www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI. KAPITULUA

 

Gutik dutela maite Jesu-Kristoren gurutzea.

 

        1. Jesusek baditu hañitz haren erresuma maite dutenak, baiñan guti harren gurutzea iasaten dutenak.

        Hañitzek billhatzen dituzte haren konsolazioneak, gutik haren sofrikariak.

        Lagun hañitz du mahaiñean, baiñan bakharrik da barurean.

        Guziek nahi dute izan haren bozkarioetan partale, baiñan nihor gutik nahi du harengatik pairatu.

        Hañitz darraizko Jesusi ogia partitzen diotenean, baiñan guti pasioneko khalitza edan behar denean.

        Hañitzek ohoratzen dituzte haren bizitzeko mirakulluak, baiñan gutik haren heriotzeko laidoak.

        Hañitzek maite dute Jesus nahigaberik gerthatzen ez deiño, laudatzen dute eta benedikatzen, konsolatzen ditueiño; baiñan gordetzen bazaiote, eta uzten baditu denbora bateko, erortzen dire berehala murmurazionerat eta epheltasunerat.

 

        2. Jesus maite dutenek ez bere kontentamendu propialagatik, baiñan Jesus beragatik, benedikatzen dute sofrikarietan haiñ ungi nola bozkarioetan.

        Eta behiñ-ere konsolazionerik eman ez baliozate ere, ez litezke geldi hargatik bere laudorioak, eta eskerrak hari bihurtzetik.

 

        3. Oi ala indarsua baita Jesusen amudioa garbia denean, eta amudio propioaz nahastatua ez denean! Zer dire beraz Jainkoaren zerbitzuan eztitasunen bilha bethi dabiltzanak, baizen zerbitzari intresatuak, eta soldateko sehiak?

        Hañek bere buruak Jesus baiño gehiago dituzte maite zeiñak bethi bere abantaillen, eta aisien ondoan baitabiltza.

        Bizkitartean nor kausitzen da orai Jainkoa dohaiñik zerbitzatu nahi duenik?

 

        4. Presuna espiritualen artean ere nekhez kausituko da bat gauza guziez billhuzia denik.

        Non kausi daiteke presuna espirituz egiazki pobrea, eta kreatura guzien amudiotik osoki libroa? Munduaren bazterreraiño goanik behar da aurkhitu halako bat.

        Gizonak bere ontasun guziak ematen balitu ere, ez da hori deus. Penitenzia garratz bat egiñ baleza ere deus guti da hori. Munduko iakintasun guziak balitu ere urrun da oraiño. Balu ere berthute handi bat, eta debozione kharsu bat, eskas du gauza bat hagitz beharra.

        Zeiñ da hura? Gauza guziak utzi ondoan, utz dezan bere burua; bere baitharik athera dadiñ osoki, eta ez dezan deus itxek bere amudio propiotik; eta oraiño gauza horiek egiñ ondoan, eta egitekotz dauskan guziak siñhets dezan ez duela deus egiñ.

 

        5. Guti preza dezan bertzeei haren baitan handi iduritzen zaiena, eta zin-ziñez aithor dezan zerbitzari alfer bat dela; Jesu-Kristo berak erakuxten darokun bezala: Manatu zaizkitzuen guziak egiñ ondoan, errazue bethi, zerbitzari inutillak gare.

        Orduan daiteke egiaz espirituzko pobrea, eta gauza guziez billhuzia: orduan erran dekake Profetarekiñ: Pobrea naiz eta abandonatua.

        Halere ez da nihor izanen aberatsagorik, puxantagorik, ez libroagorik halako gizona baiño, zeiñak baitaki gauza guzietarik apartatzen, eta azkeneko herrunkan bere buruaren ematen.

 

aurrekoa hurrengoa