www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Mixel Xurio
1720

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Christoren imitacionea, Michel Chourio (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LVI. KAPITULUA

 

Gure buruari ukho egiñ behar diogula, eta iasan gurutzea Jesus-Kristok bezala.

 

JESU-KRISTOK

        1. Ene semea, zenbatenaz gehiago higuinduko baituzu zure burua, hanbatenaz hertsikiago enekiñ lothuko zare.

        Eta nola kanpoko deus ez desiratzeak egiten baitu barreneko bakea, hala gure buruei ukho egiteak egiten du Jainkoarekiñ gure batasuna.

        Nahi dut ikhas detzazun gauza guziak ene nahirat uzten konrestarik, eta errankizunik batere gabe.

        Niri iarraik zakizkit, ni naiz bidea, egia, eta bizitzea; biderik gabe nihor eziñ dabilke, egia gabe ezta ezagutza segurik, bizitzea gabe ezta nihor bizi.

        Ni naiz zuk hartu behar duzun bidea; zuk sinhetsi behar duzun egia, zuk desiratu, eta iguriki behar duzun bizitzea.

        Ni naiz bide segura, egia eziñ enganatuzkoa, bizitze fiñ gabekoa.

        Ni naiz bide xuxenena, egia lehena, bizitze egiazkoa, dohatsua eternala.

        Ene bidean bazaude, ezagutuko duzu egia, egiak salbatuko zaitu, eta bizi araziko zaitu eternitate guzian.

 

        2. Bizitzea ardietsi nahi baduzu begira zatzu ene manamenduak.

        Nahi baduzu egia ezagutu, sinhetsazu ene baithan.

        Perfet izan nahi baduzu sal zatzu ditutzun guziak.

        Ene dizipulu izan nahi baduzu ukho egiozu zure buruari.

        Bizitze dohatsua irabazi nahi baduzu, mezpreza zazu oraiko bizitze hau.

        Nahi baduzu zerurat altxatu, behera zaite, eta humilia lurrean.

        Ene erregetasunaean partale nahi baduzu, iasan zazu enekiñ gurutzea.

        Ezen gurutzearen maitatzailleek baizen eztute kausituko dohatsutasunaren, eta egiazko argiaren bidea.

 

ARIMAK

        3. Ene Iauna, eta ene Jainkoa zure bizitzea haiñ nekhatua, eta munduaz arbuiatua izatu denaz geroztik, egidazu grazia zure imitatzeko, eta munduaren mezprezioaren desiratzeko.

        Ezen zerbitzaria ezta handiago bere iauna baiño, ez eta dizipulua bere nausia baiño.

        Usa zazu beraz zure zerbitzaria zu bezala bizitzen, ezen hortan dago ene salbamendua, eta saindutasun egiazkoa.

        Zure bizitzeaz mintzo eztiren liburuek edo solasek ez naute konsolatzen, ez naute osoki kontentatzen.

 

JESU-KRISTOK

        4. Ene semea, dakizunaz geroztik, et irakurri duzunaz geroztik nik zer egiñ, eta irakatsi dudan, dohatsu izanen zare hek obretan ematen baditutzu.

        Nork ere baitakizki, eta begiratzen baititu ene manamenduak hark ni maitatzen nau, eta nik ere hura maitatuko dut; eta hura iararaziko dut ene aitaren tronuan.

 

ARIMAK

        5. Jesus ene Iauna, egiñ bedi zuk erran eta agindu duzun bezala, eta othoi gai errenda nazazu grazia haren ardiesteko.

        Hartu dut gurutzea zure eskutik, iasanen dut gurutze hartu dudana, eta garraiatuko dut heriotzeraiño darotazun bezala.

        Fraide saindu baten bizitzea gurutzea da baiñan gurutze hura zeruko bidea da.

        Sarthu naiz bide hartan, etzait zillhegi gibelat bihurtzea, are gutiago bide haren uztea.

 

        6. Ea beraz anaiak, goazen elkharrekiñ Jesus gurekiñ izanen dugu.

        Jesusen amoreagatik hartu dugu gurutzea: haren amoreagatik iasan zagun fiñeraiño.

        Hura izanen da gure laguntzaille, gidari, aitzindari.

        Horra gure erregea non doan gure aitziñean, hark gure alde nahi du gudukatu.

        Jarraik gakizkon bihotz handirekiñ, eztugun etsaien beldurrik.

        Hill gaitezen behar bada gerla hortan, eta gure laidotan etzagula erranaraz gai izatu garela gurutzearen banderaren uzteko.

 

aurrekoa hurrengoa