www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

12. KAPITULUA

 

Kurutze saindurako bideaz.

 

        1. Hanitzer idorra zaiote hitz hau: Uko egiozu zure buruari, har kurutzea eta jarra¡ Jesusi. Bainan ez othe da idorrago azken jujamendu eguneko hau: Nitarik urrun, madarikaluak, zoazte bethiereko surat? Kurutzearen ekartzeko manamendua orai beretik gogo onez entzuten duena eta bethetzen, bethiereko surat deraman hitzak ez du izituren.

        Horra zer gogoetaratuko duen zeruko kurutzeak, jujatzerat jinen delarik Jesus. Orduan kurutzearen zerbitzari guziak, Jesus kurutzefikatuari jarraiki zaizkonak, Jesus jujearen ganat fidantza handirekin hurbilduko dira.

 

        2. Kurutzearen eremaiteak zendako izitzen zitu, zeruko bidea izanki-ta? Kurutzean da salhamendua, kurutzean bizia, kurutzean etsaien kontrako geriza, kurutzean zerutikako gozoaren ithurburua, kurutzean arimaren indarra, kurutzean bihotzaren zoriona, kurutzean bertutearen goiena, kurutzean saindutasun osoa.

        Arimak ez duke salbamendurik, ez eta bethiereko biziaren esperantzarik, kurutzean baizik. Kurutzea harturik beraz, jarrai Jesusi, eta bethiereko bizirat helduko zira. Berak ereman du lehenik bere kurutzea eta zuretzat hil da kurutzearen gainean, zuk ere zure kurutzea ereman dezazun, eta kurutzearen gainean hiltzeko lehia dezazun ukan. Harekin hiltzen bazira, harekin ere zira biziko. Oinhazeetan haren lagun bazira, zeruko lorian ere haren lagun zira izanen.

 

        3. Bi alderdi baditu beraz kurutzeak eta kurutzearen gainean hiltzeak. Egiazko bizirat eta bihotzeko bakerat heltzeko bertze biderik ez da, kurutze sainduarekilakoa eta egun oroz hiltzezkoa baizik. Joan norat-nahi, iker bazter guziak, beha goiti, so beheiti, gainean bide hoberik ez duzu kausituko, ez eta beherean bide seguragorik, kurutze sainduaren bidea baino.

        Oro zure nahikunde eta xedeen arabera jiten bazaizkitzu ere, atsegaberik baizik ez duzu kausituko, zuk nahi ala ez, eta beraz bethi kurutzea duzu aurkituko. Alabainan bethi dukezu edo auhen gorputzean putzean edo nahigabe bihotzean.

 

        4. Batean Jainkoak zitu debalde utziko, bertzean gizonek zaphatuko. Gehiago dena, zuhau izanen zira zure buruari poxelu, eta bizkitartean ez duzu zure burua ezeztatzen edo arintzen ahalko, bainan Jainkoak nahi dueno jasan beharko. Jainkoak nahi du alabainan nekeen jasaiten ikas dezazun kontsolamendurik gabe, haren eskupean osoki jar ziten eta zu baitan umilago egon.

        Jesusen auhener nehor ez da hain minbera, auhen berak jasaiteko dituena bezala. Kurutzea beraz bethi xutik dago eta bethi zure bidean. Norat-nahi joan, kurutzeari ezin ihes egin: non-nahi, zure burua zurekin baderamazulakotz, zure burua duzu bethi kausituren. Itzul goiti, itzul beheiti, itzul kanporat, itzul barnerat, orotan kurutzea hatzemanen duzu; orotan baitezpada pazientzia hartu behar, bihotzeko bakea eta bethiereko saria nahi baditutzu.

 

        5. Kurutzea gogotik badakarrazu, hak ere ekarriko zitu zu eta helduko nahigaberik ez den lekuaren mugaraino; ez baita hura lur gainean. Kurutzea zinkurinaka eremanez, zure buruari zama bat gehiago diozu emaiten, eta bizkitartean berdin dukezu baitezpada ereman beharra. Kurutze bati ihes egiten badiozu, duda-mudarik gabe bertze bat aurkituko duzu, orobat dorpeagoa.

 

        6. Gizonetan nehork bazter ez dezakeena, zuk baztertzea uste duzu? Sainduen artean, bizi zireno, nor izan da kurutze eta nekerik gabe? Jesus Jaunak berak oren bat ez du iragan auhenik gabe mundu huntako egunetan: Kristok behar zuen, dio berak, baitezpada pairatu eta hiletarik piztu, eta bide hortaz bere ospean sartu. Kurutzearen errege-bide hortaz bertze biderik zendako bilha beraz zuk?

 

        7. Kurutze eta oinhaze izan da Jesusen bizi guzia: pausa eta zoriona zendako bilhatzen duzu zuk? Zure burua enganatzen duzu, enganatzen, bizi hilkor hau guzia nahigabez bethea, eskualde guzietarik kurutzez landatua izankita, atsegabeen jasaiteaz bertzerik bilhatzen baduzu.

        Bertutean nor ere baita barnago sartzen, hak berak maiz kurutze dorpeagoak ditu kausitzen, desterruak emaiten dion bihozmina Jainkoarentzat duen amodioak handitzen diolakotz.

 

        8. Bainan hola leherturik daukaten atsegabeen arintzeko ez du kontsolamendu eskasik, oharturik baitago kurutzearen jasaiteari ondorio hoberenak darraizkola. Kurutzea ezen gogo onez onhartzen duenetik, haren nahigabeek beren hazta galtzen dute, Jainkoak lagunduren duelako fidantzak ezeztatzen baitiote. Eta auhenek zonbat ere baitaukote gorputza lehertuago, hanbat ere bihotza Jainkoaren graziak azkarturik dauko.

        Jesus kurutzefikatuarekin eite nahiz, oinhazeak eta nahigabeak hain ditu maite, eta amodio horrek hainbertzetaraino du azkartzen, non ez bailuke auhen eta oinhazerik gabe bizi nahi: zonbat ere baitu nahigabe dorpe gehiago jasanen, Jainkoak hanbatez maiteago duela daukalakotz.

        Segurantza hori Jesusen graziak dakar, ez gizonaren bertuteak; graziak gure gorputz ahulean badu hainbertze ahal eta indar, non, bere jitez higuin zituen eta bazter uzten zituenak oro, gizonak eskatzen baititu eta maitatzen, bihotza berorik.

 

        9. Kurutzearen jasaitea, haren maitatzea, gorputzaren heztea eta arimaren meneko ezartzea, ohorer ihes egitea, laidoen gogotik onhartzea, bere buruaren gutiestea eta bertzeek gutiets dezaten agiantzea, kalte eta nahigabe guzien gogotik hartzea, lurreko ontasunen gutiziarik batere ez ukaitea, hoik oro ez doazko gizonaren jiteari.

        Hoien egiteko zure indarrer bazaude, deusik ez duzu eginen ahalko. Bainan Jainkoari bermatzen bazira, zerutik igorriko dautzu hak indarra, eta bai mundua bai zure gorputza garaituko ditutzu. Fedea balin bada zure erredola, eta kurutzea zure eskuetako makila, debruak ere —zure etsaiak— ez zitu izituko.

 

        10. Beraz Jesusen zerbitzari on eta leial bati doakon bezala, kurutzearen gizonki eremaiteko erne zaude, Jesus, zu maitez, kurutze baten gainean hil denaz geroz. Hanitz atsegabe eta nahigabeen jasaiterat zaude mundu hits huntan; non-nahi izan, bertzerik ez dukezu; non-nahi gorde, bertzerik ez dezakezu aurki. Ezin begira zitazkenaz geroz, gaitz hoien gogotik jasaitea duzu ihes-bide bakharra. Jaunaren kalitzatik edazu gogotik, haren adiskide nahi bazira eta zeruan nahi baduzu harekin jarri.

        Kontsolamenduak utz Jainkoaren gain, berak nahi bezala eman dietzatzun. Nahigabeen jasaiteari zaude zu eta sinets kontsolamendu handiena duzula hor; ezen lur huntako oinhazeak ez dira zeruko loriaren bethe, zeurez zeure jasaiten ahal bazinitu ere guziak.

 

        11. Atsegabea, Jesus maitez, on eta gozo kausitzen duzunean, dohatsu zu: mundu huntan berean baituzu kausitu zerua. Nahigabeen jasaitea gogor zaitzuno eta heier ihes egitea duzuno bilhatzen, dohakabe zu: urrundu nahi duzun atsegabea jarraikiren baitaitzu bethi.

 

        12. Nahigabeak jasan behar ditutzunaz geroz eta ororen buruan hil, —jasaiteari bermatzen bazira eta ontsa hiltzeari jartzen, laster hobetuko zira eta bakea kausituko duzu. Jondoni Paulo bezala hirugarren zeruraino altxatua bazina ere, nahigabe bihirik ez jasaitea batere ez zinuke segura. Nik, dio Jesusek, erakutsiko diot nere izenaren gatik zonbat behar duen jasan.

        Zure egiteko bakharra beraz nahigabeen jasaitea da, Jesus maitatu nahi baduzu eta bethi zerbitzatu.

 

        13. Ai! Jesusen gatik zerbaiten jasaiteko on bazina, zer ohorea zuretzat! Zer bozkarioa luketen Jainkoaren saindu guziek, zer erakuspen ederrak zure lagunek! Guziek pazientzia goresten, gutik ordean hartzen.

        Zonbait atsegabe ttipi Jesusentzat jasan dezazun ez othe litake zuzen, hainbertzek munduarentzat handiagoak jasaiten dituztelarik?

 

        14. Sinets errotik zure biziak egunetik egunerako heriotze bat behar duela izan. Eta nor zonbat ere baita bere buruaren alderat gehiago hiltzen, hanbatez da geroago azkarrago Jainkoarentzat bizitzen hasten. Zeruko gauzen aditzeko nehor ez da on, non ez dituen atsegabeak Jesusen gatik umilki jasaiten.

        Jainkoari deus ez zaio laketago, zuhaurentzat deus ez da hoberik, Jesusen gatik gogo onez pairatzea baino. Bietarik batean, kontsolamenduen ukaitea baino, Jesusen gatik atsegabeen jasaitea maiteago behar zinuke; hola eite gehiago bazinuke Jesusekin eta iduriago zinitake saindu guziekin. Zure merezimendua, ezen, eta aitzinamendua ez datxizkote kontsolamenduer eta atseginer, bainan atsegabe handier eta hauien Jesusentzat gogo onez jasaiteari.

 

        15. Pairatzea baino hoberik balitz gizonaren salbamenduko, segur Jesusek hitzez eta obraz erakutsi zaikuken. Bere dizipuluak, ezen, eta jarraiki nahi zaizkon guziak kurutzearen bizkarreratzerat garbiki deitzen ditu, diotelarik: Nor ere nahi baita nere ondotik jin, bere buruari uko egin bezo eta, kurutzea harturik, jarrai bekit.

        Guziak irakurtu eta ikertu ondoan, hitz hau bekizu buruan geldi: hanitz atsegabe behar dela jasan, Jainkoaren erresuman sartzeko.

 

aurrekoa hurrengoa