www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

30. KAPITULUA

 

Jainkoari laguntzaren
galdatzeaz eta igurikatzeaz.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, ni niz Jauna: atsegabean nik dut azkartzen bihotza. Ni ganat zato, atsegabean zirelarik.

        Lasterrago ez baduzu ukaiten laguntza zerutik, berantegi baitzira lotzen othoitzari. Alabainan niri khartsuki othoitz egin aitzin, bazterrerat zeiharkatzen zira aringailu bilha eta kontsolamendu andana baten. Bainan diren guziak guti zaizkitzu, ohartu arte nik ditutala altxatzen nere laguntzari daudenak, eta nitaz kanpo ez dela behar bezalako laguntzarik, ez kontseilu onik, ez eta sendagailu iraunkorrik.

 

        2. Orai haatik, ekaitzaren ondotik zure-baitaratua baitzira, indar berriak harzkitzu, nere urrikalmenduaz orhoituz: ezen zuri hurbil nago guzien antolatzeko, ez bakharrik osoki, bainan oraino nasaiki antolatzeko eta gaindika.

        Ezin eginik ba othe da deusik neretzat? Ala erraiten eta ez egiten duenaren pare niz ni? Fedea non duzu? Zaude azkar eta tente. Izan zite jasankor eta gogor, gizona, bere tenorean jinen zaitzu zoriona. Igurika nezazu, igurika: jinen nitzaitzu eta sendaturen zitut. Debruaren sare bat da zure asaldadura; zinez ez duzu izitzekorik.

        Geroaz duzun griñak zer dakar, atsegaberik eta nahigaberik baizen? Egunean eguneko gaitzbidea bekizu aski. Geroaz histea edo boztea alfer eta debalde da, zuk asmatua ez baita sekula gertaturen orobat.

 

        3. Bainan ametsezko gogoeta hoiek gizona enganatzen dute, jitea halakoa duelakotz; arima oraino ahul delako marka bertzalde, etsaiak gogoratzen dionari hain errexki jarraikitzen denean. Huni egia ala gezurra berdintsu zaizko, gizona lillura eta engana dezaken ber; bat bera zaio, oraiko gauzen amodioaz ala geroko gaitzen beldurraz zangopera zitzan, baldin azpiratzen bazitu.

        Zure bihotza ez bedi beraz nahas ez beldurretan sar. Fida zite niri eta berma nere urrikalmenduari. Nitarik urrun zirela uste duzunean, orduan nuzu ardura hurbilenik. Oro kasik galduak dauzkatzularik, orduan zira maiz merezimendu gehiagoren irabazteko menean.

        Ez dira oro gal, ez bazaizkitzu nahi bezala jiten denak. Ez duzu zure oraiko ustearen arahera jujatu behar; ez eta etsitu behar, atsegabea nondik-nahi dathorkizun, atheratzeko esperantzarik gelditzen ez balitzaitzu bezala.

 

        4. Ez uste ukan arras debalde utzia zitutala, noiz edo noiz nahigabe zonbait igortzen dautzutalakotz, edo nahi zinuken atsegin zerbaitez gabetzen zitutalakotz hola baita zeruko erresumarat heltzen. Zuk eta nere bertze zerbitzariek, oro nahi bezala ukaitea baino, hobe duzue segur atsegabe zonbait bidean trebes hatzemaitea.

        Gogoeta gordeenen berri badakit nik; badakit bihotza agor egoitea on duzula salbatzeko, oro ontsa doazkitzulakotz urgulutan sar ez ziten; ez eta alai zu baitan, ez zirena bazirela ustez. Eman dutana khen dezaket, bai eta berriz eman, nahi dutalarik.

 

        5. Emaiten dutana, bethi nere dago; gibelerat hartzen dutana, ez dut zuretik khentzen: nere eskutik doa ezen ontasun edozoin, edozoin dohain saindu. Zerbait atsegabe edo nahigabe igortzen dautzutalarik, ez khexa ez etsi, abian ezen arin zitzaket eta zure atsegahea atseginerat dezaket bihur. Bizkitartean, hola ari nitzaitzularilk, zuzenean nago eta eskerrak hartze baino hartzeago ditut.

 

        6. Zuhurra baduzu eta gauzer diren bezala behatzen badiozute, atsegabeak nehoiz ez zitu histu behar etsitzerainokoan; izaitekotz, bozkariatzea dukezu eta niri eskerren bihurtzea. Gehiago dena, zure bozkario bakharra hauxe behar litake: jo zitzatan gupidarik gabe.

        Aitak maite nuen bezala zaituztet nik ere maite, nion nere dizipulu hautetsier, igortzen nituelarik ez munduko atseginetarat, bainan ba gudu izigarrienetarat; ez ohoretarat, bainan ba laidoetarat; ez lo egiterat, bainan ba lanerat; ez pausarat, bainan ba jasanaren jasanaz arimaren gain gainetik oatzerat. Nere haurra, orhoit nere hitz hoitaz.

 

aurrekoa hurrengoa