www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. KAPITULUA

 

Egiaren erakaspenaz.

 

        1. Dohatsu Egia bera duena erakasle; Egia, ez itxuraz eta hitz joankorrez, bainan den bezala ikasten duena!

        Gure gogo-bihotzek enganatzen gituzte maiz, behakoa labur baitute.

        Gauza gorde batzu jakin beharrez ibiltzetik zer dukegu? Ezjakinaz ez gitazke berdin Jainkoaren begietan hobendun.

        Zer zorokeria, gauza beharrenak bazterrerat utzirik, alferren eta galgarrien ondotik ibiltzea! Begiak ba eta ez dugu ikusten; jakintsuen arteko eztabadez zergatik axola gu?

        Bethiereko Hitza edo Berboa entzuten duena, asko eztabada alferretarik kanpo dago. Guzien ithurburua da Berboa; eta izaite guziak hartaz bakharrik dira mintzo, hura baita guzien hastapen, guhauri mintzo zaikuna.

        Hura gabe nehork deus ez du aditzen; nehork ez zuzenki jujatzen.

        Oro Berboari itzultzen dituena, oro Berboaren ganat bihurtzen, oro Berboaren baitan ikusten, bihotza azkar dagoke hura bai eta bakean Jainkoa baitan.

        O Jainko ziren Egia, bat nezazu zurekin bethiereko amodioan. Asko gauzen irakurtzea eta entzutea hastio zait; zu baitan daude nik nahi eta lehiatzen ditutanak oro. Ixil bedite jakintsu guziak, ixil kreatura guziak zure aitzinean: bakharrik zu mintza zakizkit.

 

        2. Zonbat ere baita bilduago norbait eta bihotzez lañoago, hanbatez du hak nekerik gabe gehiago eta barnago aditzen, haren adimenduak zerutik baitauka bere argia. Garbi, laño eta bakean dagon bihotza ez du lan hanitzak barreiatzen, den guzia Jainkoaren ospearentzat duelakotz egiten eta bere buruarekilako estekarik gabe bizitzerat lehiatzen delakotz.

        Zure bihotzeko khar basak baino gehiago, zerk zitu koropilatzen eta nahasten?

        Gizon zuhur khartsuak bere egitekoak gogoan ontsa orhatzen ditu, kanporat ager aitzin. Ez dabil hura norat ixurki harat errexki, bainan non zer den zuzen eta harat du jotzen.

        Bere buruaren hezterat lehiatzen denak baino gudu bortitzagorik nork du? Gure buruaren garaitzea, egunetik egunerat hartaz jabeagotzea eta egun oroz ongian urrats baten egitea, ontsalaz horra zer behar litaken gure lana.

 

        3. Lur huntako zerek, nahi bezain onak eta itzal-gabeak izanikan ere, zerbait buztan tzar badakarte denek, eta gure argi guziek zerbait ilhunbe.

        Bere burua den bezain xume ezagutzen duena, Jainkoaren ganat joaki, zer-nahi ikasi beharrez dabilana baino xuxenago. Lañoki ikastea eta jakitea ez da berez tzarra; on da eta Jainkoaren gogorako; kontzientzia zuzena eta bizitze saindua haatik bethi hobe. Bainan hanitzak ontsa bizitzerat baino lehiatuago baitira ikasterat, hortakotz dira maiz bidetik makurtzen, beren lanetik uzta guti edo batere ez dutela biltzen.

 

        4. O! ikasteko bezanbat su baginu gure baitako azturen errotik jalgitzeko eta hek utzi lekuan bertutearen finkatzeko, ez bide litake jendearen artean hoinbertze gaixtakeria eta gaitzbide, ez eta komentuetan hoinbertze ezazolkeria!

        Segur, jujamendu egunean Jainkoak ez dauku zer irakurtu dugun galdaturen, bainan ba zer dugun egin; ez eta zoin ontsa mintzatu giren, bainan ba saindutzeko zer dugun obratu.

        Erradazu: non dira orai, bizi zirelarik eta jakitatean trebe, hain ontsa ezagutu ditutzun jakintsu eta erakasle hek guziak? Heien ontasunak jadanik bertzeen eskuetan dira, eta hetaz orhoitzen ere direnetz nago. Bizi zireno zerbait iduri zuten eta orai nehork ez ditu aiphatzen ere.

 

        5. Oi munduko loria, zoin laster eroria! Heien bizi-moldea, zuten jakitatearen bethe izan balitz,        orduan zuketen orduan behar bezala ikasi eta erakatsi!

        Jakitate alferren bidez mundu huntan zonbat den galtzen, Jainkoaren zerbitzuko axola guti dutelakotz! Xume baino nahiago baitute handi, hortakotz dira beren gogoeta alferretan galtzen.

        Egiazki handi, karitate handia duena! Egiazki handi, bere burra xumetzat eta ohore guziak ezdeustzat dauzkana!

        Egiazki zuhur, Jesus beretzea gatik, lurreko zer guziak lohitzat dauzkana! Egiazki jakintsu handi, bere nahiari uko eginik, Jainkoarena bethetzen duena!

 

aurrekoa hurrengoa