www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIII. KAPITULUA

 

Lau abisu probetxos bihotzeko bakearen izateko.

 

JESU-KRISTOK

        1. Ene semea orai irakatsi nahi darotzut bakearen, bidea, eta egiazko libertatearena.

 

ARIMAK

        2. Egidazu grazia hori, iauna, atsegiñekiñ adituko zaitut.

 

JESU-KRISTOK

        3. Ene semea eman zaite zure nahia baiño hobeki bertzeenaren egitera.

        Hauta zazu hobeki gutia, ezen ez hañitza.

        Bilha zazu bethiere azkeneko lekhua, eta eman zaite bertzeak baiño beherago.

        Desira zazu, eta othoitz egizu zure baithan egiñ dadiñ Jainkoaren borondatea.

        Horra nolako behar duen gizonak bakean, eta soseguan sartzeko.

 

ARIMAK

        4. Iauna, solas labur horrek perfekzione handi bat zarratzen du.

        Hitz baiño sensu gehiago da hor eta manu baiño fruitu gehiago.

        Erregela horiek leialki beira ahal banetza ez ninteke errexki eror altaramendurat.

        Hortaz ezagutzen dut bakea, eta sosegua galdu dudan guzian; zori gaitz hura gerthatu zaitala; zeren maxima saindu horietarik hastandu naizen.

        Baiñan zuk ene Jainkoa, zeiñak gauza guziak egiñ ahal baitezaketzu, berret diotzadatzu zure graziak, zure manuak konpli detzadantzat, eta egiñ dezadantzat, ene salbamendua.

 

Gogoeta gaixtoen kontrako othoitza

        5. Ene Jauna, eta ene Jainkoa, etzaitezela urren eneganik, zato othoi ene lagunzerat, ezen hañitz gogoeta gaixto altxatu dire ene kontra eta izialdura handiek altaratzen dute ene arima.

        Hanbat etsaien artetik nola iraganen naiz zaurthu gabe, eta nola nik hek garhaituko ditut?

 

        6. Iauna, zuk erran darokuzu zure profetaren ahoz: Ni zure aitziñean ibilliko naiz, eta munduko podorosen orguilleria beheratuko dut. Presondegitako atheak idekiko ditut, eta agertuko ditut gauzarik gordeenak.

 

        7. Beraz, Iauna, konpli zazu agindu darokuzuna, eta ni nahasten nauten gogoeta gaixto guziak suntsi bitez zure aitziñean.

        Ene esparantza, eta konsolazione bakharra ene atsekabe guzietan da zure ganat ihes egitea, zure baithan fidantzia osoaren ematea, zure deitzea, eta othoiztea, zureganikako konsolazioneak pazienziarekiñ igurikitzea.

 

Jainkoaren argien galdetzeko othoitza

        8. Jesus guziz ona, eta maitagarria, argi nazazu, othoi, barreneko argiaren arraioez, eta khenzatzu ene arimatik ilhunbe guziak.

        Eztezazula utz ene espiritua errebelatzerat, eta ez atzu ene tentazione muthiriak.

        Egizu gudu ene alde, egor atzu ihesi bestia kruel hek, pasione gaixto hek, zeiñek gure galtzeko lausengatzen baikaituzte, zure bothereak bakea eman diezadantzat, eta ene arima garbiturik egiñ dadintzat tenplu saindu bat, zeiñetan kontu gabe adituko baitire zure laudoriozko kantak.

        Mana diozozute haizeei, eta tenpestei, errozu itsasoari pausa adi, eta haizeari geldi adi, eta berehala egiñen da kalma handi bat ene ariman.

 

        9. Egorazu zure argia, eta zure egia lurraren gaiñean diztia dezatentzat; ezen ni naiz lur hura ilhun, eta agor dagoena, zuk argi dezakezun arteraiño.

        Zure graziak isur atzu ene gaiñerat, zeruko ihinz hartaz; busti zazu ene arima, egor atzu debozione samur baten uriak lurraren ihinztatzeko, eta hari erakhartzeko fruitu onak, eta exzelentak.

        Altxa zazu ene arima bere bekhatuen karga pisuaz zapatua, ene desirak itxek atzu zeruko gauzei lothuak, dohatsutasun soberanoaren goztasuna dastatu ondoan ahalka nadintzat lurrerat gogoaren dedatzeaz.

        O thira nazazu, ene Jainkoa, eta osoki aparta nazazu kreaturen iragaitzazko konsolamendu guzietarik, ezen ezta kreaturarik ene bihotza osoki sosega, eta deskantsa dezakenik.

        Bat egiñ nazazu zurekiñ bethikotz zure amudioaren lokharri ezin urratuzkoaz; ezen zu zare bakharra zure maitatzailleentzat asko zarena, eta zu gabe alfer dire bertze guziak.

 

aurrekoa hurrengoa