www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik
Pedro Antonio Aņibarro
c. 1804-1821, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren lau evangelioac batera alcarturic, Pedro Antonio Añibarro (M. Pilar Ciarrustaren edizioa). Labayru / BBK, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

4. IRAKURTZA

 

Jerusalengo Agintariak dirautse Jesusi,
ze eskubidegaz gauzok egiten dituan:
ta Jaunak irudin bategaz adirazoten deutse
euren biotz gogorra Jaungoikoaganako.

 

BATERA San Mateok cap. 21. v. 23-32.
San Markosek cap. 11. v. 27-33.
San Lukasek cap. 20. v. 1-8.

 

        Eta egun aetarik baten, bera egoala jenteari irakasten, ta prediketan Elexan, batu zirian Sazerdoten Buruak, ta Eskribak, Zarrakaz.

        Eta onela berba egin eutsen berari: Ze eskubidez gauzok egiten dozuz? ta nok emon deutsu poderioa gauzok egiteko?

        Ta Jesusek eranzun, ta esan eutsen: Nik bere berba bat itanduko deutsuet, ta badiraustazue au, nik bere zuei esango deutsuet ze eskubidez au egiten dodan.

        Juanen Bateoa nongoa zan? Zerukoa, ala gizonena? eranzun eidazue.

        Eurak barriz euren artean gogoratuten eben, esanik: Badiñogu Zerukoa zala, esango deusku: Zegaiti bada sinistu ez zeuntsen?

        Eta badiñogu gizonena zala, jenteen bildur gara: erri guztiak arrika egingo deusku; bada egiatzat dauko Juan Profeta zala.

        Bada guztiak euken Juan Profetatzat. Ta eranzun eutsen Jesusi, ziñoela: Ez ekiela nongoa zan: Eztakigu.

        Eta Jesusek esan eutsen: Nik pere esango ezteutsuet zuei, ze poderioaz gauza oneek egiten dodazan.

        Baña zer deritxazue? Gizon batek seme bi zituan, ta eldurik nagusiagoagana, esan eutsan: Semea, zoaz gaur, ta bear egizu nire mastian.

        Eta semeak eranzun eutsan, esanik: Eztot gura. Baña gero damutu jakon, ta joan zan:

        Ta eldu zan besteagana, ta ori berori esan eutsan; ta berak eranzun, ta esan eutsan: Joango nas, Jauna: baña joan etzan.

        Zeñek oneek bioetarik egin eban Aitaren borondatea? Eurak esan eben: Lenengoak. Jesusek esan eutsen: Egiaz dirautsuet: Zuek baño lenago joango diriala Jangoikoaren Erreinura Bekatari agiriak, ta emakume loi-zikiñak.

        Zerren etorri zan Juan zuetara Justutasuneko bidean, ta ez zeuntsen sinistu; ta Bekatari agiriak, ta emakume galduak sinistu eutsen:

        Zuek barriz ikusi ezkero, penitenziarik bere egin etzenduen gero, sinistuteko berari.

 

aurrekoa hurrengoa