www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesusen imitazionea
Silvain Pouvreau
1669

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesusen imitacionea, Silvain Pouvreau. Hordago, 1979

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN KAPITULUA

 

Iesusekiko.

 

        1. Iesus lekuan denean, guzia on da eta ezta deus ere iduritzen gaitz dela: baina Iesus kanpoan denean den guzia gogorra da.

        Iesus gure baitan minzo eztenean konsolazione guti dugu: baina Iesus-ek hitz huts bat emaiten badu konsolazione handia sentitzen dugu.

        Ez othe da egia Maria Magdalena berehala iaiki zela nigarrez zegoen lekutik, Marthak erran zioenean, Nausia hemen da eta zure galdea du?

        O ordu doatsua, noiz ere Iesus-ek deitzen baigaitu nigarretarik bihotzeko bozkariora.

        Zein idor eta gogor zaren Iesus gabe.

        Zein erho eta banaloriatsu zaren, desiratzen baduzu Iesus-ez bertzerik.

        Ez othe da hori kalte handiagoa, mundu guzia gal bazeneza baino?

 

        2. Zer eman daizakezu munduak Iesus gabe?

        Iesus gabe izaitea Ifernu garratza da, eta Iesusekin egoitea parabisu eztia.

        Iesus aurkitzen duena, tresor ona aurkitzen du, bai eta ontasun guzien gaineko ontasuna.

        Iesus zurekin bada, etsaiak ezin eginen derautzu kalterik.

        Iesus galtzen duenak sobera eta sobera galtzen du, eta mundu guzia gal baleza baino geiago.

        Guziz pobrea da Iesus gabe bizi dena eta guziz aberatz da Jesusekin ongi dagoena.

 

        2. Iakintasun handia da iakitea Iesusekin ibiltzen, eta iakitea Iesusen idukitzen, zuhurzia handia.

        Zaren debot eta pausatua, eta Iesus egonen da zurekin.

        Kasa dezakezu Iesus zure ganik, eta haren grazia gal dirozu nahi bazare kanpoko gauzetara itzuli?

        Eta hura kasatzen eta galtzen baduzu, noren gana ihes eginen duzu? eta orduan nor bilhatuko duzu adiskide?

        Adiskiderik gabe ezin ongi bizi zaitezke eta Iesus ezpaduzu guzien gaineko adiskide guziz triste eta deskonsolatua izanen zare.

        Erhoki beraz hari zara nihoren baitan fidatzen edo bozten bazare, hura utzirik.

        Lehen hautatu behar duzu mundu guzia alxa dadin zure kontra, Iesus haserra dakizun baino.

        Biz bada Iesus zure maiteena eta adiskide minena maite ditutzun guzien gainetik.

 

        4. Onets bitez guziak Iesus gatik, eta Iesus onets bedi bakoitzki bera gatik.

        Iesus onetsi behar duzu bera beregain, zeren hura xoilki edireiten baita on eta fidel adiskide guzien gainetik.

        Behar ditutzu guziak maite izan haren gatik eta haren baitan, bai adiskideak, bai etsaiak, eta othoitz egin behar diozu guziak gatik, arren hura guziek ezagut eta onets dezaten.

        Eztezazula behin ere desira bertzeek lauda eta maita zaitzaten beregainki, zeren hori zor zaio Iainkoari xoilki, zeinak ezpaitu bera bezalakorik.

        Eztezazula halaber desira nihor sobera lot dakizun bihotzez, eta zeroni ere etzaitezila amarra nihoren ganako amudioaz; baina bego Iesus zure baitan eta arima prestu guzietan.

 

        5. Zarela garbi eta barrenean libro kreaturen kurapillamenduetarik.

        Behar duzu billusia, izan eta bihotz garbia Iainkoa gana ekarri, nahi baduzu astirik izan eta ikusi zein ezti eta gozo den gure Iauna.

        Ordea hori eztuzu egiazki ardietsiko, haren grazia aitzintzen ezpazaitzu eta erakartzen ezpazaitu, xoilla xoillarekin bat egin zaitezintzat, bertze gauza guziak largaturik eta kanporarik.

        Zeren Iainkoaren grazia heldu zaionean gizonari, indarsu eta ahaldu egiten da gauza guzietara: baian ioaiten zaionean behar eta flako gelditzen da, eta azotetara xoilki utzia bezala.

        Orduan eztuzu bihotz flakatu ez eta etsitu behar, baina pazienziaz itxeki behar diozu Jainkoaren borondateari, eta gertatuko zaitzun guzia pairatu behar duzu Iesusen laudoriotan.

        Zeren neguari darraio uda, gauari eguna, eta tormentari denbora ederra.

 

aurrekoa hurrengoa