www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itxastar-baten kantua

 

Txalupa, zoakit uretan aurrera,

Ebagi egiñaz bertan bidea,

Neure bizi geia irabaziteko

Zarealako zu tresna maitea,

Baita bizileku eta etxea.

 

Umetatik deutsut zuri itxasoa,

Gura izate bat berarizkoa,

Zure altzo zabal urdiñ au jaiotzan

Da billatu neban Erri dontsua;

Zerren ontzi baten nazan jaioa.

 

Ill ziran antxiña nire gurasoak,

Eta zeruetan gaur dagoz biak,

Itxasgizona zan neure aita eta

Alan izan nai dau bere semeak,

Iruditze arren aita umeak.

 

Itxasoa dala uste dot erreñu

Eder bat, ta bera neure neurea,

Lurreko errege askorena baño

Andiagoa eta baita obea;

Eta ni bertako agintzallea.

 

Leorrean bizi diran aberatsak

Ondasun askoren dira jaubeak,

Uste dot itxasoz baña ditudala

Euki andiago eta obeak;

Lurrean diranen parebageak.

 

Banoa, banoa itxas-zabaletan,

Banoa, banoa uren gañean,

Mendien atzetik eguzkia bere

Barreka agertu oi dan goixean;

Pozik biurtzeko ustez gabean.

 

Ikusgei eder da orduan benetan

Itsasotik dogun ikusgarria,

Mendiak dirudi urregorrizkoa,

Itxasoak zeru urdin garbia,

Zidarrez arrañak dala jantzia.

 

Ontzi andi baten jaio nintzan eta

Baña, gaur bizi naz batel txikian,

Neure sareakaz arraiñak arturik

Atsegintasun ta pozen erdian;

Onelan nor bizi da jauregian?

 

Itxasoa, zaitut neure Erreñua,

Itxasoa zaitut jaioterria,

Itxasoa zaitut neure lorategi,

Arrañezko loraz dana jantzia;

Itxasoa, emen illgo banintz bere

Aitagaz izango zaitut obia.

 

                        Euskal Erria, 1901,  XLV

 

aurrekoa hurrengoa