www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII. KAPITULUA

 

Gurutzea dela zeruko bidea.

 

        1. Jesu-Kristoren hitz hauk dorphe zaizkote hañitzei: Ukho egiozu zure buruari, altxa zazu gurutzea, eta iarraiki zakizkit. Baiñan dorphe izanen da aho beretik aditzea azkeneko hitz hauk: Aparta zaitezte eneganik madarikatuak, eta zoazte sekulako surat.

        Orai gurutzezko hitz hek gogotik aditzen dituztenak ez dire beldur izanen adi dezaten Jainkoaren iuiamenduan kondenazionezko arasta ikharagarri hura.

        Gurutzea agertuko da zeruan, Jesu-Kristo ethortzen denean gure iuiatzera. Orduan gurutzearen zerbitzari guziak, bere bizian Jesus gurutzefikatuaren iduriko egiñ direnak seguratuki hurbilduko dire bere iuiearenganat.

 

        2. Zergatik zare bada beldur gurutzearen hartzerat, haren bidez goan behar denaz geroztik zerurat? Gurutzean kausituko duzu zure salbamendua, zure bizitzea, eta zure etsaien garaitzeko behar den guzia.

        Gurutzea da grazien kanala, arimaren indarra, espirituaren bozkarioa; gurutzean da berthuteen khoroa, eta saindutasunaren perfekzionea.

        Ez dugu kausituko arimaren salbatzerik, ez bizitze eternalaren esparantzarik gurutzean baizen.

        Har zazu beraz zure gurutzea, eta zarraizko Jesusi, eta goanen zare bizitze eternalerat.

        Berak iasan du lehenik bere gurutzea, eta hill da hartan zuregatik; zuk ere iasan zazuntzat zurea, eta hartan hilltzera dezazuntzat.

        Ezen harekin hilltzen bazare, harekiñ biziko zare, eta haren penetan partale bazare, izanen duzu halaber haren lorian parte.

 

        3. Gauza dago beraz gurutzearen maitatzean, eta hartan hilltzean; ez da bertze biderik bizitze eternalerat, eta egiazko bakerat, lekhat gurutzearen eta mortifikazionearen bidea.

        Zoaz noratnahi, billha zazu plazer duzun bezanbat; behatzen baduzu gorat, ez duzu kausituko bide altxatuagorik, behatzen baduzu beherat, ez duzu kausituko seguragorik gurutze sainduaren bidea baiño.

        Dispersa zatzu eta arrima gauza guziak zure nahien, eta xedeen arabera; nahi baduzu eta ez, aurkituko duzu bethi zerbait pairatzeko; hala kausituko duzu bethiere gurutzea. Ezen edo izanen duzu gorphutzean oiñhaze, edo espirituan atsekabe.

 

        4. Batean Jainkoak utziko zaitu, bertzean gizonek persekutatuko zaituzte, eta gehiago dena, maiz zure buruarentzat zeroni nekhagarri izanen zare. Eta eziñ kausituko duzu zure penen erremedioarik, edo arintasunik; hala beharko ditutzu guziak pairatu Jainkoak plazer duen arteiraiño. Ezen Jainkoak nahi du ikhas dezazun pairatzen konsolamendu gabe; osoki haren azpian eman zaitezentzat, eta pairatuz humillago egiñ zaitezentzat.

        Jesu-Kristoren pasioneak ez du nihor hala ukitzen nola haren iduriko sofrikariak pairatu dituena. Alde guzietarik beraz bathuko zaitzu gurutzea, lekhu guzietan zure beira dago.

        Noratnahi den ihes egiñ dekakun, eziñ itzuriko zaizko; zeren noratnahi den zoazen, zurekin eramaten baitutzu zure burua, eta hala kausituko baitutzu zure burua lekhu guzietan.

        Zoazen goiti, zoazen beheiti, zoazen kanporat, edo zaudezen barrenean; alde guzietan aurkhituko duzu gurutzea, lekhu guzietan beharko duzu pazienziaz borthiztu, nahi baduzu ardietsi bihotzeko bakea, eta merezitu sekulako khoroa.

 

        5. Gogotik ekhartzen baduzu zure gurutzea, hark ere ekharriko zaitu, eta gidatuko zaitu xede dohatsu hartara zeiña baita nekhe guzien akhabantza, eta zeiña ez baita edireten bizitze hunetan.

        Baiñan gogoaren bortxa iasaten baduzu karga pisuago egiten duzu, eta pena gehiago zure buruari ematen diozu, berdiñ bai eta ez bada pairatu behar duzunaz geroztik.

        Gurutze bat uzten baduzu, kausituko duzu bertze bat menturaz pisuagoa.

 

        6. Egundaiño nihor eziñ itzuri zaio gurutzeari, eta duzu uste zu itzuriko zaizkola? Sainduetarik zeiñ izatu da egundaiño gurutze, eta ondiko gabe bizia iragan duenik?

        Jesus gure nausiak ez du berak izatu munduan bizi izan deiño oren bat zerbait pairatu gabe. Ezen dio berak: Pairatu behar zuen Kristok, hilletarik bixtu behar zuen, eta sofrikarien bidez behar zuen sarthu bere lorian. Nola bada billhatzen duzu zeruko bertze biderik, gurutzearen bide erregezkoa baizen.

 

        7. Jesusen bizitze guzia bethiereko gurutzea, eta martirioa izatu da, eta zu zabiltza pausuaren, eta bozkarioaren billha?

        Enganatzen zare, berriz ere diot, enganatzen zare, mundu huntan billhatzen baduzu penarik, eta pairatzerik baizen, zeren bizitze mortal hau lazeriaz bethea baita, eta alde guzietarik atsekabez, eta gurutzez inguratua.

        Eta zenbatenaz arima bat aitziñatzen baita gehiago bizitze espiritualean, hainbatenaz komunzki gurutze handiagoak ditu; zeren zeruarentzat duen amudioak miñkiago sentiarazten baitiotza bere desterruko penak.

 

        8. Halere haiñ miñki aflijitua den arima ez da konsolazione gabe, ezen frogatzen du zenbatenaz baita haren gurutzea gogorrago eta pisuago, hanbatenaz dela haren abantzua, eta probetxu espirituala handiago.

        Ezen nihork amudiorekiñ atsekhabeak hartzen dituenean, hekien dorphetasuna ganbiatzen da Jainkoaren esparantza handi batetara, eta zenbatenaz sofrikari hek gehiago flakatzen baitute haragia, hanbatenaz graziaz borthiten du espiritua.

        Eta batzuetan Jesus gurutzefikatuaren iduriko izan nahian inspiratzen dio arima bati hanbat amudio, atsekabeentzat, non ez bailuke nahi izan hetaz gabetua; zeren uste baitu hanbatenaz izanen dela Jainkoaz maitatuago, zenbatenaz pairatuko baitu haren amoreagatik gehiago.

        Eta ez du hori egiten gizonaren berthuteak, baiñan bai Jainkoaren graziak, zeiñak haragi flakoan bizi bagare ere ematen baitaroku hanbat indar non maitarazten baitaroku, eta khar handirekiñ billharazten naturalezak gehienik higuiñarazten darozkigun gauzak.

 

        9. Ez da gizonaren pendura gurutzearen iasatea eta maitatzea, gorphutzaren gaztigatzea, eta gathibu errendatzea, ohoreei ihes egitea afrontuak bozkariorekiñ hartzea, bere buruaren arbuiatzea, eta bertzez arbuiatua izan nahi izatea, kalteak eta nahigabeuk gogo onez pairatzea, eta mundu huntako onen eta abantaillen gutiziarik ez izatea.

        Zure burua ungi konsideratzen baduzu, kausituko duzu horietarikan deus eziñ dagikezula; baiñan Jainkoa baitan ematen baduzu zure esparantza hark emanen darotzu zeruko laguntza, eta hala mundua, hala haragia zure azpian izanen dire.

        Fedeaz armatua eta gurutzeaz seiñalatua bazare, deabruaren ere etsai kruel haren beldur etzare izanen.

 

        10. Zaude Jesusen zerbitzari on eta leial bat bezala, bihotz handirekiñ iasatera gurutzea, zeiñetan zure nausi adoragarriak nahi izatu baitu hill zure amoreagatik.

        Deliberatu behar duzu bizitze dohakabe huntan zareiño hañitz gaitz eta atsekabe suerteren pairatzerat; ezen norat nahi zoazen, eta non nahi gorde zaitezen, ez duzu kausituko halakorik baizen.

        Horixe da zure zorthea; eta gaitz horien guzien kontrako erremediorik ez dukezu, guziak pazientki iasatea baizen.

        Edan zazu beraz gogo onez Jesusen khalitza, nahi baduzu izan haren adiskide, eta haren erresuman partale.

        Konsolazioneez denaz bezanbatean utzatzu hek Jainkoaren borondatera, egiñ dezan hetaz plazer duena.

        Baiñan zuk delibera zazu atsekabeen hartzerat konsolazioneak balire bezaiñ bozkario handirekiñ. Ezen mundu huntako sofrikariak (guziak pairatzen bazintu-ere), ez dire konparatzeko agintzen zaizun loriarekiñ.

 

        11. Ardietsi dukezunean estatu hura, zeiñetan penak ezti idurituko baitzaizkitzu, eta atsekabeak gozo Jesu-Kristoren amoreagatik; orduanxe idukazu zure burua dohatsu, aurkhitu dukezu munduan parabisua.

        Baiñan sofrikarien ihesi zabiltzaiño, edo hek fastikurekiñ pairatzen ditutzuiño; dohakabe izañen zare, eta ihesi egiñ nahi diozun gaitza bethi iarraikiko zaitzu.

        12. Ematen bazare behar zaren bezala pairatzeko, eta hilltzeko estatuan, kausituko zare berehala hobeki, eta ardietsiko duzu bihotzeko bakea.

        Iondoni Paulo bezala baziñe ere altxatua hirurgarren zeruraiño, etzinduke segurantzarik ez duzula deus pairatuko. Ezen Jesu-Kristo berak hanbat fagoreen ondoan erran du Apostolu hartaz: Nik erakusiko diot zenbat beharko duen pairatu ene izenaren ohoretan.

        Zure egiteko bakharra da beraz pairatzea, nahi baduzu Jesus maitatu, eta zure bizi guzian zerbitzatu.

 

        13. Oxala bai baziñe Jesus izenean zerbaiten pairatzeko! Oi nolako ohorea liteken zuretzat! Nolako bozkarioa Sainduentzat; eta exenplu ona zure lagunentzat! Ezen guziek laudatzen dute pazienzia, nihork gutik hartu nahi badu ere.

        Ez liteke bada iustu zenbait pena xume har ziñezan Jesu-Kristogatik, hanbat iendeek munduagatik hagitzez dorpheagoak hartzen dituztenaz geroztik?

 

        14. Siñhetsazu zure biziak behar duela izan heriotze kontinual bat, eta zenbatenaz gure buruari hilltzen baitzaizko gehiago, hanbatenaz gehiago hasten zarela Jainkoarentzat bizitzen.

        Nihor ez da gai zeruko gauzen ezagutzeko, ez bada iartzen atsekabeen sofritzerat Jesu-Kristoren amoreagatik.

        Deusere ez da Jainkoaren gogarago denik, eta gure salbamendukotz hoberik, nola Jesu-Kristogatik gogo onez pairatzea.

        Eta hautua ematen balitzaitzu, hobeki behar gintuzke hartu atsekabeak ezen ez bozkarioak; zeren horla iduri gehiago baikinduke Jesu-Kristorekin, eta haren sainduekiñ.

        Ezen gure merezimendua, eta aitziñamendua ez dago hañitz konsolazioneen, eta estitasunen igatean, baiñan hañitz altaramenduen eta penen iasatean.

 

        15. Izan batitz sofrikariak baiño deus hoberik, eta progotxosagorik gizonentzat, Jesu-Kristok erakutxiko zarokun bere hitzez eta exenpluz.

        Bizkitartean bere diszipuluak eta bere iarraikun guziak ez ditu exhortatu pairatzerat baizen, eta ez diote erran bertzerik, lekhat: Nihork ethorri nahi badu ene ondotik uko egiñ bioza bere buruari, ekhar beza bere gurutzea, eta iarraiki bekit.

        Hala gauza guziak ungi konsideratu eta examinatu ondoan, huntantxe zarratzen

dire: Hañitz atsekabetarik eta hañitz sofrikaritarik iragan behar dela zeruko erresuman sartzeko.

 

aurrekoa hurrengoa