www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

55. KAPITULUA

 

Gure jitearen tzarraz eta
graziaren ondorio onez.

 

        1. ARIMAK. Nere Jainko Jauna, zure eite eta idurirat egin nuzuna, emadazu, othoi, nere salbamenduko hain baitezpadakoa erakutsi dautazun grazia handi hori, nere jite tzar, bekaturat eta galbidetarat herrestan neramana hez dezatan. Nere gorputzean sendi dut alabainan bekatuaren legea, arimaren legeari aiher dagona eta nere gutizia tzarren bethetzerat neramana, nahi badut ala ez. Nere jaidura tzarrer ez dezaket iharduk, zure grazia saindua bihotzerat bero beroa ixuriz laguntzen ez banuzu.

 

        2. Zure graziaren beharretan niz eta behar handitan, nere jite, haurzarotik gaizkirat ixuria dagonaren garaitzeko. Adam lehen gizonaren bekatuak kotsatu du gure jitea. Haren hutsaren ondorio gaixtoa jautsi da gizon guzien gainerat. Oro lehertuak gauzka. On eta zuzen egina zinuen naturalezak, arbasoaren bekatutik ahulezia dakar eta makurkeria. Bere gain utziz, ez doake makur baizik, lurreko gauzetarat eroriz buruz behera. Gelditu zaion ahal izpiak iduri du hauspean gorde pindarñoa.

        Ahal ttipi hori sortzetik dugun adimendua da, hedoi lodi batzuek alde orotarik inguratua. Badaki oraino ongiaren berexten gaizkitik, gezurretik ere ba egiaren, bainan ontsa zaionaren obratzeko ez du ordean ahalik: egiaren argi bethea ez baitauka arren bere baitan eta bihotzeko kharra ez baitu osoki garbia.

 

        3. Hortako dut bada, Jauna, gizon khartsu bezala zure legean atsegin hartzen; hortako niz ohartzen zure manamenduak onak direla, zuzenak eta sainduak, gaizkia gaitzesten dutelakotz eta gutarik bakotxa bekatutik zeihartzen. Bainan nere larruaren barnean, bekatuaren legeak bere lokarriez tinkatua nauka adimenduari baino jarraikiago niz gorputzeko nahikerier.

        Hortako dut ni bailan ongiaren gutizia, bainan ezin egina era ba. Hortako ditut xede onak hartzen ardura; bainan nere ahulezia zurkaizten duen grazia eskasten zaitanean, den trabarik ttipienari amor emaiten diot eta erortzen niz. Saindutasunerako bidea itsu-mandoka hatzemaiten dut, garbiki ikusten orduan zer dutan egiteko; bainan, nere ustelduraren haztak lehertua, ez nitake deusetan ont osoki.

 

        4. Oi Jauna, zure graziaren zer behar handitan nizan, ontzen hasteko, onbideari jarraikitzeko, onbidearen bururaino heltzeko! Hura gabe, ezen, deusik ez dezaket; zu baitan ordean urrats on guzien egiteko ahala badut, zure grazia lagun.

        O zinez zerutikako grazia, nehork merezimendurik ez baitu hura gabe; hura gabe sortzez ditugun dohainak ez dira deus. Jakitate, aberastasun, edertasun, indar, antze, aho eder, hoik oro, Jauna, graziarik gabe deus ez dira zure begietako. Naturalezako dohainak erkide dira alabainan onentzat nola gaixtoentzat; bainan grazia ala karitaterako lehia hautetsiek dute bakharrik ukaiten dohainez; hartarik dira ezagun bethiereko biziaz gai direnak.

        Grazia hain da gauza handia non, hura gabe, geroaren asmatzeko ahala, mirakulu egitekoa, Jainkoaren begirestekoa bera deus ez baitira. Zer diot? Ez fedea ere, ez esperantza, ez bertze bertuteak ez zaizkitzu laket, grazia eta karitaterik gabe.

 

        5. O grazia guziz dohatsua, adimendu laburreko gizona bertutez aberasten duzuna eta ontasun handienen jabea umiltzen, zato, jauts zite ni ganat; zure kontsolamenduez bethe nezazu goizean jeiki orduko, agortasunak sobera akiturik etsi ez dezan nere bihotzak.

        Othoi, othoi, Jauna, urrikal zakizkit: zure grazia aski dut alabainan, jitez nahi dutana ez ardietxirk ere.Guduek eta hersturek leherturik ere, gaitz bihi baten beldurrik ez duket, zure grazia nerekin dutano. Hura da nere indarra; hura, nere argia eta laguntza. Etsai guzier nagusi da indarrez; jende zuhur guzier, zuhurrez. Hak du erakasten egia, bizia hak oneratzen, argitzen bihotza eta hersturetan jabaltzen; hak ditu ilhundurak arintzen. beldurra khentzen, othoitzerako kharrari hazkurri emaiten; hak jauz-arazten urrikiaren nigarrak.

        Hura gabe zer niz ni, doi-doi suko on den egur eihar bat baizik? Aitzin-biderat jinik, zure graziak bethi lagunt nezala beraz, Jauna; hertsatuki neramala obra onetarat: deiadar egiten dautzut, Jesu-Kristo zure Semearen bitartez. Hala biz.

 

aurrekoa hurrengoa