www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Etxebiko intxaurpetik

 

Arratsaldea badoa, mendien ostietara,

Etxebiko intxaurpetik gaur dakust Eguzkia,

            Iugura guztia

Daroala odei astun, arre, zurbill larriakaz,

Laño meiak bere batzuk dabilltzala aidean

            Ke ariñen antzean.

 

Goietako Aingeruen danen buru zareana,

Bestien nausitasuna dozuna antxiñatik,

            Ordurik ona beti;

Esku zuri leun orregaz giltza bati ikutuaz,

Zabaltzen da bereala gaba gure gañean,

            Ordua eltzen danean.

 

Inguruko ibarretik aisearen egoetan

Zatorkuzan kanpaiaren taunkada negartia,

            Illetea guztia;

Euskaldunak zu entzunaz burua billostu oi dau,

Ezpan, miñ ta biotzagaz goratu Jaungoikoa,

            Gure izketan deitua.

 

Betoz zure damu-otsok, ibar, zelai ta aldatzetan

Goirik goi ta mendiz mendi, basoz baso zabaltzen,

            txoritxoak laguntzen,

Deutsuela ulertzean, zer datorren eurakgana,

Txio motel motelagaz agerturik tamala,

            Datorrelako gaba.

 

Isiltasun uts onetan lantzean beiñ dantzudala,

Idiak dakarden burdi txirrinken irrintzia,

            Artzen dot naibagia;

Astundu daroelako larregi iraz burdia,

Ta burtzilla labantzeko eroan ez txaboia,

            Intziriaka doia.

 

Etxebiko baserritxo txiki onetan bizi naz,

Intxaur azpi onetantxe amaitutean lana,

            Gaur eiñ dodan erara;

Atsedeten nagoala inontz gozoa artuagaz,

Dakust Asaben oiturak eztirala danak ill,

            Motzak artu arren miñ.

 

Eguzkia joan da ta, izarrak barriz badatoz,

Asi da nire burua alperrik amesetan,

            Begitantzinoetan;

Diranakgaitik antz-utsak guzurrezko irudiak,

Idargitan kerizeak daroazanak sortu,

            Nagien ikaratu.

 

Ontzaren uluak eta orrien firi firiak,

Itxasoko olatuen zaratakaz nasturik,

            Nik otoitzaz baturik,

Gogoak emoten badeust esetsi baten antzera,

Zer da gaur Aberri au ta, zer izan zan berau len,

            Negarrez dot deituten.

 

Sartaldera igexika joandako Eguzkia,

Ni nago zatxakuzala zu joanetorlea

            Barri banatzallea

Ausaz zinoazan zurbill Erri oni ikusirik

Odol errekak botiaz egiñ eutsen zauria,

            Akats bildurgarria?

 

Nora ezkutau zirean gure gudari errutsuak

Euren azkora, aiotz eta, txuso lantza zorrotzak?

            Nun zare adar otsak?

Mendiz, mendi ganbarruak, entzun eien danak zoli

Esnatu! o biskaitarrak! Kiputz ta arabarrak,

            Baita anaia naparrak?

            Or dira gaztelarrak,

            Nun dozuez batzarrak?

 

Ze bakar aurkitzen dira Lege zarren jauregiak!

Zeñ isillik, zeñ billosik lengo batzarlekuak,

            Ziranak ospetsuak!

Erabagi ain andiak nun eukon jaiokerea,

Bertan gozau zedin beti euzkerazko bizia,

            Jauna gandik jatsia.

 

Zer jazo zan baña eunki lokarririk bageakaz?

Zer orduko aukera ta Euskerazko legeaz,

            Urriñak Erdereaz?

Eguzkiak agur badau, noz arte esan bagarik,

Besteak bere euskuen illak oi daben legez,

            Euren erritik iges.

 

Illun kanpaia zuk beti gomutara dakardazu

Beste mundu bat badala, dagidan erregutu,

            Baita ni nadin poztu;

Non dan beste Eguzki bat bizigarri obeakaz,

Lira onek kantau daian betiko atsegiña,

            Gerorako egiña.

 

Zure deien esanai aituten daben guztiak,

Egaztien ots-eztiaz erantzunaz batera,

            Nik bere euren antzera

Jaungoikoaz Lege zarra Zerutik jatsi dakigun

Bertaraño jasoten dot gau ta egun biotza,

            Eske len geunkan Poza.

 

                        Euskalduna, 1905, 406

 

aurrekoa hurrengoa