www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iesusen imitazionea
Silvain Pouvreau
1669

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesusen imitacionea, Silvain Pouvreau. Hordago, 1979

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGOI ETA HEMERETZIGARREN KAPITULUA

 

Jainkoa baitan xoilki finkatu behar dela esperanza eta fidanza guzia.

 

        1. Jauna, zer da bizitze hunetan dudan fidanza? edo zein da ene konsolazionerik handiena zeruaren azpian ageri diren guzitarik?

        Ez othe zu, ene Jainko Jauna, nola zure miserikordiak ezpaitu neurririk?

        Non ongi kausitu naiz zu gabe? Non gaizki kausitu ahal naiz zu presentean zinela?

        Nahiago dut zure gatik errumez egon, ezen ez aberatz zu gabe.

        Lehen hautatzen dut lurrean zurekin saindurale ibiltea, ezen ez zu gabe zeruko jaun eta iabe iartzea.

        Non ere baitzara, han da zerua; non ere ezpaitzara, han da herioa eta ifernua.

        Zu zare ene desira, eta halakotz premia eta beharra dut zure gana hatsbeherapen, nigar, oiu eta othoitz egiteko.

        Finean ezin osoki fida naiteke nihor behar orduko helduko zaitala ene beharkietan, zu baizen ene Jainkoa.

        Zu zare ene esperanza eta fidanza; zu zare ene konsolatzaillea eta fidelena gauza guzietan.

 

        2. Guziak dabiltza bere probetxuaren ondoan zuk ene salbamendua eta aitzinamendua xoilki gogoan dadukazu, eta gauza guziak itzultzen derauzkidatzu onera.

        Largatzen nauzularik hainitz moldezko tentazionetara eta gaitzetara, hura guzia ordenatzen duzu ene probetxuko, dakidala zure maiteak milla moldez frogatzen tutzula.

        Horrela frogatzen nauzunean etzaitut gutiago onetsi eta laudatu behar, zeruko konsolazioneez bethe banenzazu baino.

 

        3. Beraz zure baitan, ene Jainko Jauna, emaiten dut ene esperanza eta ihes lekua: zure baiten ezartzen dut ene tribulamendu eta herstura guzia, / Zeren nora ere begiak hedatzen baititut, eztut aurkitzen zure ganik kanpoan gauza flakorik eta eztagokeienik baizen.

        Ezen hainitz adiskide izanak ezteraut probetxurik ekarriko, defensari balentak ezin helduko zaizkit, konseillari zuhurrek ezin emanen derautate balio duen ihardetsterik, Dotoren liburuek ezin konsolatuko naute, ezta gauza preziosik libra nazakeienik, ezta leku gorderik, azkarrik, eta plazersurik begira nazakeienik; zeroni heltzen, alde iartzen eta laguntzen ezpazaizkit, zuk bortitzten, konsolatzen, gidatzen eta begiratzen ezpanauzu.

 

        4. Ezen zerk ere baitirudi on dela bakearen eta doatsutasunaren ardidetsteko, hura, zu kanpoan zarenean, ezta deus ere, eta egiazki ezin demake doatsutasunik bat ere.

        Zu zare bada ontasun guzien xedea eta fina, zu zare biziaren punturik gorena, minzotasunen ondorik barrenera, eta zure baitan guzien gainetik esperanza izaitea da zure serbitzarien konsolazionerik handiena.

        Zure gana daude ene begiak alxaturik, zure baitan fidatzen naiz, ene Jainkoa, miserikordien aita.

        Benedika eta santifika zazu ene arima zeruko benedizinoaz, egin dadintzat zure egoitza saindua, zure sekulako loriaren iarlekua, eta zure handitasunaren tenpluan kausi eztadintzat zure maiestatearen begiak ofensa detzan gauzarik.

        Beha diazadazu zure ontasun handia eta neurrigabeko miserikordia gatik, eta enzun ezazu herioko itzalaren herrian urrun desterraturik dabillan zure serbitzari gaizorren othoitza.

        Begira eta salba zazu zure mutilkoaren arima hil beharrezko bizitze hunetako perillen artean, eta zure grazia lagundurik hura gida zazu bakearen bidetik bethiereko argiaren herrira. Biz hala.

 

aurrekoa hurrengoa