www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Kurutzearen bedeinkaziñoko egunean
Gorbeia ganerako
gogoraziño batzuk, bertsoetan

 

                        Emon eta zabaldu

                        Egizu frutua,

                        Adoretan zaitugu

                        Kurutze santua.

 

Odolez nazalako oso euskalduna,

Gogoraziño batzuk jatortaz burura,

Gorbeia gañetik gaur zeiñtzuk deitu gura

Neukez eta o! banintz berba zoliduna

Beietan dagozanak dearrok entzunda

Ipiñi daien onuntz belarria zurra.

 

Ekatzuez txoriak gaur txio gozuak,

Usoak urrueta leun ta eztitzuak,

Ekatzuz itxasoa orroe sendoak

Odeiak burrundara bildugarrizkoak,

Nai dot izan daitezan danetarakoak,

Nire aotik urten nai daben bertsoak.

 

Baña obeto lagun daiztala Zeruak,

Orreen doiak emonak dira Jaungoikuak,

Danok egin zituan beraren eskuak,

Itxaso, txori, uso, lur, atx ta basuak,

Aise, odei, justuri, gizon ta aingeruak,

Zeiñek barriz egingo ebazan zeruak?

 

Jauna, auspeztuten naz gois eta gabean

Zure egiñ ederrai begiratutean,

Baña, naibagetuten gizona ikustean

Arrotuta jagirik bere ezer ezean,

Zer da egin koskor au bizitzan lurrean,

Zuk zeure eskuagaz ez lagundutean?

 

Zure laguntzaz Jauna, nire eztarriak

Esango al dauz emen berba eregiak,

Nai dodaz bada kantau Erriko gloriak;

Entzun egidazuez euskaldun anaiak,

Izan dakizuezan gomutagarriak.

 

                    * * *

 

Euskaldun jaio giñan ta euskaldun azi

Euskeraz euskulako amak erakutsi.

Euskera laztan maite zabiltz gugaz beti,

Euskera ill ezkero ez dogu nai bizi,

Baña, lenago illgo gara Jesus gaiti,

Bera i egiñ zalako lenago gugaitik.

 

Maite zaitugu lenen Gizon Jaungoikua,

Laztanduten dogula zure Lauburua,

Urrengo mallan gero lagun urrekua,

Baita jaio giñean lur eta lekua,

Au dalako gauza bat on ta bidezkoa.

Izan gura espada erritan gaiztoa.

 

Maitetuten zaitugu Jaungoiko Eroslea,

Gomutetan pasmo zure eskergea,

Goisetik ein badogu onako bidea

Artu arren igoten andia nekea,

Zure amodioak o! Jesus maitea!

Igo eragin deusku aldats ain luzea.

 

O! Kurutze ederra ona igotean

Zurtu gara, aiñ andi zu billatutean,

Ogeta-amairu metro badozuz  luzean,

Ezautu dogu dala Jesusek lurrean,

Beste ainbeste urte aragitutean

Ebazalako egiñ gizonen artean.

 

Ze asmo ederra zan izan gauza ori,

Zerutik norbaiteri jakona etorri,

Datorrelako oso arira berori,

Txalo bat eiten deutsat emendik jaun orri,

Baita egintza onen zuzentzalleari,

Amaitu dabelako guztia egogi.

 

                    * * *

 

Baña, goazen aurrera aldasdun arloan

Goazen mallarik-malla, ez launan beingoan

Berbazko lora sorta bat daukat buruan,

Jarri nai dot bakotxa malla adiutuan,

Belarrira ots ona dagien soñuan,

Euren tandea eldu oi jaken orduan.

 

Bai, iruleak bere gerrian gorua

Dakar aren buruan jarrita amulua,

Baña, zelan ipiñi nik dodan kirrua,

Aria nai neuke egin seda antzekoa,

Meia, leuna, erbatz ta tronpil bagakoa,

Luze barriz lurretik Zerurañokua.

 

                    * * *

 

Bizkaiak gozau badau beti zoriona,

Da euki dabelako Gernikako Arbola,

Zeiñ dan bedeinkatua deituten jakona,

Jaso espaleu baña Kurutze bat gora,

Non bera egingo zan orren illezkorra?

Zetatik izan eskur ain onak emona?

 

Ogeigarren gizaldi Kurutzearena,

Bizi dakigun zure gomuta ederra,

Gorbeiara gaur gara igo ikustera,

Kurutzezko bandera Jesukristorena,

Ikusirikoetan zeiñ dan andiena,

Bizkaiak ta Arabak eregi dabena.

 

Kurutzearena da Euskaldun Erria,

Fedea daukalako kristiñau garbia,

Beragaitik emongo nok leuken bizia,

Jesus izan zalako kurutzan josia,

Euskaldunak gaur nori deutsan zor andia,

Gorputz, arimea ta daukan on guztia.

 

Nai leukie gaiztoak mundutik kentzea,

Ainbeste gizaldidun gure estandartea,

Arbola bedeinkatu parerik bagea,

Izan zara ta izango ill arte gurea,

Zarealako Jesu-kristoren gillzea,

Zeugaz edegiteko Zeruko atea.

 

Dontsu au gaitik ziran gure alderdiak,

Siniste santuz zeiñtzuk zirean biziak;

Alan eukezan lege zoriongarriak,

Non ez eban topetan iñoz erejiak,

Lekurik loituteko euskaldun gloriak

Zeintzuk ziran badakiz gaur mundu guztiak.

 

Kurutzeagaz ill zan Aretx zar maitea,

Kurutzeduna dogu Gernikan semea,

Kurutzedun badogu beti Arbolea,

Ez da sekula illgo asaben fedea;

Alperrik infernuak beti eiñ gerrea,

Azkenerako goia dalako gurea.

 

Garbiro ezagun da asaba maiteak

Bizi ta ill zirala kurutze zaleak,

Osterantzean, nondik doguz goi ta beiak

Antxiñetatik emen kurutzez beteak?

Ta baldin ezpagara gu euren semeak

Esan begi Gorbeia zure kurutzeak?

 

O! tantai guztiz altu eta eskergea!

Gloriarako zara gure igobidea,

Oiña lurrean eta zeruan puntea

Dozula, dirudizu zuk eskillarea,

Jakobek ikusia baño askoz obea,

A zan aingeruena, zu barriz gurea.

 

O! Arbola santua dingilizka euki

Zenduna gure Ona iru untzetati,

Gatxa sartu bajakun arbola bateti

Osasuna zugandik dator Jesus gaiti,

Agaitik zure frutak jan nai geunkez beti,

Betiko osasuna al daigun jaritxi.

 

Zugatz frutaz garratza, usaiñez gozoa,

Zure garauna oi da beti mirrazkoa,

Nok ale orri artu leikeon gustoa,

Arren, egin gagizuz Jesus Gizondua,

Mirra zale, itxirik ezti lurrezkoa,

Beti zu ziñalako mirraz mantendua.

 

O! Abe kristiñauen pozgarri bakarra,

Eretxiten zatxataz or portuko garra,

Itxasoan elduten jakunean gaba,

Ezkara zuzenduko bertatik zugana?

Gure illunpetako zuzia bazara?

Gorbeian gaur agertzen zarean izarra.

 

Eguzkiak biguntzen dau argizagia,

Negarretan ur egin edurra zeiñ leia,

Poztu geisoa eta pobre errukarria,

Zer daikezu zuk egin kurutze andia,

Erakutsi besterik bide bat garbia,

Garoazana artzera betiko gloria?

 

Bai, orratza darraiko beti imanari,

Ogi eske legetxe umea amiari,

Eta non nai ez izan guk kurutzeari,

Bertan ill zana bada guretzako ogi,

Edari eta geixo danen osagarri,

Maisu, lagun, bizitza, bide eta argi?

 

Beintzat emoten dogu Gorbeian berbea

Beti maitetuteko gure kurutzea,

Bera Golgotaraño pozik jasotea,

Odolaz bear bada baita gorritzea,

Bertan dogula emoten geure bizitzea,

Serbitzearren leial Jesus Erregea.

 

Mats parreak elduten deutsa egurrari

Ontz erroz ugariak bardin ormeari

Gure besoak gura deutse kurutz orri

O! balira on ta eurok galda gori

Batzandu egiteko guztiok berorri

Soltau baño geiago daiezan ebagi.

 

Ator Mundu arro ta aragi uzua

Ator i irugarren infernu sutsua

Eskuan bajoagu ain arma altsua

Jesusek itxiriko Kurutze Santua

Iru arerioai ausirik burua

Gorbeian kantau daigun garaipen osua.

 

Agur itxas-ligoia beti urrumaka

San Pedroen ontzia iruntsi guraka

Emeretzi eunkitan derautsak adarka

Ekiñ aurrera bere nai badok indarka

Baña garaitu baga joan dok amaika

Betiko garretara a! ze zorigatxa.

 

Bestela non zare gaur non zare Neronak

Non Dezioak eta Dioklezianoak

Non Arrio, Kalbino, eta Luteroak

Non az Bolter non dituk ire ingurukoak

Munduaz bat iraungo jok Aita Santuak

Ezin leialako uts Kristok aginduak.

 

Entzutetsuak zare Ararat ta Sinai,

Dreb, Tabor, Golgota, o! zuek bere bai,

Gorbeia bere izan dedin aurrera nai

Geunke, izan dalako Kurutze onen gai,

Nok diñotsen emendik euskal erri danai,

Belarriak isteko gaurko maisu txarrai.

 

Erdu gure gizaldi fede gitxiduna,

Zatoz, eta ikusi zer dan euskelduna,

Erdu gaur Gorbeiara gendulako gura

Lauburugaz apaindu beronen gallurra,

Emendik kerizpetu daian Euskal-lurra,

Mundu guztian dana Fedez ezaguna.

 

Araba ta Bizkaia Lauburu Santua

Besapean artuizuz, zaindu Gipuzkoa,

Emengo Naparroa ta goixaldekoa,

Lapurdi eta bardin baita Zuberoa,

Zaspi seme galantok euren gurasua,

Dabeeleko Euskera Adanek sortua.

 

Bai, Euskera da ustez urte geienduna,

Nogandik dogun ziur guk semetasuna,

Nori bear deutsagun izan maitasuna,

Fedez, berbaz, ekanduz, legez, al doguna

Einda urrinduteko erdalduntasuna

Gozau daian Euskerak lengo osasuna.

 

Baña, non zare bere ume aiñ dontsuak

Lege zar on euskaldun ta jaungoikozkuak?

Mendiok zutik dagoz, zuek lurpetuak,

Txarrago gomutatik bere urrinduak,

Aiñ andi ete dira euskal pekatuak,

Emen egin diranak erderaz nastuak?

 

Baña, gauza bat nai dot nik esan egia,

Beti onak daukala ezin ikusia,

Ezpabere Kaiñi ipiñi begia,

Ea Abeli beutsan arek inbidia,

Bestela zeiñek itxi gisajo andia

Eban bizitza baga lurrera ezarria?

 

Anai illtzalla zeken, Kaiñ txar andia,

Erri askotxok dauka zure irudia,

Inbidiadun etzan iñoz gure Erria,

Baña berea zaintzen naiz izan zolia,

Ama bat beti ez da arduraz andia,

Jagoteko umeai dagoken guztia?

 

O! Ama zarren zarrez makurtu egiña

Euskera urteen urtez zardendu eziña!

Jaungoiko Egiagan ipiñirik oiña,

Legegintzan ziñean aiñ asko jakiña,

Zeiñ Erri zan, zeiñ Erri, orretan zu aiña?

Zeiñek, zelan, noz ta non artu eutsun gaiña?

 

Israel Euskaldun au Kurutze Santua,

Adoretan dagotzu belaunikotua,

Mirariturik dozu begira Zerua,

Zeiñek gaur jantzi daben urdiña mantua.

Ondreta arren ondo zure jai dontsua,

Euskal-Errian iñoz ez ezagutua.

 

Emen isten zaitugu Lauburu maitea,

Utsik, soillik, ixillik ze bakartadia!

Baña txori politak zuen ardurea,

Izango al da arren, berau zaindutea,

Eskerrak egunero pozik kantetea,

Jagi ta etzatean izan Erregea.

 

O! izarren Errege, zuk bai, Eguzkia,

Goixen Lauburu oni zuzendu begia,

Artu dagizun pozik zeure abegia,

Edo egun onaren agur pozgarria,

Gabera arte ikusten deutsula argegia,

Izan dakion jargoi egogi Gorbeia.

 

Baita izar ederrak zuek arratsetan

Begiok sarri josi Lauburu onetan,

Non zuen Egillea egon zan miñetan

Adorau noizean beiñ beraren gomutan,

Lenengo banderatzat zeiñ daben altzetan.

Aingeruak gorengo berau zeruetan.

 

Azkenez zu Gorbeia etzaite arren, jausi,

Mundua mundu buru zarra zutik euki,

Gorputz indartsu ori zarden gorde beti,

Tontor orretan dedin kurutz on bizi,

Zein nai dogun adorau guk errietati,

Bedeinkatu gagizan berorrek emeti.

 

Agur! salbaziñoko gure Ankorea,

Agur! o! Gorbeiako gure estandartea,

Eskuan zaitugula Kurutze maitea,

Zuri laztan egiñaz azken arnasea,

Euskaldun danok gura geunke emotea.

Eta zure gañetik Zerura igotea.

 

                        Euskalduna, 1903, 306

                        Ibaizabal, 1903, 92

 

aurrekoa hurrengoa