www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Kantabriako larrosea

        Euskal-erriko patroneari
        bere koronaziñoko egunean

 

Aranzazuko Izar txit eder

        Errañutsua,

Zeru goietan Jaunaren urren

        Zagozana,

Parkatu-idazu lira motel au

        Gaur, azarturik

Jasoten badot zure leku goi

        Orretara.

 

Bedeinkatua, o! Euskal-erri

        Berdez jantzia,

Zergaitik dozun itxaropen-gei

        Aiñ altsua,

Zein dan Zeruko Erregiñ eder

        Ama maitati,

Aranz artean lanosa gisan

        Agertua.

 

O! loren lora, nire kantu au

        Arren amorez,

Ontzat artu-izu, abegi argi,

        Eta txeraz,

Obeagorik, moldau, ipiñi,

        Ta atonduteko

Dagotzun eran kantau daizudan

        Duiñ ezpanaz.

 

Euskal-erriak zor jatzun legez

        Jaso zaizala,

Bera daukazu zeure oñetan

        Auspazturik,

Berak zuregan lau gizalditan

        Ikusitako,

Anditasunak alabetako

        Isoturik.

 

Berak kantau bei nire lekuan

        Ama maitea,

Berak ots begi, berak deadar,

        Berak ulu,

Berberak dei ta gaur iragarri

        Alde danetan,

Zelako dontsu emen garean

        Zuregaz gu.

 

Berak jarriko deutsu izen bat

        Ain egokia,

Deiturik zuri, Kantabriako

        Larrosea,

Zerren zarean lora guztien

        Lora Erregin,

Zenen jartoki autu zenduan

        Arantzea.

 

Anbotok pozez ikusten zaitu

        Lora ederra,

Gorbeiak barrez deutsu artuten

        Gaur usaiña,

Aitzgorri arro dago burua

        Zarden dabela,

Kerizpetuten Euskal-erriko

        Erregiña.

 

Alkarren leian gure mendiak

        Jasoten dabez,

Euren buruak zuri begiak

        Ezarteko,

Bertako artzain bertsolariak

        Egun gozo au

Dauke, kantuan, Ama, zeurorri

        Eskinteko.

 

Beste egunakaz ez dabe egingo

        Egun au bardiñ,

Zerren obeto au gura daben

        Danak ondrau,

Zergaitik euren Aranzazuko

        Ama bear dan,

Euskal-erriko Erregiñatzat

        Gaur koronau.

 

Erri guztiak agertzen dabe

        Poz bat andia,

Guztietatik Aranzazura

        Norbait dator,

Aberats andi izanagaitik

        O zeinbat oiñez!

Nekatu arren euren gorputzai

        Einda gogor.

 

Dontzella samur begiz batua

        Dator zugana,

Atx arteetan aldatsik aldats

        Aloñara,

Ume txikiak gurasoaren

        Bizkar gañean,

Mutil ta agurak etxuten zure

        Oñetara.

 

Danak guztiak Aranzazura,

        Deituten dabe,

Asko goixetik baraurik datoz

        Nekatuak,

Zure Semetxo orren gorputza

        Sakramentuan,

Artute arren geratuteko

        Indartuak.

 

Kanpaiak oska, ze goix Maria!

        Deitu deuskuen

Erdue, erdue euskeldun seme

        Eta alabak,

Ikusitera zelako koroi

        Ederra daukan,

Egun onetan jantzi dagian

        Zuen Amak.

 

Erdue bada ikusitera

        Ikusgarri au,

Sekula bere etxatzuena

        Erakutsi,

Euskal-erriak ez deustalako

        Len koroerik,

Iñoz gaur legez Patrona gisan

        Ospez jantzi.

 

Erdue, erdue aberatsak naiz

        Bardin pobreak,

Erdue, erdue, txiki, gazte, zein

        Nagusiak,

Erdue urte askogaz makur

        Zagozen zarrak,

Erdue, erdue batzuek eta

        Bai bestiak.

 

Erdue alargun, erdue ume zurtz,

        Baita geixoak,

Erdue miñez naibageturik

        Zagozanak,

Nik osatuko ditut zuen gatx

        Ta pozik jarri,

Larri ta estu illetaz bizi

        Zareanak.

 

Emen gaukazuz, ona ementxe

        Ama maitea,

Guzti guztiok zugana pozez

        Etorririk,

O! Rakel! eder, o! Judit sendo,

        Ester garbia,

Zure umeok zeure oñetan

        Makurturik.

 

Emen gaukazuz, Kantabriako

        Larros ederra,

Zelan koroia Obispo jaunak

        Jazten deutsun,

Ikusitera, etorri gara

        Onik aurrera,

Bere Patrona, Euskal-erriak

        Deitu daitzun.

 

O! zein dontsu dan Ama arako

        Maite dabena,

Zure izena zein dan izen bat

        Ain eztia,

Zure graziak sendatuko dau

        Argal unetan,

Aren arima, aren biotza

        O! Maria.

 

Iturri-urak dituen legez

        Lurrak samurrik,

Frutuak emon eragiteko

        Giro jarten,

Alantxe dozuz benetan maite

        Zaituenetan,

Justiziaren frutuak sortu

        Eragiten.

 

Zein maitegarri direan Ama

        Ta Erregiña,

Zuk atsedeten, zuk lo egiten

        Dozun dendak,

Pekatariak Erregiña au

        Ondradu daigun,

Ta jaditxiko deuskuz beronek

        Zorionak.

 

Arren zakioz Jaun altsuari

        Ondoan jarri,

Erregutu ta eskatuteko

        Gaur gugaitik,

Zure bitartez garbitu daizan

        Gure arimok,

Ainbeste erruk an itxitako

        Loietatik.

 

Zerren intzentsu errea baño

        Gozoago dan,

Baltsamoaren antzeko dozun

        Erregua,

Zergaitik ez dan jaditxi baga

        Iñoz geratu

Guretzat guztiz ona izango

        Dan frutua.

 

Orrexegaitik kantauko doguz

        Pozen pozagaz,

Orrenbesteko errukitasun

        Ugariak,

Euren miritzaz osatu-iguzuz

        Gure biotzak,

Amodiozko damuz urtuten

        Gaur asiak.

 

Zugandik utsik euskaldun onak

        Itxaroten dauz,

Baita Euskaldun-erriak bere

        Zoriona,

Bere jagola lau gizalditan

        Zarean legez,

Orain zatxakoz Ama, Erregin,

        Ta Patrona.

 

Ots, egin daigun euskaldun danok

        Bizi dedilla,

Gure Patrona Kantabriako

        Larrosea,

Bizi dedilla, Euskaldun-erri

        Fededunari,

Bere mantuaz egin dagion

        Kerizpea.

 

                        Euskal Erria, 1886, XIV

 

aurrekoa hurrengoa