www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXI. KAPITULUA

 

Kreatura guziak arbuiatu behar ditugula, nahi badugu kreatzaillea kausitu.

 

ARIMAK

        1. Iauna haiñitz grazien beharra dut oraiño, ardietsiko badut estatu hura zeiñetan kreatura batek ere ezpanau trabatuko.

        Ezen zerbaitek itxekiten darotaiño eziñ zureganat libroki hegalda naiteke.

        Hala nahi zuen altxatu profetak, zionean: Nork emanen darozkit hegalak uso bati bezala, hegalda nadintzat, airean noan, eta aurkhi dezadan pausa lekhu bat.

        Zer da bakezkoagorik begi sinplea baiño? eta libroagorik mundu huntan deus desiratzen eztuena baiño?

        Altxatu behar da beraz gauza kreatu guziez gorago, utzi osoki nork bere burua, eta goratasun hartan ezagutu zu zarela gauza guzien kreatzaillea, eta zure obra guzietan eztela zure parerik.

        Orduan arima ezpada osoki lurreko gauzetarik lexatua, ezta nihoiz ere gai izanen zeruko gauzetan gogoa finkatzeko.

        Hargatik dire bakhanak kontenplazionekotz gai diren presunak, zeren gutiak baitire ontasun irankorretarik osoki apartatzen direnak.

 

        2. Hortakotz behar da grazia handi bat arima altxa dezakena bere buruaz gorago.

        Eta gizona ezpada ematen espirituaren goratasun hortan, eta kreatura guziez billhuzirik, ezpada Jainkoarekiñ osoki iuntatzen, ez dire deus kondatu behar haren iakiñ, eta izan guziak.

        Nork ere uste baitu badela deus handirik ontasun soberanoaz, neurri gabeaz, eta eternalaz kanpoan, haina aphal egonen da, eta herrestan ibilliko da luzaro.

        Jainko ez den guzia ezta deus, eta ezdeus behar da estimatu.

        Diferenzia handia da gizon prestu Jainkoak argitzen duen baten zuhurtziaren, eta theologo batek liburutarik atheratzen duen iakintasunaren artean.

        Zerutik heldu diren argiak, eta graziak gure bihotzetarat isurtzen dituenak hagitzez dire baliosagoak, ezen ez gizonaren espirituak bere nekhez, eta estudioz ardiesten dituenak.

 

        3. Haiñitzek nahi lukete altxatu zeruko gauzen kontenplazionerat; ordean eztute egiñ nahi haiñ ontasun handiaren ardiesteko behar dena.

        Gu estatu dohatsu hartarik gehienik gibelatzen gaituena da, zeren gauza kanpokoei, eta sensuen gogarakoei lotzen baikaizkote, eta zeren artha guti baitugu gure buruaren mortifikatzeko.

        Eztakit zer den, edo zer espirituk garabiltzan, edo zer nahi dugun guk espiritualtzat pasatu nahi dugunok.

        Nekhe, eta artha haiñitz hartzen dugu ontasun ezteus, eta iragankorrenzat, eta eztugu hurren behiñ-ere pensatzen nola xuxen ahal dezakegun gure barrena, eta itxek bilduak gure sensuak.

 

        4. Helaz! ez gare haiñ lauster gure barrenean sartzen, non ez garen berehala ilkhitzen, eta eztitugu behiñere behar bezaiñ hersiki gure obrak pisatzen.

        Eztugu ikhusten zeiñ behera dabiltzan gure gutiziak, eta eztugu nigarrik egiten ikhusteaz ez garela lizuntasunik baizen.

        Jainkoak egorri zuen uholde handia lurrerat, zeren haragi guziak lohitu baitzuen bere bidea.

        Hala gure bihotzeko afekzioneak gaixtatuak direnean, eta gure arima bere indarrez gabetua edireten denean, baitezpada gure kanpoko akzioneek ere sentitu behar dute barreneko flakezia, eta korrupzione hura.

        Ezen bizitze onaren fruitua bihotz garbitik sortzen da.

 

        5. Galdetzen da maiz zer nihork egiten duen; baiñan guti kntutan hartzen da zer xedez hari den.

        Galdegiten da gizon batez, ea balenta den, aberatsa, edo ungi eskribatzen, edo kantatzen duen, ea bere ofizioan fexoa den.

        Orduan ea espirituzkoa, pobrea den, ea pairukorra, mansoa, barrenkoia den. Nihor ezta mintzo.

        Naturaleza, eta grazia hagitz dire diferent, hark eztio behatzen kanpoari baizen, hau berriz barrenera dago beira.

        Naturaleza maiz enganatzen da, graziak ez enganatzeko Jainkoa baithan ematen du bere esparantza.

 

aurrekoa hurrengoa