www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Maria guztiz santeari
bere sorrera garbiko egunean

 

                        Ene adiskide on Ramon Artola
                        Euskerazko ipuiñ asmatzalle bikaiñari

 

Largau al dozu zeure bidia

        Izar-erria?

Mutu biurtu zeure orrua

        Zuk itxasua?

Urakan ezaiñ zantarrak,

Nun dozuez egotzarrak?

Nun txistuzko deadarrak?

 

Nik belarrian zer dantzut bada

        Soñua ezpada?

Baña soñu bat, berarizkua,

        Aiñ eztizkua,

Zeñek naukan zoratua,

        Nok dirudian,

        Ene eretxian,

Zerutik jatsitakua,

Ez beiñik bein lurrekua,

Aiñ gitxi gizonezkua.

 

A.... Dabid, Dabid da parebako

        Soñu alako

        On jotzallea.

        Bere lirea

Da entzuten dodana nik,

Emen ez dago dudarik,

Ez dodalako besterik

Gaur daño entzun oberik.

 

O kantalari gorenengua!

        Zu Jaungoikua

        Alabadua

Zara ainbeste salmugaz,

Itz ederrezko kantugaz,

O zenbat arpa soñugaz

Ni gaur poztuten naz zugaz!

 

Egun onetan gauza guztiak

        Alegeratu,

Aren salmoak gaur, gaur mendiak,

        Gaur barriztatu,

Jaso bai, jaso, zankoak

Eginaz gora saltoak,

        Arrituak

        Ta zurtuak

        Geldituak

Jarri zaiteze zeruak

Entzunik beeko-kontuak.

 

Begira zelan gaur poztu daben

        Sortu danaren

Sorrera garbiak luna,

Eta dan oso ziurra

        Izango dala

        Jaunaren Ama

        Ta dan Alaba

Ta esposa-gei laztana,

Bere Tenplutzat aiñ diña

Berak dalako egiña.

 

Erdue beera, beera bai beera,

        Gure aldera

        Onuntz lunera,

Erdue bai aingeruak,

Itxita goian zeruak,

Joagaz goiko soñuak

Makurtutera buruak

Apal jarririk eguak.

 

Anak dakanen ume sortua

        Loi bagakua,

        Mirarizkua,

        Da txit autua,

        Txit esleidua,

Eba baño askoz obea,

Erru guztitik librea,

Danoen Erregiñea,

Goi eta beeko Andrea.

 

Zaindu zuek au bear dozue

        Alabaizue,

Zergaitik bere sorrera

Dan uts uts utsik ederra

Zergaitik bere sorrera,

Edo bere asiera,

Dan uts uts utsik ederra,

Azpiraturik okerra,

Txerren zital ta mukerra,

Maite dabena ezkerra,

Engañetan ez alperra.

 

Baña alperrik suge gaiztua,

        Amorratua,

        Eingo-k orrua,

        Ire burua,

        Zana arrua,

Daukak lertua,

Joan dok ire aldia,

Sortu dok seiñ bat andia,

Goixeko izar argia.

 

        Nun al eikean

        Suge dongea?

Justiziako Eguzkiaren,

        Ama danaren,

Argitasuna illundu,

Edertasuna ezaindu,

Edurtasuna orbandu,

Eta pekatuz zikindu,

Eginik gugaz bardindu?

 

Ori, ori dok, on guretzat,

        Mundukoentzat,

        Egun-sentia,

Ire illunpeen etsai andia,

Ire sareen triskalaria,

Ire ekatxen garailaria,

Jaungoikozko illargia,

Eguzkia duiñ argia,

Eta bere bekokia,

        Ain garbia,

Tristeen poztugarria.

 

        Larritu ari,

        Sierpetzarra,

        Or lotsaz jarri,

        Dragoi zantarra,

        Alper ulu,

        Bardin oiu,

        Zeinda txistu,

        Naiz estutu,

        Ta biurtu,

        Ta amorratu,

        Edo okertu,

        Kiribildu,

        Ta kizkurtu,

        Eta sutu,

Alperrik eingo az nekatu,

Mariak au gaur apurtu,

        I beeratu,

        Au goratu,

Egingo juat aurrera,

Kantaurik bere sorrera,

Dala bakarrik ederra,

Eta bere etorrera,

Zorionduna lurrera.

 

                        Euskal Erria, 1887, XVII

 

aurrekoa hurrengoa