www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Maria orban bagarik sortuari

 

Pozik zakuse begiok izar paregabea,

      Distiatuaz argia,

      Bestek ezlako bizia,

Dirudizula goi-zeruaren irri-barrea,

Dozuna jarri soru illun alegerea:

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

Askatu nairik balitza legez ulle kordea

      Ikusten dot iturria,

      Zidar antzeko zuria,

Ta mur-mur gozoz iragarririk gertaerea,

Zerren gaurkoa bardin bagarik jakun zurea,

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

Zarikak pozez kolkoan nai dau ezkutetea,

      Erretxiñola zolia,

      Txori kantari nausia,

Bere soñuak dauke garbiro esan gurea,

Sekula baño gaurkoa dala egun obea,

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

Aixe gozoak nai leuskizue ume maitea,

      Emon laztan bat guria,

      Lirioak ein jantzia,

Zerren zuririk zuk dirudizun usokumea,

Iragarteko olibo adarraz guri bakea

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

Bersolariak botaten deutsu gaur aterea,

      Neurtitz asko egokia,

      Jarririk soñu barria,

Jaungoikoaren Erriak barriz esperantzea

Egun onetan atsegindurik dakus betea,

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

Ulu egiñaz deika dagotzu zuri jentea:

      «Goixeko izar argia,

      Munduaren pozgarria».

Gaur dazulako bildurrez jarri zuk illunpea,

Baita zauritu burua ausiaz bere Erregea,

      Daukazulako sortuerea,

      Orban bagarik Maria,

      Jesusen Amagarria.

 

                        Euskal Erria, 1889, XXI

 

aurrekoa hurrengoa