www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII. KAPITULUA

 

Nolako amudio eta debozionearekiñ behar dugun desiratu Jesu-Kristoren errezibitzea sakramendu sainduan.

 

ARIMAK

        1. Iauna, nahi zaitut errezibitu debozione handi batekiñ amudio bero, eta gutizia khartsu batekiñ, hala nola egiñ baitute zure sainduek, eta hañitz presuna prestuk, zeiñen debozionea zure gogarakoa izatu baita, eta zeiñak hagitz Jainkotiarki bizi izatu baitire.

        O ene Jainkoa, amudio eternala, ene ontasun bakharra, ene dohatsutasun fiñ gabekoa, nahi zaitut errezibitu egundaiño sainduk izatu duen, edo izatu ahal duken gutiziarik borthitzenarekiñ, eta errespeturik handienarekiñ.

 

        2. Eta gai ez naizen arren debozionezko sentimendu horien ene baitan izateko, halere ofrendatzen darozkitzut ene bihotzeko afekzione guziak, neronek gutizia khartsu hek guziak banitu bezala.

        Ofrendatzen darozkitzut halaber ene bihotz guziaz humilltasun handirekiñ arimarik Jainkotiarrenak ahal tuzken desirarik khartsuenak.

        Ez dut deus ere enetzat itxeki nahi; baiñan neure burua, eta neure ontasun guziak nahi ditut bihotz onez zuretzat sakrifikatu, eta guziak zure zerbitzukotz enplegatu, eta kosumitu.

        Ene Iauna, eta ene Jainkoa, ene kreatzaillea, eta erresketatzaillea, nahi zintuzket egun errezibitu zuri dagotzun bezalako samurtasun, errespetu, ohore, ezagutza, amudio, eta saindutasun guziarekiñ; fede, esparantza, eta garbitasun guziarekiñ, hala nola errezibitu baitzintuen Birjina loriosak zure ama sainduak, noiz eta ere Inkarnazioneko misterioaren berria ekhartzen zioen, aingeruari ihardetsi baitzioen errespetu, eta humilltasun handirekiñ: Huna Iaunaren neskatoa, konpli bedi ene baitan zure errana.

 

        3. Nahi nuke gai baninz zure aitziñean agertzeko bihotza desira sainduz betherik, eta zure amudioz sustaturik disposizione saindu hekiekiñ, zeiñetan baitzen Joanis Baptista sainduetan den handiena, eta zure aitzindari dohatsua, noiz eta ere Espiritu sainduaren mobimenduz iauzi baitzen bere amaren sabelean, eta noiz eta ere iendartean zeiña biltzala ikhusirik erran baitzuen zutaz humilltasun, eta zelo handirekiñ: Esposaren adiskidea bozkario handitan da esposarekiñ denean, zeren aditzen baitu haren boza.

        Ofrendatzen darozkitzut halaber zure sainduei eman diotzotzuten bozkario Jainkozkoak, afekzione khartsuak, espirituen bere baitharik ilkhitzeak, argi naturaz goragokoak, eta zeruko bisioneak.

        Hek ofrendatzen darozkitzut kreatura guziak zeruan, eta lurrean egundaiño eman, eta sekulan emanen darozkitzuten laudorio guziekiñ.

        Ofrendatzen darozkitzut nahiz enetzat, nahiz ene othoitzetan gomendatu behar darozkitzudan guzientzat, guziez behar bezala laudatua, eta lorifikatua izan zaitezentzat eternitatean.

 

        4. Ene Iauna eta ene Jainkoa, errezibi zatzu nik zuri laudorio infinituen emateko dudan desira, eta zure perfekzione neurri gabekoen arabera ohoratua ikhusteko dudan nahia, eta gutizia.

        Ohore hori bihurtzen darotzut, eta nahi darotzut bihurtu egun guziez, eta momentu guziez ere.

        Eta gonbidatzen ditut, othoizten tut ene bihotz guziaz zeruko espirituak, eta giristiño leial guziak lagun nazatela zure laudatzen, eta zuri eskerren emanen.

 

        5. Lauda bezaitzate Iauna, lurreko populu, kasta eta erdara guziek, lorifika bezate zure izen adoragarria bozkario saindu, eta zelo khartsu batez bere baitarik ilkhirik.

        Misterio saindu hau debozionerekiñ, eta errespeturekiñ zelebratzen dutenek, eta fede bizi batekiñ errezibitzen dutenek ardietz bezate zureganik ene bekhatuen barkhamendua.

        Orhoit beitez othoi ni naizen bezalako bekhatore dohakabeaz mahaiñ saindutik ilkhitzen direnean, zurekiñ miñki bat egiñak, debozionez ukituak, eta samurtuak, bozkarioz, eta konsolazionez betheak, eta osoki sasiatuak.

 

aurrekoa hurrengoa