www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

8. KAPITULUA

 

Jesusek bere burua kurutzearen gainean
guretzat osoki eman duen bezala,
gu ere osoki eman behar gitzaizkola.

 

        1. JESUSEK. Kurutzearen gainean besoak hedaturik eta buluz, zure bekatuentzat Aitari nere oldez eskaini nizan bezala, nihaurentzat deusik iduki gabe Jainkoaren baketzeko nizan guzia emaiteraino, halaber zuk ere, egun orotako mezan, zure burua behar dautazu zeure baitarik eman garbiki eta osoki, zure khar eta indar guziekin, ahal bezain gogotik.

        Zer dautzut oroz gainetik galdatzen? Nere eskuko osoki jartzerat zitezen lehia. Zutaz kanpo emaiten dauzkitatzun guziak ez zaizkit deus: ez ditut zure emaitzak nahi, bainan zu.

 

        2. Bertze guziak ukanikan ere zuk ni gabe aski ez zinuken bezala, halaber zure emaitzetarik bihi batek ez nu atsegintzen, ez bazaizkit eskaintzen zuhau. Zure burua eman ezadazu, eman osoki Jainkoaren gatik eta zure eskaintza onharturen dut.

        Nizan guzia zure gatik eskaini diot nere Aitari; nere Gorputza eta Odol guzia hazkurri egin ditut, ni osoki zurea izaitea gatik eta zu nere gelditzeko. Bainan zu baitan biribilkaturik bazaude eta zure burua ez baduzu nere nahi sainduari gogotik eskaintzen, zure eskaintza ez da osoa eta gure artean ez da izanen egiazko batasunik. Zeure jabe izaiteko grazia ardiestekotz, edozoin obrari lotu aitzin behar zira zeure baitarik Jainkoaren eskuko jarri.

        Nere argiak ardiesten dituztenak eta beren azturak garaitzen, zendako dira hain guti? Ez dakitelakotz beren buruari osoki uko egiten. Nik errana bethi egia da: Orori uko egiten ez duena, ezin ditake nere dizipulu. Zuk beraz, nere dizipulu izan nahi bazira, ziren guzia eman zakizkit zure bihotz-olde guziekin.

 

aurrekoa hurrengoa