www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Pakea

 

Bertsoz erregutu nai det premia degun gauza,

Zeiñ gaberik oso illda arkitzen zaigu poza;

Au bada denok deitzen dioguna Pakea,

Zeñekin dabillen ondo dierri zeiñ etxea.

 

Itxasoko esturetan farol bat portukoa,

Begiztatzen nekatzen da askotan pillotoa;

Alaxen emen Pakea gaur gabiltza billatzen,

Pobrea zeiñ aberatsa danok poztu gaitezen.

 

Bedeinkatua Pakea, izan bedi benetan,

Bera gabe larri gera Españia onetan;

Bera mantu loretsuaz arren gorde gaitzala,

Olloak bi egoakin txitotxoak bezala.

 

Atoz, atoz bereala Erregiñik onena,

Laster baldin ezpazatoz, oso galduak gera,

Zatozala deiz gaude, belauniko umillik,

Zu gabe mundu onetan ez dalako gauz onik.

 

Zerutar zeran doaia jantzi zaite ostarkuz,

Zure kopeta argiak ala poztuko gaituz;

Ikustean urdintzera zerua dijoala,

Turmoi ta tximistak berriz desagertu zirala.

 

O! Ama zoragarria! o! Pake doatsua!

Negarrez gaur arkitzen da pobrien etxetxua,

Bertako seme galantak gudara eramanik

Gurasoak lanerako ez dutela indarrik.

 

Labore saill len ziranak oraiñ larreak dira,

Belarra bakar bakarrik aietan ageri da,

Lantzeko gaur falta dira indartsuen besoak,

Eraman zituelako gerra zital gaiztoak.

 

Itzali zazu Pakea, gudako su ta garra,

Ixildu sutunpa eta balen txistu zakarra,

Mututu turunta soñu gaurko beldurgarriak,

Kantatzeko beren ordez zuk dituzun gloriak.

 

Zu zera oliba berde, guztien poztasuna,

Zure ostoen artean dakartzu osasuna;

Zu gabe dena da gaitza, gosea ta premia,

Gorrotoa, errabia, ta inpernu bizia.

 

Eguzkiak duenean esnatzen loretxua,

Bereala asitzen da zabaltzera kolkua;

Eta bere usai gozoz ingurua eztitzen,

Pozpozik du argia bai zaiolako gustatzen.

 

Alaxen zuk ere bada Pake errañutsua,

Ager zazu zere musu argi zoriontsua,

Zabal zazu Españian zure ditxa ederra,

Desegiñik sekulako au bezelako gerra.

 

Zuk ekarri oi diguzu beti elkartasuna,

Zu zeran lekuan dago anaiatasun ona,

Zuk amari biurtutzen gerratikan semea,

Besartean estutzeko bere zati maitea.

 

Zuk illtzen dezu plagarik gaiztoena lurrean.

Desegin etsaitasuna sartua gizartean,

Karidadea jarririk ezdabaiden lekuan,

Zeñek dituen birtute on guztiak barman.

 

Zuk eztezu bele antzik, dirudizu usoa,

Noeri alako berri ona emandakoa,

Zu zera gaitzik iñori egiñ eztiozuna,

Guztientzat o! Pakea! dezu dontsutasuna.

 

Zu zera beko zerua, guretzako lurrean,

Aingeruak kantatua Kristo jaio zanean,

Jaungoikoaz urrena zu guk zaitugu bearren,

Atoz, atoz Pake ona, ainbat lasterren, Amen.

 

                        Euskal Erria, 1898, XXXIX

 

aurrekoa hurrengoa