www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eskoriatzako mediku jaun
Biktoriano Illunbe eta
bere andre Eustakiari,
Marinatxogatik berri on eder bat

 

Biktoriano, Uda il zan ta

Lurrera erori orria,

Larru gorrian argatik billox

Gaur ageri da mendia;

Orregatikan mutu badabill

Oraiñ basoan txoria,

Zure etxean, ez da oraiñdik

Gozatzen Udaberria?

Dalako bera anima zuri

Usotxo baten kabia,

Edo gorpuzdun ego gabeko

Aingeru-bizitokia,

Dirudiala alaitasunez

Paradisu bat txikia?

 

Iruditzen zait adiskidea,

Gaur aingeru bat Zeruan

Eztala ageri, ta Eustakiak

Daukala seaskatxuan;

Bere lotatik esnatutzean

Zeiñ artzen duan altzuan,

Bularra emanaz, festak egiñ

Laztandurikan musuan,

Eta negarrez badoa astera,

Ama lenago kantuan,

Ez da abiatzen dagoalako

Gau eta egun kontuan,

Bizi dakion bere laztana,

Beti eroso munduan?

 

Orretxegatik negua izan da

Zure etxean gaur Uda

Daukazutela, ongi esan det

Dalako egi ziurra;

Alaitasuna dezute utsik,

Botarik oso tristura,

Zuen etxea pozik bizi da,

Pozik bada arkitzen aurra;

Pozik amona, pozik izeba,

Eta pozarren adurra

Etzaitzu erorten zuri aotik,

Erdi galdurik zentzuna,

Abiatutzen danean farrez

Zere aingeru kutuna?

 

Mundu onetan ondasunikan

Biktoriano, bat bada,

Bera etxean dezu Zerutik

Bedinkazioz emanda;

Noren arpegi larrosazkoan

Ispillu baten bezala

Galdetu gabe bada ezautzen

Garbi noren dan alaba;

Ezta izango umetatikan

Guraso antza daukana,

Azitakoan animan ere

Aita ta amaren erara,

Erri guztiak doaiak gatik

Txit maitetuko duana?

 

Adiskidea, esaera da

Nola dan izaten ama,

Bere antzeko izan oi dala

Geien geienez alaba;

Ta Eustakia nola dan andre

Onetan ere izarra,

Bere aur polit, eguzki eder

Bi begietan dauzkana,

Esaten dizut, egunen baten

Enaiz Profeta ni baiña,

Izango dala Eskoriatzan

Loretan lore bikaiña,

Bat ez dalako izango bertan

Marina zuena aiña.

 

                        Euskalzale, 1899, III

 

aurrekoa hurrengoa