www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

4. KAPITULUA

 

Komunione khartsuari darraizkon ondorio onak.

 

        1. ARIMAK. Nere Jainko Jauna, zure zerbitzariaren bihotzerat ixurkitzu zure grazia gozoenak, zure sakramendu guziz eder hortarat khartsuki hurbiltzeko on izan nadin. Zuri buruz susta ezadazu bihotza eta nere nagikeria leletik iratzar nezazu. Nere ikusterat zato zure grazia salba arriekin: sakramendu horrek, bere ithurburuan bezala, gorderik daukan zure gozotasuna jasta dezatan eta goza gogoz eta bihotzez. Argizkitzu nere begiak ere sakramendu paregabe horren begiresteko; azkar zazu nere bihotza, duda-mudarik gabeko fede batekin dezatan sinets sakramendu horri datxikon misterioa.

        Sakramendu hori zure obra da, ez gizonena; zuk egina duzu, ez gizonek asmatua. Sakramendu horren asmatzeko eta adimentzeko, berez bere nehor ez da on, aingeruen beren adimenduaz gorago baita. Nondik beraz nik, bekatore zarpail, hauts eta erhauts baizik ez nizanak, nondik zer dezaket misterio handi hortan ezagut eta adi?

 

        2. Jauna, laño bihotza, fedea azkar bezain umil, eta zuk manatu dautazulakotz, fidantza eta jauspen handienarekin heldu nitzaitzu zinez sinesten dut hemen zirela sakramendu huntan Jainko eta gizon. Nere bihotzerat jautsi nahi zira, amodioz zuri nahi nuzu josi. Zuri othoitzean nago beraz, Jainko guziz amultsua, eta grazia berezi bat minki galdatzen dautzut: zu maitez urt nadin eta suntsi zu baitan, zutaz kanpo kontsolamendu den gutienik ez dezatan bilha.

        Sakramendu guziz handi eta saindu hau, alabainan, gorputzaren eta arimaren salbamendua da eta bihotzaren eritasun guzien sendagailua; horrek ditu aztura tzarrak xuxentzen, ematzen jite bortitza, tentazioneak ezeztatzen edo ahultzen, grazia handiagoak ixurtzen bihotzerat, bertutea gotortzen, fedeari finkatzen erroak, indar emaiten esperantzari, sustatzen amodioa eta zabaltzen.

 

        3. Sakramendu hortan zonbat grazia ez duzu eman, bai eta egun guziez oraino emaiten, khartsuki komuniatzen duten zure adiskide maiteer, nere Jainko Jauna, zu nere arimaren zurkaitz bakharra, gure ahuleziaren sendatzalea eta arimako atsegin guzien ithurburua. Nahigabe mota guzien jasaiteko, hanitz kontsolamendu diozute emaiten: lotsatuak daudelarik, zuk gerizaturen ditutzulako esperantzarekin altxatzen ditutzu; —grazia berri zonbaitekin bihotza azkartzen diozute eta argitzen; eta hola, komuniatu aitzin griñatsu eta ephel zaudenak, zerutikako hazkurriak azkarturik aitzinean baino hobeak direla ohartzen dira.

        Zure hautietsekin zuhurki ari zira hola: berak ohar ditezen garbiki eta onhar dezaten zinez beren baitarik zoin ahulak diren, eta zuri esker zer graziak eta ongiak beretzen dituzten, berenaz hotz, gogor, idor zirenak lehen, zuri esker berotzen, ernatzen, khartsutzen baitira.

        Zu ganat, o gozo guzien ithurburua, nor hurbil ditake umilki, eztiago itzuli gabe? Su handi baten ondoan nor dagoke, berotu gabe aphur bat? Zu zira ithurburua, bethi betherik gaindika dariona; zu, bethi garretan dagon ezin iraungizko sua.

 

        4. Gaindika bethea den ithurri hortan hurrupatzerat eta ase artio edaterat haizu ez baniz, bederen ezpainez tinki lotuko niz uraren aska-xiloari, eta han, ahal bezala, xortaño zonbait xurgaturen ditut nere egarriaren hausteko, egarriarekin ez zizpiltzeko. Ez badut oraino aingeruen garbitasuna eta sua, egin-ahalak ditut eginen halere khartsutzeko eta bihotzaren aphaintzeko; bizia emaiten duen sakramendu hori umilki hartzearekin, zeruko su handitik pindarño bat bedere dezatan bil.

        O Jesus ona, Salbatzale guziz saindua, zure graziarekin bethe zazu othoi nihauk eskas dutana, —edozoini dei egiteko aski ona izan zirenaz geroz, ziniolarik: Zatozte ni ganat, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet.

 

        5. Bai segur, nekeetan niz ni, begitartea izerdi dut, bihotza hersturetan; bekatuek lehertua naukate, tentazioneek lotsatua, mila jaidura tzarrek tinkatzen nute eta nekatzen. Nehork ez nu laguntzen ahal, nehork ez nezake lohitik athera zuk baizik, nere Salbatzale Jainko Jauna; nizan guzia, ditutan guziak zure gain uzten dauzkitzut, begira nezazun eta bethiereko bizirat hel.

        Har eta onhar nezazu beraz, zure Izen sainduaren ohoretan, zure Gorputza hazkurritzat, eta edaritzat zure Odola eskaini dauzkitatzunaz geroz. Egizu, Jainko Jauna, nere Salbatzalea, zure sakramendu hortarat maiz hurbilduz nere khartsutasuna geroago handiago jar dadin eta beroago.

 

aurrekoa hurrengoa