www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Jesus gure salbatzalla
lauburuan untzez josiari

 

Zure aurrean mundu zabala,

Ez dot usterik gaur kantetako uts aiña dala,

Ez dot asmorik triste nagoan egun onetan,

Iragarteko zareala Jaun goi zeruetan;

Seme Berboa, bazara bere sortu bagea,

Au gaitik ez dot eregiteko artu lirea:

Eta aiñ gitxi daukat gogoa,

Alabetako arako garaitz bein batekoa,

Noz eban nausi eta Jaungoiko zala pentsetan,

Luzbel arroak zeru danetan,

Tximista eta oñaztarrika zuk bereala,

Su gar artera betiko bota a zenduala.

 

Ez dot kantau nai, ene Jaubea,

Israeleri emoteko zuk zeure legea,

Odei artean justuri otsez guztiz itzala,

Tronpeta soñu zorrotz artean asi ziñala.

Ez dot kantauko orain Faraon lotsabagea,

Ta bere indar armada andi aiñ eskergea,

Zuk zenduala ondatu dana,

Erakutsirik zeure besoko al ta indarra,

Aiseak keia ezer eztuten daben antzera,

Beingo batean ur ondarrera,

Itxaso zati biai tope ta trilla eraginda,

Zelan bertantxe itxi zenduzan ito eginda.

 

Gaur ez dot bere pentsamentua,

Kantetako auts dozula egingo noz bait mundua,

Eta iruntsi gu oi gaituan Eriotzea,

Zuk beartuko dozula jarten iñor bagea,

Zergaitik zure arnasea dan nun nai elduko,

Eta ill ziran gizon guztiak dira biztuko.

Aiñ  gitxi bere nai dot aitatu,

Eingo jatzula juizioan ona ikaratu,

Ezta zabaldu beti-iraunak bere agoa,

Egindakoan dabela edango on zeiñ gaiztoa,

Nun zuk emongo deutsezun batzui betiko sua,

Eta besteai amaibagako zeru dontsua.

 

Jauna, Jauna, gaur kantau dot gura,

Poztu dedilla goian zerua, ta beian lurra,

Lauburu baten zu bitartean or zagozala,

Zeru ta lurra adiskidetu nai dozuzala,

Kantauko dot gaur libre gizona dala zugaitik,

Infernuaren buru danaren loturetatik,

Noren bandera su lezeetan,

Zure bandera ikusiagaz dan bildurketan;

Zeure maitea ateratera ara jatsirik,

Gaurko garaitza irabazirik,

Sugarretako agintaria erneguz dago,

Zerren lurretan agindu ezin leian geiago.

 

Sortaldetik ta sartalderaño,

Milla aingeruen ego gañetan, Jauna, zu baño

Ez dabil iñor zerren goia dan zure Erreñua,

Eta gaur barriz erosi dozu baita mundua:

O! gure Jaube, Erosla eta Jaungoiko andia!

Ez da bakarrik orain Israel zure erria,

Gu bere zure semeak gara,

Guretzat bere zure odola emona zara.

Eta aingeru antzera garbi gaituzu jarri,

Ondra au deuskuzu zuk bai ekarri,

Lauburu baten zeure bizitza eskiniagaz,

Zeruko ateak zabaldu dozuz, Jesus, beragaz.

 

O Lauburua! zugatzik noblena,

Orri, lora eta frutu gozotan,

Basoak emon deuskuen onena,

Zerren zuk daukazun iru untzetan;

Danok erosi orain gaituena,

Zugana josirik dakust penetan,

Egurrik gorri eta ederrena,

Gaur zaitudaz umill nik adoretan.

 

Kantau, gizonak, txaloka eregi,

Gerrarik dontsuen dala gaurkoa,

Lauburu dala nai nok esan begi,

Garaitz banderetan lenengokoa;

Antxe bada Jesus, egin da exegi,

Garaitute arren gaur infernua,

Ardura baga, nai nok esan legi

Zabaldu deuskula beraz zerua.

 

Gure Errege, Adanen erruaz,

Abe baten da gaur illik amaitu,

Ak zugatz baten txarra zan frutuaz,

Eban guretzako baten erratu,

Beste zugatz bat onek esleiduaz,

Orduko okerra deusku arteztu,

Erru bagea zauri zaurituaz,

Gure zauri danak dira osatu.

 

Zugatz zardena, egizuz tolestu,

Besook egizuz beruntz beratu,

Errai gogorrak orain gogor-eztu,

Ainbeste ez daizun Jesus alatu;

Bera jarri da gure ordez prestu,

Zorrik izan ez da zordundu jaku,

Libre ipiñi, gengozanok estu,

Zugaz o Lauburu! gaitu libratu.

 

                        Euskal Erria, 1889, XX

 

aurrekoa hurrengoa