www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

19. KAPITULUA

 

Laidoen onhartzeaz, eta egiazko
jasankorra zertarik den ageri.

 

        1. JESUSEK. Zer derasatazu, haurra? Nere oinhazeak eta sainduenenak ikustearekin, ez othoi gehiago errangura. Ez duzu odol ixurtzerainokoan iharduki oraino. Beha zonbat oinhaze, zer gudu bortitzak, zer atsegabe dorpeak, zonbat nahigabe eta neke mota jasan dituzten zonbaitek: hoien aldean guti duzu jasaiten.

        Zure nahigabe ttipiak arinago kausitzeko, bertzeen handiak erabil bada gogoan. Eta zureak ez bazaizkitzu ttipiak, ikus ez dituenetz zure pazientzia eskasak handitzen. Bizkitartean, ttipi izan ditezen ala handi, lehia zite guzien jasaiterat erranguratu gabe.

 

        2. Zonbat ere baitzaude nahigabe jasaiteari, hanbat zuhurrago zira agertzen eta merezimendu gehiago duzu irabazten; arinago ere ditutzu atsegabeak kausituren, bihotza hoietarat jartzen baduzu lehiatuki.

        Ez erran: holako gizonaren ganik ez dezaket neholere egitate hori onhar, ezin jasana baita. Kalte handia egin daut, nehoiz gogoratu ere ez zaitanarentzat nu erasiatu; bertze baten ganik haatik atsegabe gutiagorekin jasan nezake, eta nihauk izartuz nere mina.

        Zoroa, holako gogoeta: ez zira ohartzen pazientzia nolako bertutea den eta nork saristatu beharra, bainan jendeak eta laidoak zoin zer diren duzu xoilki behatzen.

 

        3. Ez da egiazki jasankor, berak nahi duenaren ganik eta berak nahi duen negurrian baizik jasan gogo ez duena. Egiazki jasankor denak, ez du behatzen laidoa edo atsegabea noren ganik duen: duen hau bere nagusia, bere heinekoa ala bere azpikoa; ala den gizon zuzen edo makurra. Jasankorrak, edozoin eta nahi bezanbat atsegabe gerta dakion eta edozoinetarik jin, guziak berdin gogotik eta eskerrekin hartzen ditu Jainkoaren eskutik, eta handizki irabazitan dela iduritzen zaio; Jainkoak ez du ezen saririk gabe utziko atsegabetarik den ttipiena, harentzat jasana izan bada.

 

        4. Gudukatzeari erne zaude beraz, garaitu nahi baduzu. Gudurik gabe, pazientziari zor zaion sarirat ez zitazke hel; deusik ez baduzu jasan gogo, saria duzu ez nahi. Saria nahi baduzu beraz, guduka gizonki, jasan iraupenekin. Lanik gabe, ezin dukezu pausarik; ez eta garairik, gudurik gabe.

 

        5. ARIMAK. Graziaren bidez errex ezadazu, Jauna, jitez ezin egin dezaketana. Zoin guti jasan dezaketan badakizu; bai eta zoin laster dutan etsitzen, den gaitz-biderik ttipiena jiten zaitanean. Edozoin atsegabe zure gatik maitagarri eta gutiziagarri bekit: zuretzat laido eta nahigabe jasaitea on baino hobe baitut, nere arimaren salbatzeko.

 

aurrekoa hurrengoa