www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Seme ondatzalliaren
bertsuak

 

Ai zein errukarria

Ni naizan gelditu!

Neukan dote guztia

Oso det ondatu;

Damu au biotzetik

Orain ezin kendu

Ain asko dedalako

Aita ofenditu.

 

Zein zan ni bezein maite

Aitaren semerik?

Aren amorioak

Etzeukan neurririk,

Nik, esker gaiztokoa

Guztia azturik

Igesi egin nion

Dotea kendurik.

 

Zaldi ezi bagea

Beti naiz izandu

Etxetik nintzanetik

Kanpora aldendu,

Ondamendi askotan

Sarri naiz amildu,

Ur zikin ta lasetan

Egarria kendu.

 

Sakel ta aragiari

Naierak ematen

Gau ta egunak nituan

Asko iragoten,

Arimeaz aztuta

Gorputza oso galtzen,

Gaxo au ez nintzala

Kontuan erortzen!

 

Diru ta ezer bage

Laster nintzan jarri,

Ondatuta etxean

Kendua aitari,

Lagunak ere ozta

Ziraten igarri,

Danak abia ziran

Alde egiten niri.

 

Farra ta burla asko

Ta lotsariakin

Bakar bakarrik nintzan

Gelditu oiekin;

Ala amorratuta

Nere buruakin

Basamortu batera

Iges nion ekin.

 

An ikusi nuen, ai!

Berriro eguna

Uste nuen nintzala

Txerrien laguna,

Oien zai jarri bear

Nilako zalduna

Batera lo egin da

Jan bear ezkurra.

 

Berez lotsatu eta

Nuen nik esaten

Ai! zein errukarria

Jarri zeran emen,

Lengo egun gozoak

Nun dira arkitzen?

Poz ta atsegin zoroak

Ai nora datozen!

 

Zertan ote nuen nik

Aiekin erratu

Bakarrik egiteko

Ni emen lagatu?

Estutasunen andiz

Bertan desmaiatu

Ta ez dakit nola nintzan

Bizirik geratu.

 

Puzkabat lasatuta

Nuen nik Zerura

Biotzetikan jaso

Zizpuru samurra,

Andik etorri zedin

Poz apur bat gura

Pensamentu bat laster

Eldu zan burura.

 

Ara zer pensamentuk

Ninduan ni jotzen

Aita ikusi naia

Asi san tentatzen,

Ni baño obea zala

Nintzan gogoratzen

Onek ziran atsegin

Zertxobait ematen.

 

Zeinbat geiago nuen

Berakin pensatzen

Beste ainbeste nindun

Ni orrek poztutzen,

Etzinda nengoana

Asi naiz zutitzen

Gero etxe aldera

Baita abiatzen.

 

Zer ibilte astiroa

Ze oinkada tristea,

Estutasun au neukan

Ondo irabazia!

Aitari niolako

Eman naibagea,

Saritzen izan zatan

Ondotxo kostea.

 

Orra nola ziraten

Neronen bideak,

Zentzuk lenengo ziran

Danak galgarriak,

Nor baitek nai baditu

Ibilli obeak

Nizaz zuzendu arren

Seme biurriak.

 

Negar ta sentimentuz

Nijoian bidean

Eskean mantenitzen

Lotsa gogorrean,

Onelako frutuak

Bildu bearrean,

Zaldun au jarri nintzan

Taju ederrean.

 

Noiz bait nekez elduta

Nere etxe ondora

Aitak ikusi eta

Irten dit bidera;

Auspez etzin nintzaion

Barka eskatzera

Negar eta dedarrez

Gero esatera.

 

«Aita nik zure kontra

Egin det bekatu

Eta Zeruen kontra

Baña naiz damutu»;

Il da bezela nintzan

Itz bage gelditu,

Berak laztanka elduta

Laster nindun piztu.

 

Beraren bi begiak

Zizkidan ain josi

Uste nuen zirala

Iturri bizi bi;

Nere orbanetatik

Utzi nindun garbi

Etxean sartutzeko

Ateak idiki.

 

Zer zoriontasuna

Nuela nigandu

Aitak ninduelako

Amorioz artu,

Irten baño obeto

Nintzan etxeratu,

Sekulan geiago nik

Ez det nai aldendu.

 

                        Euskal Erria, 1884, X

 

aurrekoa hurrengoa