www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aldizkarietan argitaratuak eta beste
Felipe Arrese Beitia
1880-1905, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak, Felipe Arrese ta Beitia (Itziar Urrutia Zorrozuaren edizioa). Bizkaiko Foru Aldundia / Otxandioko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gora Iñazio
ta iñaziotarrak

 

Nor da arako gizon

Umillik burua,

Dakarrean itxirik

Albora Mundua,

Bizilekutzat nairik

Toki ezkutua,

Laguntzat nai dabela

Beti liburua,

Ezpadago egiten

Errege Santua,

Bigundutea gaitik

Zeru gogortua?

 

Nor da arako gizon

Zoli dagoana,

Gau eta egun beti

Egiteko lana,

Lagun urkoarentzat

Onerako bada,

Eriotzea gaitik

Bildurtzen eztala,

Erakarteagaitik

Itsua argitara,

Ta bizitza onera

Dongea ta txarra?

 

Nor da arako gizon

Kolorga zuria,

Abadeen antzera

Baltz utsaz jantzia,

Aratu nai dabena

Mundua guztia,

Ereite arren nai non

Fedeko azia,

Oiñpeturik guzurra,

Jasorik egia,

Emote arren beti

Jesusi gloria?

 

Nor da, nor da gizon bat

Otzan ta mantsua,

Nor bigun, gatxik baga

Ardia lakua,

Arerioen kontra

Aurrera arlua,

Daroiana, egiñaz

Gerra bat santua,

Alperrik bere kontra

Jarri infernua,

Baita beragaz naste

Sarritan mundua?

 

Onezkero edo nor

Dago igarrita,

Nai ta ez gizon ori

Dala Jesuita,

Geutarra dogulako

Barriz euren aita,

Orregaitik goratu

Daigun uluz deika,

Odeietatik gora

Bera eregita.

 

Gora! Gora Iñazio

Gipuzkoatarra,

Odolez zareana

Baita bizkaitarra,

Goian zagozalako

Euskaldun izarra,

Entzun eiguzu, arren,

Gaur gure dearra;

Bizi bedi Iñazio,

Geure erritarra!

Jesusen Lagundia

Ipiñi ebana!

 

Iñazio, alan bere

Gaur fede bageak,

Nai leuskizuez kendu

Mundutik semeak,

Baña, diraen arte

Adanen umeak,

Iraungo dau zuk jarri

Zenduan taldeak,

Alperrik kontra jagi

Guzurren zaleak,

Zer al lei atxen kontra

Itxas aserreak?

 

Atxean zuk eregi

Zenduan etxea,

Iñazio azkarra,

Patroe gurea,

Jesus berbera bazan

Erakustzallea,

Zeñek bota gaztelu

Orren errimea?

Zeñek ta nok zatitu

Berorren ormea,

Baldiñ orrentzat makal

Bada burdiñea?

 

Iñazio, diñoe

Arro mundutarrak,

Eurak dirala oraiñ

Murugiñ azkarrak;

Ondartzan diardue

Baña egiten lanak,

Alan, ez ete dabe

Lurra joko danak,

Bardin jo egin beben

Lenagoko zarrak,

Ziralako guztiak

Zimendurik bagak?

 

Iñazio, agertu

Gaur jaku mundura,

Argiaren izenaz

Electra illuna;

Baña, zelan leiteke

Egi izan guzurra,

Artuagaitik onek

Antz edo itxura,

Baña biotza josi

Dabenai Zerura,

Zeñek sartu leioe

Bertara bildurra?

 

Non al leikie orreik

O! Santu kutuna,

Igo zure semeak

Al daben lekura?

Nondik otso arroek

Jan ardi biguna,

Onen Artzaiña bada

Guztizko Alduna?

Nok nai baleu idigi

Einda laster lurra

Bota baleikez erraz

Danak infernura?

 

Utsik ez dau emongo

Ez, zure taldeak,

Jesusek beti gorde

Oi deutsuz semeak,

Laguntzera botarik

Aingeru errimeak,

Millak gitxi badira

Urrengo milloiak,

Eta goiak guztiak

Badira zureak,

Zelan artu legiez

Txuntxurrak besteak?

 

Ez daukagu dudarik,

Garaitza zurea

Da bai, Jauna dalako

Glorien jaubea,

Bere gloriagaitik

Utsik banderea

Zuk dozu eregia

O! Santu gurea!

Alperrik gaur dan askok

Tomasen fedea,

Sekulako biztu zan

Jesus Erregea.

 

Azkenez Iñazio,

Erriko ondrea,

Iñazio andia,

Euskaldun semea,

Lagun eiguzu biztzen

Asaben Legea;

Zaindu nai dogulako

Guk euren fedea,

Fede orregaz naste

Len zana gurea,

Euskaldun biziera

Au baño obea.

 

                        Euskalduna, 1901, 193

 

aurrekoa hurrengoa