www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Maria pekatu bagarik sortuari

 

Arrigarrizko edertasundun Andra andiak,

Sara, Judit ta Rakel eta zu bere, Diña;

Benus da Palas eta Pandora zoragarria,

Zeiñ ederrago gaur daikezue alegiña;

Zeiñ ederrena zaren zuekan ikusi daigun,

Zeiñek dozuen galantasunez artzen gaiña;

Baiña jakiñ bei zuen artean galanten danak,

Beste bat dala aren artean gaur bikaiña.

 

Ausaz bazare izarren gizan erraiñutsuak,

Beste au jaku gitxienetik Iratargi,

Eta bazare Iratargiaz benturaz bardin,

Gaur sortu jakun neskatilleau da Eguzki;

Enparau Andra guztiak baiño baldin bazare

Galantasunez mundu onetan ikusgarri;

Beste au jaku gizon ta andra aingeru eta,

Bere Egila danaren bere zoragarri.

 

Gizaldi danak baiño lenago berau egoan,

Jaungoikoaren gogamenean ikusirik;

Izango zala lenendaria egin danetan,

Bera aiñako miragarri dan bat bagarik;

Lur-itxasoak, mendi-errekak egiterako,

Aurkietan zan Jauna beragaz itsuturik,

Danak guztiak baiño lenago zergaitik laztan

Eban Dontzella aiñ ederra dan au bakarrik.

 

Aiñ da galanta, aiñ da ederra, dontzella ori,

Dirudiala Kadesen azi dan palmea;

Bere mosuak begitanduten deusku biziro,

Larrosa eta jazmintegizko  baratzea;

Bere begiak egun sentiko izarrak dira,

Karminezkoak ezpanak bata, zeiñ bestea,

Ume orregan garbi dakusgu Jaungoiko batek,

Bota dabela bere eskuaz arraiea.

 

Bera dalako utsik bagea gauza danetan,

Garbi ta argi, illuntasunik iñon baga;

Barak gizondu, nai eban gorputz aragizkoa,

Garbia izan bear zan nai ta nai ez bada,

Izan bear zan iturri urdun berarizkoa,

Bere bizian loirik ikusi ez ebana;

Izango bazan bertako ura Jaungoiko oso

Garbiak eta guztizko Santuak edana.

 

Zelan ezeban bada egingo orban bagarik,

Bere Amatzat izango zana bakarrik duiñ?

Zelan ezeban beste danetan baiño geiago,

Begiratuko akatz-bagea izan zedin?

Bestela, zelan garbitasuna berbera zanak,

Soiñeko loiaz gurako eban jantzi egiñ?

Jaungoiko batek ori egingo ebala uste,

Dabenak, dauka fede txarra ta burua arin.

 

Eldu zan bada, eldu zan nozbait, nai zan eguna,

Jaungoiko baten Ama duiñ zana sortuteko;

Eldu zan bada, bein bere gertau etzan gauza bat,

Gizonarentzat zorionean jazoteko;

Eldu zan bada, errua edo grazia goian,

Burruka garratz baten ostean ikusteko.

O! Ze garaitza baiña graziak jaritxi eban,

Arerioa azpiratuta itxiteko!

 

Orrexegaitik garailariak bandera eban,

Inkau Dabiten Gazteluaren gaillurrean;

Ezebalako sugeak topau sartulekurik,

Alako Torre galanta sortu izatean;

Zeiñek eukazan jagola zintzo arduratsuak,

Aurrez jarrita bere inguru dan danean,

Agaitik ezin arterik topau al izan eban,

Barruratzeko Paradisura zan antzean.

 

Mirari guztiz arrigarri bat bene benetan,

Une atan da egiaztu ta gertatua;

Mirarigiña barriz bakigu, nai dabenean,

Izan oi dala gure Jaun eta Jaungoikoa;

Dakialako bide eder bat laster sortuten,

Alde bitara atzeraturik itxasoa;

Dakialako amatau baga suari kentzen,

Erre egiteko berez dakarren amorrua.

 

Oneik ta asko geiago egin dituan Aitak,

Ezin eikean loituten itxi alabea;

Beste ainbeste al daben Seme arduratsuak.

Ezta ezaintzen jarein Ama on, ain maitea,

Bataz legetxe besteaz bardin dan Espiritu

Santuak nastzen aiñ gitxi largau emaztea;

Irutasunak ezin eikean zabalik itxi,

Txerren sartzeko, beretzako zen Eleizea.

 

Bere inguru eta urretik, bere kanpora,

Bioa, loia, baita beraren kerizea;

Bera bai, bera, infernuraiño Luzbel guzurti

Ainbeste gatxen eta okerren ekarlea;

Armada andi itzalgarri bat norentzako dan,

Oraiñ sortu dan ume graziaz txit betea;

Zeiñek oiñagaz ari burua triskau egion,

Sortu da sortu itxaroten zan Dontzellea.

 

Au alan dala zintzoro danok siniztzen dogu,

Pio andiak fedetzat euskun iragarri;

Beretzat daukan irakastegi gorenengotik,

Adierazo eutsan garbiro munduari;

Gloria! bada emon daiogun al dan bestean!

Garaitzak kantau, gaur sortu jakun umeari

Ez eutsalako erruak iñon bere ikutu,

Sortu zanean zorioneko Mariari.

 

                        Euskalzale, 1897, 1

                        Euskal Erria, 1898, XXXIX

 

aurrekoa hurrengoa