www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gabon kantak

 

            Goazen, goazen,

        Zer ete dogun billatzen

            Gaur Belenen.

            Aska baten

        Ume bat ei da aurkitzen

            Ume bat baña

            Umeen gaiña,

        Eguzkia bera baño

        Askoz dana ederrago.

 

Belen inguru orretan

Zer dakit zer dan gertetan

    Gau onetan,

    Aiñ modutan

    Aingeru taldak

    Egoz zabalak

Zeruetatik lurrera

Soñu ederrak jotera

Datoz estalpe batera.

 

            Goazen...

 

Estalpe zan arek beti

Eta abereen toki

    Gaur dirudi

    Zeru bizi

    Durarik baga

    Biurtu dala,

Nik beintzat alan dot uste,

Bestelan ezin leiteke

Batu aingeru ainbeste.

 

            Goazen...

 

«Jaungoikoari gloria

Goietan», diñoe guztia,

    Kantaldia

    Aiñ aundia

    Aingeruena

    Zeiñen azkena

«Bakea daben kantetan

Lurrean gizon danetan

Borondate ondunetan».

 

            Goazen...

 

Artzainak ziar mendian

An datoz nere eretxian

    Bizkarrian,

    Gaiñ gaiñian.

    Kaiku esniak,

    Bildotz guriak,

Intxaur, gaztaiak ugari,

Sagar, gaztañak ez murri,

Ekarten Jesus onari.

 

            Goazen...

 

Gloria zelan Zeruan

Gloria dogu soruan,

    Orainguan,

    Bai neguan,

    Gaurko Eguzkia

    Jaungoikokia

Zeiñek ez dakus jaioten

Gaba dabena eguntzen

Ta Ama dontzella lagatzen?

 

            Goazen...

 

O gauza arrigarria!

Mirarien miraria,

    Zein egia,

    Ze argia,

    Igarla bada

    Aurrez esana

Orra or bete betean

Estalpe zantar batean

Mesias lasto artean.

 

            Goazen...

 

Poztu gaitezen gizonak,

Poztu zaiteze gaur andrak,

    Poztu aurrak,

    Poztu zarrak,

    Eldu dalako

    Gaur guretzako

Zorioneko eguna,

Nok dakarren osasuna

Geisorik geunkan mundura.

 

            Goazen...

 

Ongi etorri, Jesus kutuna,

Ongi etorri, Jesus zalduna,

    Ongi Jauna,

    Ongi Leuna,

    Zabaltze arren

    Ainbat lasterren

Guri Zeruko atiak,

Zeintzuk geukazan itxiak

Dirala milla urtiak.

 

            Goazen...

 

                        Euskal Erria, 1882, VII

 

aurrekoa hurrengoa