www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

7. KAPITULUA

 

Kontzientziaren ikertzeaz
eta hobetzeko xede zinaz.

 

        1. JESUSEK. Oroz lehen, bihotza zinez umil, jauspen aphalenarekin, fede osoaz betherik eta Jainkoaren goresteko xede khartsuenarekin du behar aphezak aldare saindurat hurbildu misterio sainduen obratzeko, Jesusen Gorputzaren hunkitzeko eta bere baitaratzeko.

        Iker xeheki zure kontzientzia eta, egiazko urriki eta kobesio umil baten bidez, ahal bezanbat garbi zazu eta argi zure bihotza; haletan non, zure bekatuen zamaz arindurík, nahasmendu eta errangurarik gabe hurbil baitzitazken ni ganat. Duzula barnatik urriki zure bizi guziko bekatuez, bainan bereziki zure egun orotako hutsez, eta epherik aski balin baduzu, bihotzez aithor Jainkoari zure jaidura tzarretarik dituzketzun arimako ithatxurak.

 

        2. Egizu nigar eta auhen, gorputzeko atseginetarat hain ixuria zirelakotz oraino eta munduari hain josia; zure azturak hain guti direlakotz heziak; gutizia likitsez hain zirelakotz bethea; zure gogo-bihotzen zaintzerat hain ezazol; mila amets ergelek hain ardura lilluratua; kanpoko gauzetarat hain barreiakor, barneko bildutasunerat hain hurri; irri egiterat eta jostatzerat bain zalu, nigar egiterat eta urrikitzerat hain uzkur; ezazoltzerat eta gurikerialat hain lehiatsu, gorputzaren nekatzerat eta arimaren khartsutzerat hain nagi; berrien ikasteko eta ezdeuskeria batzuen ikusteko hain begi-luze, ahalge eta laido jasaiteko izipera; ontasun hanitzen biltzerat hain aztaparkari; emaiteko hain zikoitz, atxikitzeko hain tinki; solasetan hain arin, ixilik egoiteari hain bihurri; zure bizimoldean hain harro, zure urratsetan hain bazter-nahasle; jan-edanetan hain sabelkoi; Jainkoaren hitzaren entzuteko hain elkor; lanaren uzterat hain lerrakor, lan egiterat hain muthiri; kondera perttolietarat hain atzarri, gaubeila sainduetan hain logale; hok noiz bururatuko diren hain khexu dirauteno, othoitzetik gogoa hain urrun; meza emaitean hain xoriburu, eliza-othoitzetan hain ephel, komuniatzean hain agor; inguruetarat gogoa hain zeiharkor, hain bakan zure baitan osoki bildua; hain laster odola jauzia, lagunari zimiko egiterat hain trebe, gaizkiari ohartzeko hain begi-zorrotz, larderian hain garratz; atseginetan hain airos, atsegabeetan hain bihozgabe; xede onen hartzerat hain erne eta hauien bethetzerat hain nagi!

 

        3. Urrikia bihotzean hutz hoik eta gaineratekoak aithortu ondoan, zure ahuleziaz auhen ela bihozmin duzula, xede zin bat har zazu hobeki bezitzeko eta bertutean urratsez urrats aitzinatzeko. Gero zeure baitan bihotzaren erditik eta zabalki, aldare gain batean bezala, behin bethikotz zure buruaren eskaintza osoa egidazu nere Izen sainduaren ohoretan, zure gorputz eta arima nere eskuko uzten ditutzula arrunt: ara hortaz Meza sainduaren emaiteko gai izan ziten eta nere Gorputz Sainduaren hartzeko zure salbamenduaren onetan.

 

        4. Alabainan ez da Jainkoari doazkon eskaintzetan ederragorik ez eta bekatuen garbitzeko bide hoberik, mezan eta komunionean Jesusen Gorputza eskaintzearekin batean nork bere buruaren garbiki eta osoki eskaintzea baino.

        Egin-ahala egiten badu gizonak eta bere bekatuez egiazko urrikia balin badu, barkamendu eta grazia galdez heldu zaitaneko, hitzemaiten diot nik —biziaren Jainkoa niz ni, ezen, eta ez dut bekatorearen heriotzea nahi, bainan ba ni ganat itzulirik sainduki dadin bizi— hitzemaiten diot haren bekatuez ez nizala gehiago orhoituren, bainan oro barkaturen daizkotala.

 

aurrekoa hurrengoa