www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Franziskotarren Foruko
komentu barriari

 

                        Bertako buru egiten daben
                        Aita Frai Luis Arrue-koari

 

                        «Leku au ze ikaragarria dan!

                        Jaungoikoaren etxea eta zeruko

                        atea au bene benetan da».

                            (Jenesis XVIII Kap.an 17.an bera)

 

Zeñek ez daki Eguzki batek

Zelan dituan argitzen,

Berak bakarrik zeru ta lurra

Ziranak illun aurkitzen?

Ta nok ez daki ak deuskunean

Begia ozta agertzen,

Izate danak barrez deutsala

«Zatorkuz ondo esaten»

Eta illunak ikuste ez arren

Deutsala iges egiten?

 

Zeñek esan lei ez dala ederra

Izarraturik gabean,

Zeru urdiña ainbeste bitxiz

Galanto jazten danean?

Eurai begira ni, zenbat bidar!

Zurturik gelditutean,

Kantau gura ta kantau ezinta

Jarten naz neure artean,

Ta Egillea adoretako

Auspaztuten naz lurrean.

 

Baña gaur kantau al dot nik, eta

Kantau bear dot egin nik,

Zergaitik izan barri bat jakun

Agertu uste bagarik,

Neure aingeru kanta zaleak,

Ez deust emoten bakerik;

Gau eta egun dagot kiñaka

Enadin egon muturik,

Lira barri bat berak deust opa

Legoa badot zarturik.

 

Ixiotu deust berak biotza

Berak argitu burua,

Berak ego bi gañera emon

Eregiteko kantua,

Berak luzatu baneukan bere

Laburra pentsamentua;

Iragarteko bertsoz egogi

Emen gertau dan kontua,

Zerren eguzki antzekoa dan

Izar eder gaur jaiua.

 

Zorioneko jaiotza izan

Bekizu zuzi barria,

Bizkaiarentzat izan zaitean

Kurselu garrez bizia,

Ostarku gisan zuk dirudizu

Bake erakarlaria,

Ekatx indriska eta urjolen

Aterri poztugarria,

Gaurko eguna izan dakigun

Beti gomutagarria.

 

Zolloko atxa zugaitik dago

Ezin geiago poztua,

Bertan txoriak ugari dabe

Txistu ta txorrotxiua;

Orra Gernika-ibar ederra

Dana alegeratua,

Orra bakean otzan ixillik,

Itxaso orroetsua,

Orra gaur berdez eder jantzirik

Gure Arbola santua.

 

Ze ederra da leku santu au,

Nun Jaungoikoa dan bizi!

Alan bart emen amesetan dot

Eskallera bat ikusi,

Lurretik eta goi zeruraño

Luzeran zan jaditxi,

Bertatik ona zoriondunak

Asko zirean eratsi,

Euren buruko estalgarriak

Egite arren erantzi.

 

«Itzaltsua da leku santu au»

Esaten eben dan danak;

Auts kolorezko abituagaz

Zirudien bai, anaiak,

Euren artean baziran mitrak,

Baita kapelo zabalak,

Baita baziran ekarrezanak

Aita santuen tiarak,

Nok kontau daikez martire palmak

Dotore zituezanak?

 

Aiñ eskallera eskergeari

Nekusan gizon bat baña,

Eutsiten bere sorbaldeagaz

Jesusen antza eukana,

Eta Jesusen antzekoena

Irakurten dot nik dala,

Asisko seme Franzisko umill

Munduan bakar bakarra,

Duda bagarik esan neike nik

Gizon a berbera zala.

 

Eukazalako esku bietan

Gorririk untze zuluak,

Oñetan bere odoldun zauri

Bardin Jesusek lakuak;

Baña gogoa eroan eustan

Beraren saietsekuak,

Karobi bat legetxe nundik

Urteten eutsan beruak,

Zerren biotza goritu eutsan

Kristoren amodiuak.

 

Zerutarrezko prozesiñoa

Nengoan pozik ikusten,

Eneban uste nik amesetan

Nintzanik bada aurkitzen;

Baña amesa a bazan bere

Zintzo zintzo dot sinisten,

Leku au dala berarizkua

Bertantxe bizi ditezen,

Franzisko santu aren semeak

Eleixeari eutsiten.

 

Zergaitik euren Aita zalako

Eleixearen pillarra,

Inozenzio irugarrenak

Lotan ikusi ebana;

Eta bakigu guraso aren

Semeak onak dirala,

Gure mundu au badogu bere

Leku askodun zabala,

Danok dakigu dala edo nun

Fraillen bat Franziskotarra.

 

Agurtzen zaitut nik gaur Foruko

Komentu polit txikia,

Zarealako uso zurizko

Espirituen abia;

Zure umeak artuko dabe

Egan egiñik Asia,

Ozeania, Amerika ta

Baita Afrika goria,

Ez da zer esan, Europa barriz

Landuko dabe guztia.

 

Eguzkiak nun begia josi,

An Franziskoren semea,

Aurkituko da zabalduteko

Beste argi bat obea,

Idigiagaz itsu tristeai

Begietako atea,

Euren aurrean jarten deutsela

Ispillu lauso bagea,

Ebanjelio eguzki eder

Zerutarra dan legea.

 

            * * *

 

Lege on orrek zer egin daben

Danok daukagu goguan,

Zergaitik laño bagarik jarri

Ginduzan adimentuan,

Ipar aiseak garbitasuna

Egin oi badau zeruan,

Jesukristoren lege arek, zer

Egingo eban munduan,

Lengo lege zar antxiñakoaz

Itsumendian beguan?

 

Baña alan bere egiak daukaz

Arerioak lurrean,

Ipar aiseak egoia zelan

Euki oi daben aurrean;

Oneek balebiltz lagunak legez

Alkar arturik onean,

Eleuskiguez ala sortuko

Trumoi gaiztorik aidean,

Zeñen urjolak gero oi doguz

Artuten bizkar gañean.

 

Errugabeok artuten gagoz

Txarren okerra guztia,

Zeiñtzuk eurenaz asetu ez da

Nai dabe besten zatia;

Eurak gaur goian dagozalako

Irunsten dabe txikia,

Itxaso zabal arroak zelan

Indar gitxiko ontzia;

Baña ez deutse Jaunak itxiko

Jaristen garaitz nausia.

 

Alperrik dabe aixe gaiztoa

Zabaldu mundu guztira,

Euren itxaso amorratua

Alperrik zital jarri da;

Bertan dabillan Arrantzalea

Zelan daukagun begira,

Ea Franziskotarrak bertatik

Erremu bana ingira,

Aterateko dagoana estu

Bildurbagako tokira.

 

Or Eleixea Aita Franziskok

Ikusi eban taiuan,

Dirudiala zabu zabuka

Galtzeko pelleburuan,

Odei illuna besterik ez dau

Bere inguru osuan,

Ekatx gaiztoak arturik dauke

Euren erraien barruan

Franziskotarrik, ez ete dauka

Galdu ez dedin onduan?

 

Milla aingerua, asko daukaz bai,

Eta olatu artera

An nun doazan, egin gurarik

Arpegiz arpegi gerra;

Doaz urpean, doaz gañean,

Mariñel onen antzera,

Infernutar dan itxasoari

Arima oztuak kentzera,

Doaz, bai, doaz, doaz garaitu

Edo martire illtera.

 

Aurrera doaz, leikarraldoa

Daben legetxe eguzkiak,

Ipini arte ur biurturik

Biotz izoztu guztiak,

Burdiña otzak gogorrak dira,

Beroak argizagiak,

Karidadezko suaz bigundu

Egiñik pekatariak,

Otso ziranak dituezala

Arditzen sermolariak.

 

Iragarririk errelijiño

Bakarrik katolikuan,

Salbaziñoa aurkitzen dala,

Eta ez andik kanpuan,

Eretxi donga guzurrezkoak

Ekarrezanai buruan

Ziatz atera, eta egiak

Sarturik euren lekuan,

O! zenbat asi diran lanean

Eleixearen arluan!

 

Zenbatek, baña ezaguturik

Len oker ebiltzazala,

Konbertidurik esaten dabe

Gaur beste batzuk dirala;

Leon agura zarrak koroia

Erroman bear leukala,

Biurtu arte berari on

Onik izango ez dala,

Eta mundua baketzeko duiñ

Bera dogula bakarra.

 

Autortzen dabe, lotsa bagarik

Bera dogula nausia,

Eta berari zor deutsagula

Danok obedientzia;

Bera dogula Artzaiña eta

Gu bere ardi taldia,

Berak eta guk konpondu daigun

Eleixa katolikia,

Nundik zerura aurkietan dan

Zuzen zuzen dan bidia.

 

Eskallera bat emendik dago

Elduten dana bertara,

Baña igoten nekosua da,

Da pikea, da bedarra,

Franziskotarren atzetik goazan

Goruntza mallarik malla,

Gora bai, gora gogor egiñaz

Goren gorengo puntara,

Gozotasunez sartu gaitean

Goibera bako landara.

 

Beiñ ara sartu ezkero ziran

Amaitu gure nekiak,

An ez daukagu gerra lekurik,

Ez da nun egiñ peliak;

An da bakarrik gozatutea

Ereñotzezko koroiak,

Kantaurik beti, beti bai, beti

Garaitza alegeriak,

Jaungoikoari eregiagaz

Gloria azken bagiak.

 

                        Euskal Erria, 1889, XXI

 

aurrekoa hurrengoa