www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesusen imitazionea
Silvain Pouvreau
1669

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesusen imitacionea, Silvain Pouvreau. Hordago, 1979

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOI ETA BORTZGARREN KAPITULUA

 

Zertan datzan bihotzeko bakea eta egiazko probetxua.

 

        1. Semea, nik erran dut: bakea utzten derautzuet; ene bakea emaiten derautzuet; ezterautzuet hura emaiten munduak erraiten duen bezala.

        Bakea desiratzen dute guziek baina guziek eztute axola egiazko bakeari ukitzen zaizkon gauzez.

        Ene bakea humillekin eta bihotzez eme direnekin dago.

        Hainitz pazienzia baduzu, bakea izanen duzu.

        Enzuten banauzu eta ene hitzari bazarraizko, bake handi batez gozaturen ahal zare, zaratezke.

        Zer eginen dut bada?

        Gauza guzietan beha zazu zer hari eta zer minzo zaren, eta zure gogo guzia heda zazu niri xoilki plazer egitera, nitaz bertzerik ez desiratzera edo bilhatzera.

        Eztemazula jujeamendu arinik bertzeren erranez edo eginez, eta etzaitezila sar zure karguan eztiren egitekoetan; eta hala gertatuko ahal da, non ezpaitzare nahasiko guti edo gutitan baizen.

 

        2. Ordea nahasmendurik behin ere ez sentitzea, bihotzean edo gorputzean penarik ez pairatzea, hori eztagoka mende hunetako bizitzeari, baina sekulako pausua errepausua dagoen lekuari.

        Eztezazula bada pensa egiazko bakea ediren duzula grinatzen zaituen gauzarik eta gauza guzietan ongi doatzula kontrakorik eztuzunean; ez eta perfekzionean zaudela guziak zure nahiaren arauera egiten direnean.

        Eztadukazula nor zerbait handi zarela, eta Iainkoak bereziki zaituela maite, baldin debozione et eztitasun handi batzuez gozatzen bazare.

        Ezen ezta handik ezagutzen egiazko bertutezalea ezta handik ezagutzen, eta horrelakoetan eztatza gizonaren aitzinamendua eta perfekzionea.

 

        3. Zertan bada, Iauna?

        Zure bihotz guziaz ofrenda zakizkola Iainkoaren borondateari, deus ere zuretzat bilhatu gabe ez gauza xipietan, ez handietan, ez orai, ez nihoiz ere, hala non begitarte ber batez bethi eskerrak eman diotzatzun Iainkoari, hala zorigaitzean, nola onean, gauza guziak pisu berdinez pisatzen tutzula.

        Esperanzan bazaude hain fermu eta finko iarria, non barreneko konsolazioneaz gabetua gatik, zure bihotza prepara dezazun geiagorik ere pairatzera, zure burua iustu egiten eztuzula halakorik eta hain gaitzik pairatu behar ezpazendu bezala, baina laudatzen banauzu erraiten duzula ni naizela iustu eta saindu ene ordenanza guzietan, orduan bakearen egiazko bidean xuxen zabiltza, eta duda gabeko esperanza ahal dukezu berriz ere ene begitartea ikusiko duzula bozkarioturik.

        Baldin hil bazaitezke zure buruaren osoki mesprezatzeko puntura, iakin ezazu bakearen frankiaz gozaturen zarela zure mundu hunetako egoiteak egin dezakeien bezanbat.

 

aurrekoa hurrengoa