www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

46. KAPITULUA

 

Jainkoari girela bermatu behar,
mihi gaixtoek jorratzen gituztelarik.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, tente zaude ni baitan eta berma zite niri. Elheak zer dira, elhe baizik? Airea jotzen dute, bainan harria ez hausten. Hobendun bazira, orhoit zure nahikaria zure hutsetarik zuzentzea behar dela izan. Bihotzean deus errangurarik ez baduzu, erabil gogoan mihixixtak bihotz onez behar ditutzula jasan, Jainkoaren gatik.

        Erauntsi handirik oraino ezin jasan-eta, sobera othe zaitzu noiz edo noiz elhe gaixto zonbaiten jaisaitea? Holako gauza ttipiek zendako dautzute bihotza jotzen, baizik haragiaren menean zirelakotz oraino eta gizoner behar baino gehiago diozutelakotz behatzen? Jendeek gutiets zitzaten beldur zirelakotz, duzu zure hutsentzat erasiarik ez nahi, eta estakuru bilha zabiltza heien estaltzeko.

 

        2. Bainan zeure buruari behatuz hobeki, onhartuko duzu mundua zure bihotzean bizi dela oraino, bai eta gizonen errankizunek gogoetatzen zituztela. Alabainan, zure hutsentzat ez duzunaz geroz erasiarik ez larderiarik onhartu nahi, ageri duzu garbiki ez zirela oraino egiazki umil; ez eta munduari ez zirela egiazki hila, ez eta mundua zuretzat.

        Nere hitza entzun zazu, eta jendeen hamar mila elheez ez dukezu axolarik. Ditazken elhe tzarrenak zuretzat erranik ere jendeek, zer kalte zinuke, lasto-fits baten pare airez aire haizeak ereman ditzan uzten bazinitu? Burutik hilo bat bera khentzen ahal othe dautzute?

 

        3. Bihotza khartsu ez duena eta Jainkoa begien aitzinean ez daukana, erasia txar batek errexki du asaldatzen. Niri bermatzen denak aldiz eta bere hartan egon beharrez ez dabilanak, gizonen beldurrik ez duke. Juje ni niz ezen, nik ditut gauza gordeenak ezagutzen; badakit nik gauza non nola gertatu den, laidoa nork nori duen egin.

        Holako elhea nere ganik jin zaitzu, holako gauza nere haiarekin gertatu, hanitzen bihotzean gorderik zauden gogoetak argi betherat ager zitezen. Hobenduna eta hobengabea nik ditut egun batez jujaturen; bainan nihauk dakitan jujamendu gorde batez nahi ukan ditut, aitzinetik, bat eta bertzea haztatu.

 

        4. Gizonen lekukotasuna maiz enganakorra, nere jujamendua aldiz egia: bethi bera egonen da eta ez da kordokatuko. Ardura gorderik dago, jende bakhar batzuer diotet xoilki agertzen gertakari bakotxean, bainan nehoiz ez du enganatzen, ez enganatze ahal, zuhurtziarik gabekoer ez dela zuzena iduriturik ere. Edozeren jujatzea bego beraz nere gain; ez bedi hortan nehor bere burutarik sar.

        Jende zuzena ez da nahasiko, zernahi gerta dakion Jainkoaren nahiz. Ez duke axola handirik, hoben emaiten badiote ere jendeek zuzengabeki. Eta bertze batzu, alde jarririk, heltzen bazaizko xuritzerat, ez da ere horrengatik zoroki bozkariaturen. Orhoit da hura nik bakharrik dakitala bihoiz eta gerruntze barneen ikertzen, eta ez dutala axaleko idurien eta itxuren arabera jujatzen. Maiz jendeek laudagarri daukatena, niri osoki gaizki zait.

 

        5. ARIMAK. O Jainko Jauna, juje zuzen, azkar eta jasankorra, gizonen ahuleziaren eta tzarkeriaren berri dakizuna, izan zite othoi nere indarra eta nere zurkaitza, ezen nere bihotzaren lekukotasuna ez zait aski. Zuk badakizu nik ez dakitana: erasia guziak beraz umilki behar nituen hartu eta ezti-eztia jasan.

        Barka ezadazu othoi, hola egin ez dutan aldi guzientzat, eta pazientziarekin jasaiteko grazia emadazu ausarkiago. Barkamenduaren ardiesteko hobe segur zure urrikalmendu nasaia, nere kontzientzia uherraren xuritzeko duketan alegiazko zuzentasuna baino. Bihotzean deus errangurarik ez ukanikan ere, ez dut hori aski bizkitartean zuzen izaiteko: zure urrikaria khen, gizonetarik nehor ez baita saindu zure aitzinean.

 

aurrekoa hurrengoa