www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

18. KAPITULUA

 

Bizi huntako nahigabeak behar ditugula,
Jesusek bezala, gogo onez jasan.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, zure salbatzeko zerutik jautsi niz; zure nahigabeak nere gain hartu ditut, ez ezinbertzez, bainan zu maitez: jasankor izaiten ikas dezazun eta bizi huntako nahigabeak erranguratu gabe ditzatzun jasan.

        Sortzetik ezen kurutzearen gainean hil arteraino, jasaiteko ausarki ukan dut. Bizitzeko beharrenak eskas nituen; maiz entzun dut nitaz asko errangura; trufak eta laidoak amultsuki hartu ditut, nere ongi-eginen sari esker tzarrak bildu, nere mirakuluen ordain ahopaldiak, nere erakaspenentzat erasiak.

 

        2. ARIMAK. Jauna, lur gainean hoin jasankor izan zirenaz geroz, guziz hola zure Aitaren nahia bethetzen zinuela; zuzen da ni, nizan bezalako bekatore ez zure nahiaren egiteko pairatzale izan nadin, eta, zuk nahi duzun artio, bizi hits hunen hazta jasan dezatan nere arimaren salbatzeko. Bizi hau alabainan minberatsu bazaiku ere, zure graziak merezimenduz bethe du, eta, bai zuk bai zure sainduek eman erakuspener esker, bizi hau arinago eta ohoragarriago zaiote gogo ahuler.

        Lege zaharrean baino gozoago ere da; orduan ezen tinki tinkia hetsirik zagon zeruko athea; eta hain zen nekezago zerurateko bidearen kausitzea non, gutik baitzuten harateko bidearen bilhatzeko kharra. Gainerat, orduko gizon zuzenak, zerukotzat eginak hek, Aitaren erresumarat ezin sar zitazken, —zuk, pairatuz eta hilez, sartze hori erosi ondoan baizik.

 

        3. Zer eskerrak zor dauzkitzugun, onez on zerurateko bide segura eta xuxena erakutsi daukuzulakotz niri eta giristino guzier. Zure bizia da ezen gure bidea, eta pazientzia sainduak geramatza zu ganat, zu gure hel-burua.

        Bide hori ez bazinu lehenik hartu eta erakutsi, bide horren hartzerat nor tirria? Ondikotz zonbatak urrun eta gibel balagozke, zure oinen hatzak ez balitu argitzen! Zure hoinbertze mirakulu eta erakaspen entzun ondoan, ephel gaude oraino: zer ginitazke bada, zuri larraikitzeko holako iguzkia ez baginu hetarik?

 

aurrekoa hurrengoa