www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

20. KAPITULUA

 

Nork bere ahuleziaren aithortzeaz,
eta bizi huntako nahigabeez.

 

        1. ARIMAK. Nere hobena aithortuko dautzut, Jauna, aithortuko ere ba nere ahulezia. Ardura ezdeus bat aski dut histeko eta etsitzeko. Lehia badut orai bertutean gogor egoiteko, bainan sarri, tentazionerik ttipiena jin den ber, herstura handi baterat aurtikitzen nu. Ardura gauzarik ttipienak, ezdeuskeria batek indarrean baderamakit gogoa gaizkirat. Eta deus ez dutalarik hautemaiten ni baitan; guti edo aski atherbean nagolarik nere ustez, horra haizexka batek aurtikitzen nuela kasik.

        2. Behozu bada, Jauna, nere ezdeustasunari eta hoinbertze ageri den nere ahuleziazko ezin-ihardukiari; urrikal zakizkit eta athera nezazu lohitik, ez nadin han leporaino sartua sekulakotz geldi.

        Ardura histen nuena eta ahalgetzen zure aitzinean, da ikustea zoin erorkor nizan eta nere azturer ihardukitzeko zoin malet. Eta aztura hoier baimen osorik ez emanik ere, hoien jasaitea bizkitartean dorpe zait eta akitgarri, eta hoiekin bethi borroka bizitzeak nardatzen nu.

        Huntarik zait nere herbailkeria hobekienik ageri: gogoeta ahalgegarriak jiten baitzaizkit, urruntzen zaizkitan baino errexkiago.

 

        3. O Israelgo Jainko guziz azkarra, giristinoen arimak hain samurki maite ditutzuna, beha zozute othoi zure zerbitzariaren lanari eta griñari, eta bere behar-ordu guzietan hel zakizkio.

        Zerutik igor ezadazu zure indarra, gizon berriari nagusi ez dakion zaharra; ez eta arimari, oraino osoki bere meneko ez daukan gorputz lerrakorra, gorputz horri beharko bainiz jazarri, bizi dohakabe huntan hatsa dueno. Zer othe da zorigaitzezko bizi hau, nondik-nahi atsegabez eta kurutzez bethea, alde orotarik artek eta etsaiek inguratua den bezalako hau? Atsegabe bat itzal, bertze bat dathor abian; eta maiz lehenarekin borroka ari nizalarik, huna non dutan bertze andana bat uste gabean heldua gainerat.

 

        4. Hoin kiretsa, hoinbertze zorigaitzez eta nahigabez bethea izanki-ta, bizi hau nola ditake bada maita? Hoinbertze heriotze eta izurriteen ithurburua, nola deitzen othe dugu ere bizia? Bizi hau bizkitartean hanitzek maite dute eta beren atsegina bizi huntan bilhatzen.

        Mundu hau zoin ezdeusa den eta enganakorra maiz artzen gira erraiten, bizkitartean ez diogu uko egiten errexki, jaidura tzarrak nagusituegiak ditugulakotz. Gauza batzuek munduaren maitatzerat geramatzate, bertze zonbaitek aldiz erdeinatzerat. Gorputzaren nahikeriek, begietako atseginek eta bizitzeko urguluak munduaren maitatzerat deramate; baiñan, zuzen bezala, hoier darraizkoten atsegabeek eta bihozminek munduaren hastiatzerat eta higuintzerat.

 

        5. Bainan ondikotz munduari datxikon bihotzaren barnean atsegin tzarrak dira nagusitzen, lore xoragarri baitauzka han bildu arrantzeak, zeren ez duen ikusi ez jastatu Jainkoa zoin den gozoa, eta zoin maitagarria bertutea.

        Mundua osoki erdeinatzen dutenek eta Jainkoarentzat sainduki bizitzerat lehiatzen direnek, Jainkoa zoin den gozoa badakite segur, Jainkoak munduari zinez uko egiten dutener hitzemanaren arabera; eta ezin hobeki ohartzen dira mundua zoin itsuski eta zonbat gisaz den enganatzen eta duen enganatzen.

 

aurrekoa hurrengoa