www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itxasoari itaune bat

 

    Ur zelai zabal gizon askoren itolekua,

Ni bere beti bizi naz zugaz aserratua;

    Ezauerea dodan ezkero dot sinisturik

Zugaitik ezin neiala aratu oñez mundurik,

    Ontzian barriz etzaitut gura iragotea,

Arriskuetan ez dodalako nai sartutea,

    Zer diñostazu goi urdin orrek bere azpian

Zure ostetik aurkietan dan leortegian,

    Bauka au baño gizonarentzat leku oberik,

Etorkizunak dakarzan gora berak bagerik?

    Jaio ta azi, bizi ta zartu alde onetan

Ni nazalako, ibilli baga erbestietan

    Emengo gauzen aldantza andiak gaur gomutetan

Zure ondoan jarri natxatzu muna onetan;

    Zeinbat atx mendi zelai ta erreka ditut irago,

Ordu bardiñik bi erreskadan emen ez dago,

    Zeinbat eguntxo gaurko au legez jagi arrorik,

Eta etzaten ikusi ditut motel mamorik

    Zeu bere lentxo izanagaitik zoragarria,

Etzoaz puskat aldatuagaz gozo aldia?

    An olatuak abiau dira asarre antzean,

Eta or datoz alkarri danak jarraika atzean,

    Eta zeinbati gertetan jakon urreratzean,

Ondartzan gora igo ezinda ukatutean,

    Lotsaz biurtu lengo bidetik egin bearra,

Ixillduta txit onuntz ekarren barallatzarra;

    Eta o! zeinbat ondartzen ordez jotean atxa

Au apurtzeko dalako barriz zaill eta gatxa,

    Danak birrintzen dira usterik gitxienenan,

Ulu, deadar eta garrasi miñen artean;

    Ze itsua dan olatuentzat etorkizuna!

Jazotekoa niretzako dan legez illuna,

    Orrexegaitik itauntzen deutsut gaur itxasua,

Beti bat al da beste aldeko bizimodua?...

    Dantzutsut baña orroi azteko berba zolia,

Eta badazaut diñostesuna dala egia;

    Ementxe legez an bere dago aldazdun lurra,

Baita gizonak gerokoaren dauka bildurra,

    Zergaitik ara joanetatik dirutzen billa,

Lau aberastu orduko pobre dira illten milla;

    Ai! irakurri balei gizonak etortekoa,

Zuk irakurten dozun legez gaur iragokoa;

    Ni bere enintzan oraiñ ikusten nozun lakua,

Errukarriro emen itoen kanposantua;

    Au gaitik ez da zetan arritu banaz gazia,

Neu nazalako negar malkoen pozu andia;

    Ez da mirari nik egitea urrumak sarri,

Emen jazoak zerren ipini oi naben larri;

    Nire arraiñak balira legez danak txakurrak,

Dakielako jaten gizonen mamin eta azurrak!...

    Bai, banaz bere itxaso gogor antxiñakoa,

Gauza andi ta asko ikusi egiñikoa,

    Au gaiti beti ez dazaut ondo etortekoa,

Nik baño zerren barrua daukan zakonagoa,

    Orra errekak zelan datozan udan gizenak

Lege onean neguan jatsi bear ebenak;

    Dana da bada gauza bat uste, beste bat jazo,

Nik orregaitik askori deutsat negar erazo.

 

                          * * *

 

    Benetan zara zakon illuna etortekoa,

Zuri igarten alperrik nekau oi da burua,

    Ai! naiz ez izan orain artean itxaso zale,

Nor daki bertan ito egingo banaz ni bere?

    Gaur garbitzeko nai ez dodan ur lizunduagaz,

Egarria ill bear izan nei biar beragaz!

 

                        Euskalduna, 1899

                        Euskal Erria, 1901, XLV

 

aurrekoa hurrengoa