak eta izanen bethi: hortakotz, zutaz emaiten dauzkitatzun bertze guziak ez zaizkit aski edo ttipiegi zaizkit; eta zure buruaz agertzen dauzkitatzunak eta agintzen, ez zaizkit aski, ez balin bazitut ikusten zu eta osoki neretzen.

        Nere bihotzak ezen onik ez duke zinez eta ez ditake osoki goza, non ez den zu baitan kokatzen, bai eta, ukantza eta kreatura guziez gorago, zure ganat altxatzen.

 

        3. O Jesus, nere adiskiderik minena, garbikienik maite nuzuna, mundu guziaren jabea eta nagusia, nere lokarriak nork hautsiko dauzkit, hegalak nork emanen, zuri buruz hegaldatzeko eta zu baitan kokatzeko? Noiz duket, nere Jainko Jauna, xoilki zuri so egoiteko eta zoin gozoa ziren ikusteko zoriona?

        Noiz othe niz ni baitan hainbertzetaraino bilduko non, zu maitez nere buruari ez bainiz ohartuko ere, bainan zu xoilki baitzitut gozatuko, nehork erran ez dezaken eta askok ezagutzen ez duten moldez?

        Intziraka nago maiz orai eta nere atsegabea hasperenka deramat nigargarriko haran huntan gaitz frango gertatzen baita, maiz nahasten, histen eta ilhuntzen nutenak. Gaitz hoiek nute ardura trabatzen eta barreiatzen, beren ganat hurrupatzen eta saretan sartzen, hola zure ganat jiterat ez bainute uzten eta dohatsuentzat dauzkatzun besarka gozoak khentzen baitauzkitate.

 

        4. Nere auhenek eta jasaiteko dutan gaitz andanak hunkiren zituzte agian, o Jesus, bethiereko ospearen iguzkia, mundu huntako arimen kontsolatzalea. Nere ezpainak mutu daude zure aitzinean; ixil daudelarik hek, nere bihotza zaitzu mintzo.

        Nere ganat jiterat-noiz arte beranduko du nere Jaunak? Bethor ni ganat, ni bere zerbitzari gaixo gaixoaren ganat, eta bozkarioz bethe nezala. Bere besoa heda biezat, eta, nizan dohakabea, herstura guzietarik nezala khen.

        Zato, zato: zu gabe ez baituket ez egun bat ez oren bat alegerarik, zu baitzira nere zoriona eta zu gabe nere mahaina hutsik baitagoke. Zure begitartearen argia nere azkartzerat, zure arpegi maitagarria nere lokarrien hausterat heldu ez deno, atsegabetan niz, presondegi batean oinak burdinez trabaturik bezala.

        Zu utzirik, nahi dutenaren ondotik ibil bedite bertzeak; nik, asteko, ez dut deusik maite ez nehoiz maitaturen zutaz bertzerik, zu nere Jainkoa, nere esperantza, nere bethiereko salbamendua. Ez niz ixilduko, ez othoitzetik baratuko, zure grazia berriz itzuli arte ni ganat eta zu nere bihotzari mintzatu arte.

        JESUSEK. Horra non nizan zure ganat jina, deitu nuzulakotz. Zure nigarrek eta zure arimaren nahikariek, zure umiltasunak eta bihotzeko urrikiak hautsi nute zure alderat eta jautsi zu ganat.

 

        5. ARIMAK. Deitu zitut, Jauna, eta zutaz gozatzea dut gutiziatu. Guzien oinkatzerat nago zure gatik: zure bilhatzerat zuhauk bainuzu hertsatu lehenik. Milesker beraz, Jauna, zure urrikalmendu nasaiaren arabera zure zerbitzariarentzat hain ona izan zirelakotz.

        Zure zerbitzariak zer duke egiteko, bere bekatuez eta ezdeustasunaz orhoituz zure aitzinean are gehiago aphaltzeaz bertzerik? Alabainan zeru-lurreko ikusgarri guzietan zure idurikorik ez da.

        Zure obrak guziz onak dira, zuzenak zure jujamenduak; guziak zuk eman bizipidetik dabiltza. Ohore beraz zuri eta ospe, o Aitaren zuhurtzia; nere mihiak, nere bihotzak eta izaite guziek benedika bezitzate eta gorets menderen mendetan.

 

aurrekoa hurrengoa