www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Wecker eguzkiari

 

Zer balio du persona batek

Baldin ezpadu bistarik?

Zer da gizona, zer da bizitza

Bizitzekotan itxurik?

Naiera denak baño naiago

Nuke, o! Wecker jauna, nik

Nere begia len bezelaxen

Idukitzea argirik.

 

Gaur daño ez dit illuntasunak

Neroni eman beldurrik,

Begi argiak beti iduki

Ditut Zeruak emanik;

Illko nitzake bañan ikusi

Ezinda jarriko banitz,

Lur, ur, belarrak, andre, umeak,

Lore, eguzki ta izarrik.

 

Zentzu guziak ditugu onak,

Bañan lenbizi begiak,

Zerorrengana argatik datoz

Wecker gaur begiz eriak;

Txit urrutikan aberats aundi

Nola beartsu txikiak,

Zeren geiena balio duen

Gizonarentzat argiak.

 

Ezin zaitzaket ospatu gabe

Wecker jauna, nik gaur utzi,

Kantau bear det nai ta nai ez

Egin detana ikusi;

Donostiako andre urteak

Dituenari ez gutxi,

Beingo batean diozulako

Zerorrek ikus erazi.

 

Larogei eta zortzi urteko

Andre begiraungarria,

Kataratakin atzo itsu ta

Oraiñ zerana argia,

Izagirretar doña Frantziska

Orren zorion aundia

Nork zuri eman jaio ezpalitz

Wecker aiñ arrigarria?...

 

Egarri denak ura nai luke,

Goseak berriz ogia,

Errenak ibilpide ona ta

Gorrak belarri zolia;

Gizon bakoitzak osatutzea

Nai du beraren premia,

O! Wecker jauna, nik gura nuke

Senda deidazun begia.

 

Denak diote etzaiotela

Zuganatzea damutu,

Zeren illunak etxeetara

Argi dituzun biraldu;

Eta ni ere oro bat, berdiñ

Arren biraldu nazazu,

Zure izena ill arteraño

Kantuz dezadan altxatu.

 

Bertsoakin nik utsik zaitzaket

Wecker umanta goratu,

Aberats izan nedin mundura

Jaunak enindun botatu;

Zuri eskerrak eman nairikan

Neurtitzok ditut moldatu,

Diñ ezpadira ere jaun ona

Egin zadazu barkatu.

 

Zu bezelako gizonik iñoi

Illtzerik nik nai enuke,

Dakizulako pozetan jartzen

Bizi ziranak len triste;

Berdin jarriko nazula ere

Biotzetikan det uste,

Zeren dituzun mundu onetan

Jarri millaka ainbeste.

 

Illko baziña ere zuk utzi

Itzatzu ondorenguak,

Gutxi ateragatikan ere

Zu bezelako maiuak,

Beti izango diradelako

Begi eri ta gaixuak,

Eta ikasle zureak izan

Ditezen oiñ ordekuak.

 

Oroimengarri izango zera

Beti askoren goguan,

Jantzi zaitzala kondairak lorez

Galan-galanki buruan;

Illuna argitzen zu zeralako

Eguzki ederren munduan,

Ill eta gero izango zera

Izar ezillkor Zeruan.

 

                        Euskal Erria, 1901, XLV

                        Ibaizabal, 1903, 62

 

aurrekoa hurrengoa