www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Kurutzearen oñean dagoan Mariari

 

Maria da, bai, Jaungoikoaren Ama garbia,

Maria bere tortola samur uso zuria,

Maria iturri amodiozko bizi bizia

Maria lora usaintsu eta dana eztia,

Maria ekatx ondoko arku bakegarriya;.

Eta Maria gaur da ume bat errukarria.

 

Maria da, bai, agintarien gorenengua,

Mariak dauka Iratargian oñen sorua,

Mariak dauka Zeru altuan jazarlekua,

Mariak utsik Eguzkizkoa bere mantua,

Maria da, bai, Jaungoikoaren urrengokua,

Eta Maria ikusten dot gaur larritua.

 

Maria da, bai, pasiño-lora, lora arteetan,

Judea aldean ikusgarrien gois guztietan,

Maria da, bai, perla añ zuri zurienetan,

Maria da, bai, bedeinkatua emakumeetan,

Maria ederren Jaungoikoaren begi bietan

Eta Maria gaur larriena andra danetan.

 

Mariak beti negartiari erruki deutsa,

Mariak dauka bidaztientzat beti laguntza,

Mariak dau, bai, beti, gordetan ume bat zurtza,

Baldin badago «Ama!» uluka bereganuntza,

Eta Maria orra or bera, gaur zizpuruka.

 

Zelan, Maria, zakust or baltzez añ estalia?

Zelan Siongo ateetan zagoz añ negartia?

Zelan gelatik bakar bakarrik ona etorria,

Illun jarriko dalako laster gaur Eguzkia,

Ikuste ez arren billos billosik bere Nausia?

 

Zertako baña Kalbariora gaur igo zara?

Zertako dozu añ bide latza irago, Ama?

Zertako dozu ikusi gura Bildots otsana,

Gure okerrak zuzentze arren gaur ilgo dana,

Abe orretan lotsagorrian errurik baga?

 

Nok sartu deutsuz ainbat ezpata orren zorrotzak?

Nok erakutsi alako min ta oñaz garratzak?

Jerusalenen sopinduteko negarrez autsak,

Aisetan egan egiñik zure zotin mingotsak,

Sentimentutan ausiteraño askoi biotzak?

 

Goldotaraño erdu, gaur, Eden, odol zalea,

Ikusitera emen Ama bat penaz betea,

Gura deutsuna orregaitiño parkatutea,

Nai bazenduke zeure okerren damua artzea,

Kurutz-oñean arinduagaz bere penea.

 

Erdu, bai, erdu, Salen nasai ta loia, onera,

Kurutz-oñean Dontzella oni begiratzera,

Eta kurutzan ikusiagaz Inri berbera,

Etzara jausten berta-bertatik auspez lurrera,

Ama ainbeste samindu oni parka eskatzera?

 

Edola bere, erdu, arren, zu, Malen leiala,

Baita Siongo dontzellak bere erdue bada,

Erdu, zu, bere, Jesusen alde, Joane laztana,

Ebanjelioz jarri dagizun zearo dana;

Zelan dagozan ordu onetan Jesus ta Ama.

 

Begira, Joane, baldin badozu biotz sendorik,

Ete dagozan iñon Seme ta Amau lakorik,

Kurutzan bata, narru gorrian añ lotsaturik,

Esku ta oñak iru untzegaz gogor josirik,

Gaizki esalez eta borreruz inguraturik,

Eta erdian Jesus ta Ama penaz beterik,

Betiko Aitak baleukaz legez deslai itxirik.

 

Kurutz-oñean aurkituten da Ama gaisua.

Kurutzeruntza jasorik dauka bere burua,

Kurutzan dauka bere begien egon lekua,

Kurutzan dauka bere biotz ta bere gogua,

Nai leuskiona emon, al balei, azken mosua,

Eta al balitz beragaz antxe il gaur batua,

Dalako bera bere Jaungoiko egiazkua,

Dalako Aita, eta dalako bere Esposua,

Dalako Jesus, erraietako bere Frutua.

 

                      * * *

 

Iya Jesusen begiak dira, Joane, illuntzen,

An arnasea zelan doakon iya gelditzen,

Ara burua zelan lurreruntz jakon jausiten,

Orain arimak beste mundura iges egiten,

Bizitzagiña bizitza baga dabela itxiten.

 

                      * * *

 

Bizitza baga or Lauburuan bizitza giña,

Bizirik orra, bere oñean, Ama Birjiña,

Bizirik, baña, gelditu arren gure Erregiña,

Bizirik dago damuzko uretan ito eziñda,

Bizirik dago; baña añ estu daukan zotiña,

Iragarteko ez nazalako ni barriz diña,

Gelditu nadin mutu bat legez isill-isilla,

Esan dagien sentiezkorrak beronen miña,

Eta Golgotan zer pekatua gaur dan egiña.

 

                      * * *

 

Ona dardaraz, lurra guztia ikaratua,

Jesusen etsai izan dan asko an bildurtua,

Egun erdian Zerua gaur da izan gautua,

Orain Tenpluan kortina berez an, urratua,

Izate dana begira zelan dan aldatua,

Ta orra arrien, orra obien sentimentua,

A da apurtua, au azkatua, illa biztua,

Dana damua, dana estua, dana da izua,

Izate dan ainbesteraño da larritua,

Zeñek dirauskun ill jakola gaur, Jaube altsua.

 

                      * * *

 

Ill da danoen Egillea ta Jaube bakarra!

O da, Maria, ill da zeurorren bizi laztana!

Ill da, bai, ill da, sekula bere ilgo ez dana!

Ill da a baña, etzakiguz ill, arren, zu Ama!

Illten bazara zure Semea ill dan erara!

Illtzaka, zelan ume zurztuok biziko gara?

 

Negar egizu kurutz oñean, nasaitu arte,

Negar egizu, baña, ill baga, o Ama maite!

Zerren Arbola orren frutuak jaio ta ainbeste,

Zeru zabalak egingo diran arimaz bete.

 

Negar egizu, negar, bai, Ama, kurutz-oñean,

Negar egizu alargun legez bakartadean,

Baña poz zaitez, Ama Semeok, oñaz artean,

Dozuelako gizona jarri libertadean,

Demoniak eukana iya bere mendean.

 

Negar egizu, daukazulako zuk erraietan,

Atsekaberik eskergeena ordu onetan,

Baña poz zaitez, Ama larria, onaz danetan,

Bigarren Jesus zarealako modu orretan,

Gure arimen salbaziñoko lanbideetan.

 

Negar egizu, lirio zuri Nazaretarra,

Belendik eta Kalbarioko gañ onetara,

Onatz danetan zendualako aurkitu narra,

Baña poz zaitez, zaitugulako zu irakasla,

Zeiñ bide dogun erakusteko zeruetara.

 

Negar egizu arren dakidan Jauna samurtu,

Negar egizu nik dodalako illik largatu,

Negar, zu bere zaitudalako asko alatu,

Negar, zergaitik sarritan egin dodan pekatu,

Baña, oraiñ, ni, zelan benetan nazan garbatu,

Negar gura dot nik bere egin ta, Ama parkatu,

Negar egunez, negarrez gabez, nai dot jarraitu,

Negar artean negarrez nadin illik geratu,

Negarrok, Ama, egite arren zuri leortu.

 

                        Revista Euskara, 1883, VI

                        Euskal Erria, 1883, VIII

                        Euskalzale, 1897, I

 

aurrekoa hurrengoa