www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesusen imitazionea
Silvain Pouvreau
1669

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesusen imitacionea, Silvain Pouvreau. Hordago, 1979

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN KAPITULUA

 

Hainitz ontasun emaiten zaiola debozionerekin errezibitzen duenari.

 

Arimaren hitza.

 

        1. Ene Iainko Iauna, aitzin zakizko zure serbitzariari zure eztitasuneko benedizinoez, arren gai egin nadin zure beregaineko sakramendura behar bezalako debozionerekin hurbiltzeko.

        Iratzar ezazu ene bihotza zure gana, eta billus nazazu ene nagitasun toldiaz.

        Bisita nazazu zure salbagarriaz, ispiritualki dasta dezadantzat sakramendu hunetan bere bethez ithurburuan bezala gorderik dadukazun eztitasuna.

        Argi diatzadatzu ene begiak hain misterio handiaren ikusteko, eta indazu indarrik aski haren zinetsteko fede-dudagabeko batez.

        Zeren obra hori zure ganik da, eta ez gizonaren indarretarik: zuk sainduki ordenatua da, ez gizonek pensatua.

        Eta egiaz nihor ezta gai edireiten misterio horien bere indarrez endellagatzeko, Aingeruen sutilleziari ere garaitzen baitzaizko.

        Zer bada nik bekatore, lur, eta hauts baizen enaizen horrek pensa eta endellega dezaket hain sekeretu barrena eta sakratu hunetaz?

 

        2. Iauna, ene bihotzeko sinplezian fide on eta finko batekin, zuk ere manaturik, hurbiltzen natzaitzu esperanzaz eta erreberenziaz betherik, eta zin zinez dadukat zu Iainkoa eta gizon hemen presentean zarela Sakramendu hunetan.

        Nahi duzu bada har zaitzadan, eta zurekin bat egin nadin amorioz.

        Halakotz banagozu zure ontasunari othoitzez, arren indazu grazia beregain bat, ni naizen guzia zure baitara karitatez urt eta isur nadin, eta nahiz diren konsolazionez geiago axola eznadin.

        Zeren jainkozko sakramendu hau da arimaren eta gorputzaren osasuna, gogoko langiadura guzien miritzina: hortan ene gaizkiak erremediatzen dire, pasioneak estekatzen, tentazioneak azpiratzen eta gutitzen: hortan grazia geiago emaiten da, bertute sortu berria handitzen, fedea bortitzten, esperanza finkatzen, karitatea sutzen, irazekitzen, hedatzen eta zabaltzen.

 

        3. Egiaz, ene Iainkoa, ene arimaren besarkatzaillea, gizona bere flakotasunetik alxatzen duzuna, barreneko konsolazione guziak emaiten ditutzuna, sakramendu sainduan hainitz ontasun eman derauezu zure maitei, eta geiago ere, eta maizago emaiten debozione on batez errezibitzen zaituztenean.

        Hainitz moldezko konsolazione isurtzen duzu hekin baitara, hainitz moldezko tribulazioneen kontra;

        Zure maiteak bere bihotzgabetasuneko putzutik zure gomendioko esperanzara alxatzen tutzu, grazia berri batez bethetzen eta barrenean argitzen; hala non errezibitu baino lehen gogoetatsu eta afekzione gabe zeudenak, gero zeruko ianhariaz eta edariaz aserik hagitz hobeki eta sendoago kausitzen baitira.

        Horrela hargatik hari zare zure hautatuekin, arren segurki ezagut, eta klarki froga dezaten, zein flako diren bere buruz, eta zer ontasun eta grazia izaiten duten zure ganik.

        Zeren bere buruz hotz, gogor, eta debozionegabeko dira zure ganik ordea merezi dute bero, agudo, eta debozionetsu izaitea.

        Ezen nork eztitasuneko ithurrira humilki hurbildurik eztu hartarik eztitasun guti bat bederen ekartzen?

        Edo nork su handi baten aldean egonik, eztu hartarik bero aphur bat hartzen?

        Eta zu zare bethi betherik dagoen, eta gainez egiten duen ithurria, zu zare arduraki irazekirik dirauen eta, nihoiz ere iraungitzen ezten sua.

 

        4. Halakotz zilhegi ezpanaiz ithurri bethetik erautstera, eta ase arteraino edatera, guziarekin ere ahoa pasatuko diot zeruko ithaizur haren zilhoari, arren handik xortaxo bat bederen har dezadan ene egarsuaren hiltzeko, guzia ihar eznadintzat.

        Eta baldin guzia ezin banaitake oraino zerukoa eta suakartua, Kherubinak eta Serafinak bezala; badarik egin ahala eginen dut debozioneari itxekitzeko, eta ene bihotzaren preparatzeko; arren sakramendu bizigarria ahalik humilkiena hartzen dudala, Iainkozko su handi hartarik inhar bat ezpere bil dezadan gatik.

        Zer ere baitut eskas, ene Iesus ona, Salbatzaille guziz saindua, zuk ene orde hura konpli zazu zure ohiko begitartearen eztitasunaz, guziak zure gana deitu nahi izan ditutzunaz gero, dioskuzula: zatozte ni gana nekatzen eta kargatuak zareten guziak, eta nik arinduko zaituztet.

 

        5. Ni segur trabaillatzen naiz ene kopetaren izerditan, bihotzetik minez nago, bekatuz kargatua nabilla, tentazioneek narabillate, hainitz pasione gaixtok korapillatzen eta zapatzen naute; bizkitartean ezta hel dakidanik, ezta libra eta salba nazanik zu baizen, ene Iainkoa, ene Iauna eta Salbatzaillea.

        Zure eskuetan utzten dut neure burua, neure ditudan guziekin, zuk begira eta sekulako bizitzera gida nazazun gatik.

        O niri zure gorputza ianharitzat, eta odola edaritzat aphaindu derautazuna, har nazazu zure izen laudoriotan eta lorietan.

        Othoi, ene Iainko jauna, eta Salbatzaillea indazu grazia emenda dakidan debozioneko afekzionea, noiz ere zure misterio sakratua hartzen baitut.

 

aurrekoa hurrengoa