www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Askoren arteko bateri

 

Pabo-real bat baino pitxiz beteago,

Jantzirik etzenbiltzan bart beranduraino

Dantzan jira biraka, ara jo, ona jo,

Salatzar andi baten galaiakaz arro?

 

Eta, nok siniztu lei Eleizan goizean

Ikusi zaitudala debota-artean,

Santatxo bat legetxe eurakaz naztean,

Komunioan artzen Jesus biotzean?

 

Zeinek siniztu daike au dala egia;

Ikusten dogun legez goian eguzkia?

Nok ukatu leike, nok, ain egi argia,

Testigutzat badago erri bat guztia?

 

O! baina begiratu-ezketino zuri,

Buru, begi, arpegi ta soinera zoli,

Etzenduan agiri zer zarean garbi,

Itanduten ibili bagarik inori?

 

Zelan bada izanik larrosa zorua

Maitatuten dozuna uts utsik mundua,

Iruditu nai dozu bioletatxua,

Komulgetako makur jarririk burua?

 

Zelan azartzen zara urreratutera,

Beata-antza arturik, altara-aurrera,

Baldin bazabiltz beti kanpoan bestera,

Mundutarrak ibili oi diran legera?

 

Zelan eztozu, zelan, atzera egiten,

Zeruak itzal santu bat deutsenak artzen,

Kopoetik kanpoan danean agertzen,

Bazaitu deabruaz baturik ikusten?

 

Dantzan zeugaz zenkarren autsdun soñekoa,

Jantzita loitutera zoaz mai santua?

Eztozu onezkero ezaindu naikua,

Aingeruen Ogia jaten dan lekua?

 

Zelan dinotsut, zelan o! dama gangarra!

Zabiltzana kanpoan iji eta aja,

Bertan sarturik larri, bildur ta ikara,

Ilda bapaten jausten lurrera etzara?

 

Eztozu bein itxiko bat edo bestea?

Ez al dakizu zer dan alan bizitzea?

Zelan ezin dana dan Jaun bi serbitzea,

Jesus ta deabruaz lagun izatea?

 

Zoaz, dama nazaia, urrin altarati,

Zoaz; deabruagaz bizi zaitez beti;

Zoaz, galai lagunai ezeiozu itxi,

Laztan paltsorik baina ez emon Jesusi.

 

                    * * *

 

Baina, gura dozunak Madalenak legez,

Etxun bene-benetan Jesus-gana auspez,

Berak artuko zaitu gogoz, ez asarrez,

Bazoakoz damuz ta dantzetatik ines.

 

                        Euskalduna, 1897, 61

                        Euskalzale, 1897, I

 

aurrekoa hurrengoa