www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesusen imitazionea
Silvain Pouvreau
1669

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesusen imitacionea, Silvain Pouvreau. Hordago, 1979

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMARGARREN KAPITULUA

 

Eskerrak emaiteaz Iainkoaren graziak gatik.

 

        1. Zergatik zabiltza pausuren bilha, trabailluko sortu zarenaz geroztik?

        Lehen prepara zaite pairatzera, ezen ez konsolazione hartzera; eta soinean gurutzearen erabiltera, ez alegeratzera.

        Ezen nork mundukoetarik elezake gogotik har konsolazione eta alegrianza espirituala, hura bethi ahal balu? zeren konsolazione espiritualek garaia daramate munduko plazer, eta atsegintasun guzien gainean.

        Munduko plazer guziak edo banaloriazkoak dira edo lizunak: baina plazer espiritualak arraiak dira eta ohorezkoak, bertutetarik sortuak, eta Iainkoak bihotz garbietara isuriak?

        Baina nihor ezin goza diteke bethi konsolazione Iainkozko hetaz nahi lukeien bezala, zeren tentazionearen aldia laster bihurtzen da; denborak eztu hainitz luzatzen.

 

        2. Bada arimako libertate falsoa, eta bere baitako fidanza handia hagitz dire Iainkoaren bisitaren kontra iarriak.

        Ongi egiten du Iainkoak konsolazionezko graziaren emaiteaz: baina gaizki egiten du gizonak Iainkoari aitorrik ez egiteaz eta eskerrik ez bihurtzeaz.

        Hargatik graziaren dohainak ezin isur ditezke gure gainera, zeren esker gabe garen emaillea gana, eta den guzia eztugun bihurtzen bere ithur burura.

        Ezen noiz ere behar bezalako eskerrik emaiten baitu lehenbiziko dohaina gatik, hari zor zaio grazia berri bat, eta humillari emaiten ohi zaiona edekiko zaio superbioari.

 

        3. Eztut nahi urrikimendua eramaiten derautan konsolazionea, eta enaiz guthiziatzen hantureriara naraman kontenplazioneaz.

        Ezen handi eta gora den guzia ezta saindu, ezti den guzia ezta on, desir guziak eztira garbi, eta maite den guzia ezta bethi Iainkoaren gogara.

        Gogo onez hartzen dut grazia, zeinaren bidez egiten bainaiz humillago, beldursuago eta preparatuago neure borondateari uko egitera.

        Nor ere graziaren dohainaz dotrinatua baita eta irakasia zer den graziaz gabetzea, ezta ausartuko buruperik hartzera, zerbait onik bere buruz duelako, baina libroki aitortuko du pobre beharra eta billusia dela.

        Emozu Iainkoari berea, eta har ezazu zurea, erran nahi da, emoitzu Iainkoari eskerrak emaiten derautzun grazia gatik, eta ezagut ezazu zurea xoilki dela bekatua eta bekatuari dagokan bezalako pena.

 

        4. Iar zaite bethi lekurik beherenean, eta gorena emanen zaitzu: zeren gorena ezin dagoke beherenaren gainean permaturik baizen.

        Iainkoaren aitzinean handien dire sainduak, guzietarik xipienak dire bere baitan; eta zenbatenaz loriosago, hanbatenaz humillago.

        Egiaz eta zeruko loriaz bethe direnek eztute guthiziarik banaloriaz.

        Iainkoa baitan firmaturik eta zimendaturik daudenak ezin alxa ditezke nihola ere berak baino gorago.

        Aitortzen dutenek bere duten ontasun guzia Iainkoa ganik dutela, eztabiltza bata bertzea ganikako loriaren bilha; baina Iainkoa ganik xoilki heldu den loria nahi dute, eta hekin desir guzia da Jainkoa laudatzea bere baitan eta saindu guzietan gauza guzien gainetik laudatzea, eta hortara bethi dadukate gogoa etxaturik.

 

        5. Zarela beraz eskerdun dohain xipiena gatik, eta mereziko duzu handiagorik hartu.

        Den emaitzarik mendreena estima zazu handi eta mesprezatzekoena idukazu beregainekotzat.

        Behatzen baduzu nor den emaillea ikusiko duzu eztela dohain xipirik edo deus gutiegirik.

        Ezen guzien gaineko Iaunak emaiten duena ezta gauza xipia.

        Penak eta azoteak igortzen baderauzkigu ere plazerki hartu behar tugu: zeren bethiere gure salbamenduagatik egiten du, zer ere utzten baitu guri gertatzera.

        Nork ere baitu desira Iainkoaren graziaren begiratzeko, lema esker lehen eman zaiona gatik, eta har beza pazienzia edeki zaiona ere gatik.

        Bego othoitzez grazia bihur dakion begira eta humil bedi, beldurrez hura berriz gal dezan.

 

aurrekoa hurrengoa