www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa  

100
ERAKUTSI ONA

 

        Orain idaztera nuan ipui au, ez da nerea, mexicotar Don Vicente Riva Palacio, idazle ospetsuarena baizik: Polita dalako, ta neure semea Riva Palacio jaunaren illoba baten senidea dalako dakart euskeratuta ipui abetara.

        Mexi'co'ko egoaldean bero aundia egiten du Mexico'tarrak lur beroa deitzen diote. Lurralde orretako erri txiki batean, orain urte asko dalarik, Don Lucas Forcida izena zuan jaun on bat zuten eskola maixu. Erriko biztanleak oso maite zuten eskola maixu au. Ainbeste urtean egun batean ere ez zuan bere eginbearra utzi.

        Don Lucas, bakarrik bizi zan; tira, bakarrik ez, morroitxo batekiñ eta emen «lorito» esaten dioten txori batekiñ. An, Mexico'n egazti oyeri, «periquito» deitzen diote.

        Don Lucas'en etxea, eskola zegoan lekuan bertan zan, eta loritoentzat, eskolako ate gañean zeukan leku polit bat, kerizpean, eta eskolako mutil koskorren eskuetatik urruti; bada ezpada ere.

        Arratsaldeko bostetan mutillak eskolatik erteten zutenean, Don Lucas'ek kalera erten oi zuan; sumitzezko silloi aundi batean exeri, eta txokolatea artzen zuan. Berak eta «lorituak» erdi bana; oso maite zuan bada Don Lucas'ek egazti berritxu ura.

        Don Lucas eskolan ari zanean loritua ixil zamarrik egoten zan; naikoa ziran mutil koskorrak egun guztian esaten zituzten kantak, bada sasoi aretan eskolan gauza guztiak kantuan ikasten ziran, nai Kristau Ikasbidea, nai «Bi bider bi, lau, Bi bider iru, sei... nai irakurten ikasteko letrak... Dana kantuan, eta kantuen bitartez. Baña kantu triste ta aspergarria. Eta Don Lucas gizajoa, berrogei urtean egunero kantu ayek belarrian zituala bizi zan.

        Baña arratsaldeko bostetan kantuak ixiltzen ziran eta Don Lucas eta bere egaztiak alkar maitatzen zuten. Don Lucas'ek ematen zizkion txokolatean bustitako ogizatiak eta «lorituak» zekizkian berritxukeri guztiak esaten zizkion.

        Eta au onela izaten zan arratsalde guztietan.

        Urte batzuek onela igaro ziran eta Don Lucas'ek ain maite zuen «loritua» eta aiñ zegoan siñistua lorituak ere bera maite zuala. Augaitik ez zion egorik ebaki.

        Egun batean, goizeko amarrak inguruan, mutil batek deitu zion Don Lucas'eri: —Maixu jauna, maixu jauna! «Perico» igesi dijua— Don Lucas eta umiak erten zuten ariñiketan atera, eta ikusi zuten «perico» bizirik al zuan aguruena egazka nola zijoan eskergabe ura, andik urrutira ikusten zan baso batera, mexico'tarrak Huasteca —esaten dioten basora, bera bezelako millaka ta millaka egazti berritxuz beteta zegoan baso batera.

        Ezin zeikean igesi zijuana arrapatu eta Don Lucas gizajoak, barrun-barrundik erten zion zotiñean «Jaunak nai duana izan bedi» —esan eta eskolaratu zan, eta gauza negargarri ura gertatu ez ba'zan bezelaxe, bere lanari jarraitu zion.

        Udarako oporrak eldu ziranean, Don Lucas'ek auzo erri batera Juan bearra izan zuan. An, auzo erriak, irurogeita amabi edo larogeitalau kilometro bidean daudenak dira, ta Don Lucas egun-sentian erten zan bere etxetik zaldi-gañean.

        Arratsaldeko ordu biak aldian Don Lucas Huasteca esaten dioten baso ingurura eldu zan. Txoriak eta piztiak beroaren-beroz zugatzen kerizpean lo sorroan zeuden, ixil-ixilik, ilda bezela.

        Bat-batean, Don Lucas'ek bere eskolan ete zegoan uste izan zuan, bada argi ta garbi entzuten zuan bere mutillen eskolako kanta: —«la, le, li, lo, lu; ba, be, bi, bo, bu; erre a ra, erre e re...».

        Arrituta, zaldia gelditu zuan, eta basoruntz begira jarri zan. Berialaxe basoko zugatz batzuen abarretatik «lorito» mordo bat jaso ta egazka asi ziran «erre i ri, erre o ro, erre u ru...», astiro astiro kantatuaz. Egazti pilloa bere buruan gañetik igaro zan, eta danen atzetik beste lorito bakar bat zetorren, eta Don Lucas'en urretik igaro zanean, alai-alai esan zion: —«Don Lucas nik ere ba daukat eskola».

 

aurrekoa