www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Jaungoikoa eta fueroak (1)

 

Gauza bakotxak Jaunak emonda

Daukaz doe ber-bereak,

Zara eta gazte gizon zein andra

Dierri naiz probintziak;

Bardin arraiñak ta egaztiak

Abere eta pistiak,

Lege bategaz ezin litekez

Zuzendu emen guztiak.

 

Ez da ardura atera arren

Uren barrutik arraiñak,

Joan ditezen leorrez arin

Une badituez oiñak;

Egazti batek zer balio dau

Uretan barriz sartzeak?

Naiz abereak ego bagarik

Aidez igoten asteak?

 

Ezin liteke leorrez bada

Arraiñik inoz ibili,

Ez egaztirik uren barruan

Joan liteke igarri;

Ezin liteke ez abererik

Egan aidean eregi,

Eta aiñ gitxi Euskal-erria

Erdaldun oso imiñi.

 

Beraz usoa egiña dago

Ibilli dedin aidean,

Ez abereak dabiltzan gisan

Beian emen lau oñean;

Tiroz ego bat eizari batek

Baña austen deutsanean,

Zelan kantau leiz urru gozoak

Erreka aldamenean?

 

Deituko deutsut gaur zuri bere

Neure Erria, usoa,

Ez legoia ta ez arranoa

Ez belea ta otsoa;

Zarealako sotill zuri ta

Otsan leial ta gozoa,

Ego ausiaz zelan zakustaz

Usotxo biotzekoa?

 

Nun dozuz oraiñ zuk antxiñako

Urrueta eztitsuak?

Arbolapetik ipar aisetan

Nik pozez entzundakoak?

Isilldu ziran uso maitea

Mututu zure urruak,

Zure lekuan kantetan dabe

Bela baltz erbestekoak.

 

Errekatxoen ur korrontetan

Sortuten zan murmullua,

Iñoz etxatan aiñ gozo izan

Zeinda zeurorren urrua;

Mendi gaiñetan urtu bagarik

Ikusten neban edurra,

Zer zan besterik zure ondoan

Ezpada gauza illuna?

 

Erri onetan beti beti, zu,

Izan ziñan erregiña,

Zure mendean bizitea zan

Guretzako atsegiña,

Arronotzarrak etziran izan

Zur arrapetako diña,

Baña legoiak jarutigi deutsu

Atzamarkada samiña.

 

Jaunak emonik zeugaz zenduzan

Ego bi oso sendoak,

Jaungoikoa zan eskumakoa

Ezkerrekoa fueroak;

Aurrera bere gura badoguz

Egun zorionekoak,

Zeruruntz danok otsegin daigun

Betoz euskaldun egoak.

 

Eurakaz jagi gaitezen narraz

Gabiltzazanok galduak,

Anzoetatik daukaguzala

Barreka arerioak;

Jaso barriro neure anaiak

Zeruraño zizpuruak,

Eta eskatu geure egoak

Jaungoikoa ta fueroak.

 

Zer da ume bat aitagaz utsik

Baldin ill bajako ama?

Errukarria zurtza gaisoa

Gobernu andirik baga;

Modu berean neure anaiak

Gu bere aurkitzen gara,

Oitura zarrak biztu bearko

Gauz onik izango bada.

 

Asaba zarren Jaungoiko ona

Zuk errez daikezuz biztu,

Erri on oni arren errukiz

Egiozu begiratu;

Zugan ustea jarri dabenik

Sekula al da lotsatu?

Bere jagola sendotzat onek

Beti zaitu ezagutu.

 

Beronek diño zu, zara Jauna

Guretzat etzan lekua,

Nai dogu zure ego azpian

Billau osasun dontsua;

Orain bost une eizari batek

Jaurtigi eustan tiroa,

Eta osatu egidazu gaur

Zauritu eustan egoa.

 

Ez da geiago gure lurrean

Aiserik aserratuko,

Itxasoetan amorruz bagak

Ez dira atzera jasoko,

Sekula bere Egoi aldera

Ez dogu begiratuko,

Gure ontzia salbetan utsik

Indarra dogu egingo.

 

Badakigu oker ginala ari

Lenago danok begira,

Ipar aldera bearrean jo,

Zenduan eguerdira;

Orain atzera gura genduke

Laster egiñ danok bira,

Biurtu gaizuz gure asabak

Biziten ziran tokira.

 

Zu zara Jauna, Ipar bakarra,

Nogan ditugun josiko,

Biotzetako gure orratzak

Gaur danik beti betiko,

Ezaugarritzat odei zuri bat

Deuskuzu gia jarriko,

Bere ondoren oker bagarik

Kananen gara sartuko.

 

Alperrik dira Ejipton barriz

Odeiak burrukatuako,

Alperri euren zauri-odolaz

Ibaitzarrak gaineztuko;

Alperrik trumoi burrundariak

Sorua dardaratuko,

Atxen txuntxurrak zir zart tximistak

Alperrik lurreratuko.

 

Aurrera zuzen joango gara

Batera basamortuan,

Aurrera, aurrera, leorrez legez

Bardin bardin itxasuan;

Aurrera... eta Jaungoikoari

Deiturik itxas onduan,

Urak erdi bi eten da doaz

Igez bildurti moduan.

 

Betor su ta gar, nai badau bere

Jarrai Ejipto guztia,

Damuz beterik Israeleri

Libre joaten itxia;

Baña jaristen noz ondo daben

Itxaso erdi-erdia,

Ur danak trilla eginda deutse

Illgo amorru guztia.

 

Dakialako Jaunak emoten

Danai euren alogera,

Erri leial ta baita mukerrai

Irabazita daukena,

Itxas erditik eroaten dauz

Onak baterik bestera,

Txarrak botaten ondarreraño

Arraiñak gizendutera.

 

                        Revista Euskara, 1881, IV

 

aurrekoa hurrengoa