www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

28
AGUR ETXEKOAK!

 

        Egualdi txarra zan illuntze baten Altzerreka'ko etxe batean eskale batek atea jo zuan. Txapela erantzi zuan eta «Etxe onetatik erten duen ildakoen animen aldez; «Aitagurea...» erresatu zuanean, etxekoandreak: —Zartu zaitez barrura, esan zion; sutondoan berotzera, aparia emango dizugu, eta gero belar legorren gañean lo egingo dezu. Ikusten danez, etxekoandre au biotz onekoa zan, Jaungoikoaren izenean, etxez-etxe, eskian zebillena, onela bere etxean artu zuanean. Jaungoikoak ordainduko zion merezi zuan bezela. Berak esan zuan ba Bere izenean emandako, ontzitxo bat bete urik ere, sari gabe ez duala utziko.

        Etxeko-andrea, aparia egiten ari zan; lapiko aundi bat bete berakatz sopa, beste lapiko bat bete gaztaña egosi, eta talua ta esnea.

        Tximini ondoan makilla batetik ixegita, amabi odolki, eta buskantz aundi bat zeuden. Eskaleak esan zion: —Ze odolki ederrak; etxeko txerrienak noski?

        —Bai, ala dira ba. Abek, askenekoak ditugu, ta gure Joxe Mieltxok, amabi apostoluak eta Jaungoikoa, dirala esan zigunean, naikoa parre egin genduan. —Jose Mieltxo sazpi urtedun etxeko semetxoa zan—.

        Euskeldun onak bezela, maya bedeinkatu., eta «guraso zarren animen aldez, Aitagurea erresatu eta apaldu zuten. Berak jan zuenetik, su ondoan zegoan eskaleari eman ere bai. Apal ondoan, gizonak artua aletu, eta emaztiak ontziak garbitu, ta sukaldea jaso bitartean, Errosarioa errezatu zuten eta ogeratu ziran. Eskaleari —erakutsi zioten, belar legorra zegoan lekua, eta etxea ixiltasunez bete zan.

        Biaramon goizean, egun sentian eskalia jaiki, ta juan zan sukaldera ta, amabi odolkiak artu, ta sakuan sartu zituan, eta atea ireki zuanean deadar egiñ zuan:

        —Agur etxekoak, milla esker; amabi apostoluak neurekin, eta Jaungoikoa zeuekiñ!

        Eta etxekoandreak, oetik, erantzun zion: —Agur, eta Jaungoikoa ere bai, Jaungoikoa ere izan dedilla zeurekiñ.

        Au entzun zuanean, eskalea sartu berriro sukaldean, artu buskantza, sakuan sartu, eta etxetik erten zan, amabi ipostoluak eta Jaungoikoa berekin zitualarik.

        Etxeko andrea sukaldera etorri zanean, ayeneka asi zan, odolkiak eta buskantza tximini ondoan ez zitualako arkitu, eta senarrak esan zion: —Zeure baimenakin eraman ditu, emakumea, ark garbi esan du, nola daramazkian. Eta andreak zion: —Au izan da, apostoluen eta Jaunaren izena odolkiari ta buskantzari eman dizkioguzalako. Umeak ori esatea... tira, baña guk, bai dakigu, Jaungoikoa'ren izena orrela ez dala erabilli bear. Eta egia esan zuan andreak.

 

aurrekoa hurrengoa